Ez dira garai lasaiak arrantza sektorearentzat. Merkatuaren gorabeherei eta kontsumitzeko modu berriei erregaien garestitzearen ondoriozko tirabirak gehitu zaizkie aspaldi honetan, eta zenbait ontzik arazoak dituzte itsasoratzeko. Testuinguru honetan aurkeztu dute Bizkaiko eta Gipuzkoako kofradiek eta Eusko Jaurlaritzak Kofradia Basque Seafood izeneko egitasmoa. Ekinbidearen helburua da sektorea indartzea eta produktua merkaturatzeko eredua eraldatzea, eta badu berritasun nagusi bat: kontuan hartzen ditu arraina arrantzatzen dutenetik kontsumitzailearen etxera iristen den arteko prozesuaren katebegi guztiak, flota, industria eta merkatua barne.
Jaurlaritzak azaroan iragarri zuen Kofradia Basque Seafood izeneko sozietatea sortu zuela Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleen kofradien federazioekin batera, eta arraina manipulatzeko enpresa bat erosi zutela Berriatuan (Bizkaia). Orain aurkeztu dute «ekinbide estrategiko» hori, hain justu ere Berriatuko egoitza horretan; han azaldu dutenez, sozietate berriaren bitartez lortu nahi dute «balio erantsi handiagoa sortzeko aukera emango duen eredu bat sendotzea, itsasoari lotutako jarduera indartzea eta arrantza sektorearen posizioa hobetzea».
Hala azaldu du Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburu Amaia Barredok: «Kofradia Basque Seafood sektoreari indar handiagoa emateko eta hura balio handiagoko, etorkizun handiagoko eta eraldatzeko gaitasun handiagoko posizio batean jartzeko apustua da». Antzera mintzatu da Gipuzkoako kofradietako buru Norberto Emazabel: «Eredu aldaketa baten aurrean gaude; orain, berrasmatu eta merkatuaren behar berrietara egokitu behar da».
Hiru planta
Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleen kofradiek batera sustatutako egitasmoa da Kofradia Basque Seafood; Jaurlaritzak Hazi fundazioaren bitartez parte hartu du, eta «historikotzat» jo du Bizkaiko eta Gipuzkoako kofradiak ados jarri izana proiektu honen inguruan. Egitasmo honetarako, milioi bat euro inguru inbertitu dute, eta 25 lanpostu zuzen sortu. Berriatuko lantegiaz gain, enpresak beste bi planta erabiliko ditu, bat Bermeon (Bizkaia) eta beste bat Getarian (Gipuzkoa). Espero dute 2026tik 2030erako aldian apurka-apurka lanpostu gehiago sortzea.
Berriatukoa da lantegi nagusia; 4.500 metro koadro ditu, soltean saltzeko arrainaren kudeaketa egiten dute han martxotik, eta espero da apirilaren amaieratik aurrera ekingo diotela laugarren eta bosgarren gamako produktuak ekoitzi eta merkaturatzeari: hau da, kozinatzeko prest dauden arrain xerra ontziratuak, kontsumitzeko prestaturiko produktuak, zopak eta abar. Izan ere, hori da proiektuaren arduradunen kezketako bat: arraina kontsumitzeko moduak aldatzen ari dira, kontsumitzaileek beste produktu mota batzuk eskatzen dituzte, eta aldaketa horiei erantzuteko prest egongo den eredu bat garatu nahi dute egitasmo berriaren bitartez.
Getariako plantak Oliveri enpresaren instalazioak hartzen ditu, eta hegaluzea eta antxoa prozesatzeko gune nagusia izango da. Arrainak sailkatu, pisatu eta moztu egiten dira han, eta asmoetako bat da lantegi horretan antxoaren erdikontserben eta gatzunen jarduera tradizionala berreskuratzea. Bermeokoa, berriz, herri horretako arrantzaleen kofradiaren instalazioetan dago, eta arrainaren izozketa prozesua izango da haren jarduera nagusia.
«Merkatuaren egungo eskaeretara egokitutako formatu eta soluzioak» garatu nahi dituzte Kofradia Basque Seafood egitasmoaren bitartez, baina, horrez gain, beste eginkizun garrantzitsu bat ere jarri dute helburutzat: formatu berri horien bitartez, belaunaldi berriek arraina kontsumitu dezaten sustatzea, «kalitatea, segurtasuna eta jatorriko produktuarekiko lotura alde batera utzi gabe».