Arrantza sektoreak urteak daramatza kezka bera duela: nork hartuko du gaur egungo arrantzaleen lekukoa? Galdera horri erantzuteko estrategia aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak: Euskadi Urdina. Plan horrek, besteak beste, lizentzien eskualdaketa, marinel berrien prestakuntza, berrikuntza, ekintzailetza eta portuetako azpiegituren modernizazioa sustatuko ditu.
Neurrien artean sektorearen aspaldiko eskaera bat azaltzen da: arrantza ontziak eta lizentziak eskualdatzeko bitartekaritza zerbitzu bat sortuko du Jaurlaritzak. Horren bidez, lanbidean hasteko oztopo ekonomiko eta administratiboak «arinduko» ditu, egungo flotari eta arrantza kuotei eusteko, kanpoko eskuetan amai ez dezaten.
Horretarako, lehenik eta behin, beste norbaiten esku geratzeko prest dauden aktiboen katalogo bat osatuko du, kuoten banku bat sortuko du eta finantzaketa bide berriak landuko ditu, gazteei laguntzeko. Horrekin batera, indartu egingo du dagoeneko martxan dagoen Itsasoratu programa, eta sektorean sartzen diren gazteei laguntza luzeagoak eta mentoretza programak eskainiko dizkie.

Plana Ondarroan (Bizkaia) aurkeztu dute Imanol Pradales lehendakariak eta Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak. Sei ardatz, hamazazpi lan esparru eta berrogei egitasmo ditu.
27Zenbait inbertituko duten portuetan, milioi eurotan. Azpiegiturak ere estrategiaren zutabeetako bat izango dira. Jaurlaritzak 27 milioi euro jarriko ditu Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat portutan segurtasuna eta eraginkortasuna hobetzeko lanetarako. Hauek dira aurreikusitako neurri batzuk: Mutrikuko eta Ondarroako dikeak indartzea, Getariako eta Orioko arrantza kaiak berritzea, Elantxobeko portuko lehorreko azalera handitzea, eta Donostiako erdiko kaia birgaitzea. Horrez gain, dragatze lanak egingo dituzte, portuetako eraikinak egokituko dituzte eta kostaldea lehengoratzeko lanak martxan jarriko dituzte.
«Hainbeste eman digun itsasoak etorkizuneko belaunaldientzat ere oparotasun iturri izaten jarraitzea nahi dugu», nabarmendu du Pradalesek. Barredok, bere aldetik, azaldu du Jaurlaritzaren plana «itsasoari begiratzeko modu berri bat» dela. Sailburuaren arabera, helburua da sektorea errotzea, baina, aldi berean, berrikuntzari, ezagutzari eta enpleguari lotutako aukera berriak zabaltzea.
Sare bat
«Plan integral bat» da, eta Euskadi Blue Skills Hub «erreferentzia zentroan» koordinatuko da, baina modu deszentralizatu batean, lekuan lekuko beharrei erantzuteko. Lehen bi nodoak Ondarroan eta Pasaian jarriko dituzte martxan, 2026an, eta ondoren Bermeora, Plentziara eta Getxora hedatzea aurreikusten dute.
Erreleboaz gain, berrikuntza izango da Jaurlaritzaren estrategiaren beste oinarria. Sektoreko eragileen sare bat osatuko du, start-up-ak, unibertsitateak, zentro teknologikoak eta enpresak elkarlanean jartzeko. Besteak beste, itsas bioteknologiari, akuikulturari, urpeko robotikari, digitalizazioari eta material berriei lotutako proiektuak bultzatzea izango dute xede.
Estrategiak aisialdiko nautikari ere leku egin dio. Jaurlaritzak Euskadiko Aisialdiko Nautikaren lehen plan zuzentzailea prestatuko du, amarraleku berriak, instalazioen digitalizazioa eta kirol nautikoak sustatzeko neurriak jasoko dituena.
BRUSELAK DIRU LAGUNTZAK MURRIZTU DITUELA SALATU DUTE ARMADOREEK
Ondarroako Alturako Arrantza Ekoizleen Elkarteak (OPPAO) Imanol Pradales lehendakariari eskatu dio Europako Batasunean presio egiteko, Bruselak ezartzen dituen arrantza kuotak eta handik datozen diru laguntzak murriztu ez ditzan. Armadoreen arabera, Europako Batasuna diru laguntzak %30
txikitzea aztertzen ari da, eta horrek, haien iritzian, kolokan jarriko lituzke sektorearen lehiakortasuna, ontzidiaren deskarbonizazioa eta belaunaldi erreleboa. Horrekin batera, Bruselak berriki ezarritako burokrazia eta kontrol mekanismo batzuk malgutzeko eskatu dute, eta erregaien garestitzeari aurre egiten laguntzeko ere bai. Pradalesek neurri batean bat egin du armadoreen eskaerekin, eta EBri eta Espainiako Gobernuari eskatu die arrantza «benetako sektore estrategikotzat» har dezatela.