Krisia eurogunean. Espainiako Gobernuaren neurriak

Arindu beharrean, estutu

Aurten %1,5eko defizit mugari heldu beharko diote Nafarroak eta EAEk: 2013an, berriz, %0,7ra jaitsi beharko duteMuga berriaren aurka egin dute PPk kontrolpean ez dituen erkidegoek

Iker Aranburu.
2012ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Autonomia erkidegoei defizit handiagoa uzteko margina izan arren, justu kontrakoa egin du Espainiako Gobernuak: gehiago estutuko ditu. Ogasun Ministerioak beretzat gorde du Europako Batasunak emandako puntu bateko tartea —%6,3ko muga du, aurreko %5,3koaren ordez—, eta esku-hutsik utzi ditu erkidegoak: aurretik bezalaxe, asko jota beren BPGaren %1,5eko defizita izango dute. Gainera, Cristobal Montoro Ogasun ministroak muga zorrotzagoak jarri dizkie datozen bi urteotarako: %1,1 izan beharrean,%0,7ko defizita izan beharko dute 2013an, eta %0,1ekoa, 2014an (%1 zuten). 2015erako superabita exijitu die, %0,1ekoa.

Muga berriaren aurkako botoa eman dute PPk kontrolatzen ez dituen lau erkidegoek —Kataluniak, Kanariar Uharteek, Andaluziak eta Asturiasek—. Batere ohikoa ez den keinu batean, abstentziora jo dute PPren gobernua duten bi erkidegok, Extremadurak eta Gaztela eta Leonek.

Hego Euskal Herriko bi erkidegoek ez dute Espainiako Zerga eta Aurrekontu Politikako Kontseiluko bozketetan parte hartzen, finantzaketa sistema propioa dutelako. Edonola ere, bilera horretara aldarte desberdinarekin joan ziren. Estu eta larri Nafarroako Gobernua, urtearen hasieran oso emaitza txarrak izan dituelako. %1,44eko defizita pilatu du urtarriletik martxora, urte osorako helburua ia-ia. Horregatik, Lourdes Goikoetxea Nafarroako Ekonomia sailburuak defizitaren muga handitzeko eskatu zuen; haren iritziz, ez delako zuzena Espainiako Gobernuak «bereganatzea» Bruselak emandako tarte gehigarri guztia.

Lasaixeago joan zen, berriz, Carlos Agirre Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburua, urteko lehen hiruhilekoan %0,25eko superabita izan baitu. Haren saileko iturriek esan zuten begi onez ikusiko lukeela tarte gehiago izatea.

Nafarroaz gain, defizit handiagoa eskatu zuten Kataluniak (CiU), Kanariar uharteek (CC) eta Andaluziak eta Asturiasek (PSOE). Ezezkoa jaso zuten guztiek, eta haietako batzuei gogorarazi zien Montorok nahita ere ezin dutela defizit gehiago finantzatu, merkatuetan ezin baitute dirurik lortu. Beretzat gorde duen tartearekin pentsioen gastuaren handitzeari egin nahi dio aurre gobernu zentralak, baina baita interes tasen igoerak eragiten dizkion gastu gehigarriei ere. Arrisku saria igo ahala, %30 emendatu dira interesetan pagatu beharrekoa.

Andaluziako Ekonomia sailburu Carmen Martinez Aguayok gogor kritikatu zuen Espainiako Gobernuaren jarrera, eta «inperioaren doinua» erabiltzea egotzi zion Montorori. Garcia Aguayoren arabera, gobernu zentralak 45.000 milioi euroko malgutasuna lortu du defizit muga berriekin; erkidegoek, berriz, 12.000 milioi gehiago murriztu beharko dituzte.«Horrek ez dauka logikarik, ez bada gizarte babeserako sistemak birrintzea eta erkidegoei errua botatzea».

Oharra zortzi erkidegori

Ogasun ministroak, gainera, oharra egin zien zortzi erkidegori, uste baitu beren planen bidez ez dutela lortuko defizita mugaren azpitik gordetzea. Sei hilabeteren buruan doikuntza betetzen ez badute, Ogasunak haien kontuak esku hartuko ditu. Ofizialki izenik ez dauden arren, haien artean leudeke bi handienak, Katalunia eta Andaluzia alegia.

Zorra pagatzerik ez duten erkidegoei laguntzeko «finantza tresna malgu bat» onartuko du gaur Espainiako Gobernuak. Trukean, baldintza gogorragoak bete beharko dituzte aurrekontuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.