Argindarra telefonoz kontratatzea debekatuko du Espainiako Gobernuak

Salbuespen bat izango du debekuak: bezeroak espresuki hala eskatzen badu egin ahal izango du kontratua telefono bidez. Gutxienez 600.001 euroren isunak izango dituzte araua hausten dutenek.

Pertsona bat argindar faktura bati begira, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Pertsona bat argindar faktura bati begira, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Iker Aranburu.
2026ko otsailaren 10a
14:16
Entzun 00:00:00 00:00:00

Argindar eskaintzak egiten dituzten telefono dei gogaikarriak behingoz eten nahi ditu Espainiako Gobernuak. Gaur onartu duen dekretu baten bitartez, debekatu egingo die konpainia elektrikoei telefono deien bidez bezeroak erakarri nahi izatea. Soilik bezeroak espresuki eskatu duenean kontratatu ahal izango du argindar zerbitzua telefono dei baten bitartez; berak deituta edo horretarako prest dagoela modu garbian esanda, esaterako. 

Ez da lehen aldia Espainiako Gobernua telefono bidezko spam deiak amaitzen saiatu izan dela, baina orain arteko arauek ez dute praktika hori eten. 2022ko Telekomunikazioen Legeak ezartzen zuen herritarrek eskubidea zutela helburu komertzialeko telefono deiak ez jasotzeko, baina ez zuen zehazten telefono bidezko kontratuak egitea debekatuta zegoenik, eta zirrikitu hori baliatu dute enpresa batzuek bezeroak deien bitartez sareratzen saiatzeko. 

Energia Trantsiziorako Ministerioak urte eta erdi darama dekretua lantzen, CNMC merkatuen eta lehiaren batzordearen eskaera jaso ondoren. Organo horrek ohartarazi zion «engainuzko deiak» jasotzen zituztela herritarrek, eta askotan gertatzen zela bezeroek ez zekitela ongi zer kontratatu zuten. «Erreklamazioen egiturazko arazoa» zegoela iritzita, zuzenean telefono bidez kontratuak egiteko debekatzeko eskatu zion CNMCk gobernuari, baina baita eskaintzei buruzko publizitatea egitea ere. 

Espainiako Arartekoak ere jakinarazi dio gobernuari kexu ugari jasotzen dituela gai horren inguruan, eta argindar enpresek ez dutela gatazkak zuzentzeko borondate handirik erakutsi. 

Azalpen gehigarriak

Gainera, bezeroak babestearren, argindar kontratu berri bat indarrean jarri aurretik, dekretuak dio enpresek modu garbi eta ulergarri batean azaldu beharko dutela zer baldintza dituen kontratu horrek eta etorkizunean zer aldaketa izan daitezkeen baldintzetan eta prezioetan. Azalpen horiek agiri independente batean agertu beharko dute, ez kontratuan bertan. Horrela, gaur egungo kontratu luze eta nahasietako letra txikia eragotzi nahi dute; izan ere, kontsumitzaile elkarteen arabera, «gehiegikeria» asko ezkutatzen dituzte.

Deiak espresuki onartzen dituzten bezeroekin harremanetan jartzeko, argindar konpainiek telefono aurrizki berezi bat erabili beharko dute.  

Araua hausten duten enpresek gutxienez 600.001 eta gehienez sei milioi euroren isunak ordaindu beharko dituzte. CNMC arduratuko da zigor prozedurak ikertzeaz eta ebazteaz. 

Bezeroak babeste aldera, kontratuen luzeraren inguruan ere berritasunak izango dira. Hamabost kilowatt (kW) baino gutxiagoko potentzia kontratatuta daukaten herritarrek eta enpresa txikiek nahi dutenean hautsi ahal izango dute. Merkatu librean daudenek, berriz, kontratua lehen aldiz eguneratu behar den arte itxaron beharko dute. Kasu horretan, kalte ordain bat eman beharko diote konpainiari, baina ez, ordea, tarifa arautua duen kontratu bat egiten badute.

Tarifa araututik merkatu librera aldatu behar duten herritarrei dagokienez, kontratu berria egin nahi dion konpainiak azaldu beharko dio urte batean zenbat ordaindu beharko lukeen tarifa arautuarekin eta zenbat librearekin. Oro har, merkeagoa da merkatu arautua, baina enpresen eskaintza batzuek kontrakoa sinetsarazten diete bezero batzuei.

 

 

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.