Arropa denda handien lurralde hitzarmenak blindatu dituzte

ELAk eta ARTE patronalak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako itunen lehentasuna berretsi dute, Espainiako Lan Ministerioak kolokan jarri ostean.

Sektoreko langileen protesta bat, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Sektoreko langileen protesta bat, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
jokin sagarzazu
2026ko uztailaren 29a
14:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Gobernuaren iritziaren aurka, ELAk eta ARTE ehungintza merkataritzako patronalak akordioa sinatu dute gaur, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako probintzia hitzarmenek lehentasuna izan dezaten. Horrela, martxoan lortutako akordioa berretsi dute, eta estatuko hitzarmenaren aplikaziotik kanpo geratuko dira hiru lurralde horiek. Nafarroan, aldiz, Espainiakoa aplikatuko da.

Martxoan sinatu zuten ARTEk eta hainbat sindikatuk —ELA ez zen tartean izan— saltoki handietako sektore horretako lehen estatuko hitzarmena. Testuak berariaz jasotzen zuen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa ez zirela haren aplikazio eremuan sartuko, eta, ondorioz, lurralde hitzarmenek lehentasuna izango zutela.

Baina uztailaren 7an Espainiako Gobernuko Lan Ministerioak hainbat zuzenketa egiteko eskatu zien hitzarmenaren sinatzaileei. Horien artean zegoen EAE aplikazio eremutik kanpo uzten zuen klausula ere, eta horrek martxoan lortutako babesa kolokan jarri zuen. Orduz geroztik, ELAk eta ARTEk negoziazioak egin dituzte salbuespen hori berriro bermatzeko.

Estatalizazioaren mamua

Hiru urteko borrokaren ondoren iritsi zen martxoko akordioa, hogei greba egunetik gorako mobilizazioen ostean. ELAren eskakizun nagusia ez zen soilik lan baldintzak hobetzea, baizik eta estatuko hitzarmen batek Euskal Herriko lurralde hitzarmenak ordezkatzeko aukerarik ez izatea.

Lurralde hitzarmenen lehentasunak bi babes esparru ditu: batetik, Espainiako Gobernuak eta EAJk 2024an lortutako akordioa; eta, bestetik, 2017an sindikatuek eta Confebask patronalak sinatutako lanbide arteko akordioa.

Ehungintzaren auziak negoziazio kolektiboaren estatalizazioaren eztabaida piztu du berriro ere. Sindikatuen arabera, horrelako prozesuek eragin berezia dute baldintza okerrenak dituzten sektoreetan, batez ere emakumeen presentzia handia dutenetan, hala nola ehungintza merkataritzan.

Sektorean, gaur egungo lurralde hitzarmenen eta ARTEk proposatutako estatuko hitzarmenaren arteko aldeak nabarmenak dira: ELAren arabera, Gipuzkoako hitzarmena aplikatuta langile batek urtean 6.856 euro gehiago irabaz ditzake, eta, besteak beste, igande eta jaiegunetako lanaren inguruko mugak ere baditu.

ARTE patronalak Espainiako arropa denda handien kate nagusiak biltzen ditu, besteak beste, Inditex, Mango, H&M, Uniqlo eta Primark.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA