Argindarraren %21eko BEZak inflazioa igoarazi du

Espainian lau hamarren igo da inflazioa, %3,2raino. Apirilaren 12an jakingo da Hego Euskal Herriko datua.

Haize errotak, atzean Moncayo mendia dutela. JAVIER CEBOLLADA / EFE
Haize errotak, atzean Moncayo mendia dutela. JAVIER CEBOLLADA / EFE
Iker Aranburu.
2024ko martxoaren 27a
17:20
Entzun

Batzuetan gora, besteetan behera, horrela ari da inflazioa azken hilabeteetan, argindarraren prezioari kateatuta. INE Espainiako estatistika erakundeak apirilaren 12an jakinaraziko du Hego Euskal Herriko datua, baina hamarren gutxi batzuk igotzea espero da, martxoan %21eko BEZa ordaintzen ari baita argindarra. Nagusiki horren ondorioz, Espainian lau hamarren egin du gora inflazioak, %3,2raino.

Paradoxikoa den arren, argindarraren kostuaren jaitsierak eragin du azkenean zerbitzu horren truke gehiago ordaintzea. Izan ere, energia berriztagarrien ekarpen handiari esker, elektrizitatearen handizkako merkatuan megawatt-ordua 45 eurotik behera ibili da azken asteetan, eta horrek eragin du BEZa bere maila arruntera itzultzea martxoan, hau da, %21era. Iaz %5ekoa ordaindu zuen, eta aurtengo urtarrilean eta martxoan %10eko tasa ordaindu du.

BEZaren igoerak eragin txikia izango du tarifa arautuan daudenentzat, hura batez ere handizkako merkatuan oinarritzen delako eta, beraz, gutxi ordaintzea dagokielako. Baina hamar herritarretik sei inguru merkatu librean dabiltza, eta horietako gehienek ezin izan dute baliatu azken asteetako argindar merkea, tarifa finkoak dituztelako, baina zerga handiago bat bai ezarriko zaie.

Martxoko datua gorabehera, inflazioa indarra galtzen ari dela erakusten du azpiko inflazioaren datuak —elikagai freskoak eta energia aintzat hartzen dituena—: beste hamarren bat jaitsi da Espainian, %3,3raino. Duela urtebete, %7,5ean zegoen, prezioen igoera produktu eta zerbitzu guztietan sustraituta zegoen seinale.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.