Adinaren piramideak nekea dakarkio Asia ekialdeari

Biztanleriaren zahartzeak geldialdia eragin du Japoniaren ekonomian azken hamarkadetan, eta bide berean egon daitezke aurki Asia ekialdeko beste potentzia nagusiak: Hego Korea, Taiwan eta Txina bera. Hiruretan 2020an jo zuen goia biztanleen kopuruak.

Adineko gizon bat atseden hartzen, Tokion. FRANK ROBICHON / EFE
Adineko gizon bat atseden hartzen, Tokion. FRANK ROBICHON / EFE
Josep Solano
Tokio
2025eko azaroaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urteetan eta urteetan, Japonia izan zen Asiako mirari ekonomikoaren eredu nagusia. Aparteko hazkunde bati esker, herrialdea guztiz aldatu zen belaunaldi eskas batean: gerraosteko hondamena gainditu, eta potentzia bilakatu zen; hainbesteraino, non haren bideari segitu baitzion eskualde guztiak. Auzo herrien inspirazio iturri izandako bulkada hura, ordea, indargetuz joan da, eta Japonian txanponaren beste aldea dute orain: geldialdia.

Jaiotza tasa behera eta behera ari denez, eta biztanleria gero eta zaharragoa denez, Japoniako gizartea ispilu ezeroso bat da, eta abisu bat, inguruko herrialdeentzat: Hego Korearentzat, Taiwanentzat eta are, hasiera bada ere, Txinarentzat berarentzat. Hiruretan, 2020an jo zuen goia biztanleriak, eta azken bost urteetan herritarrak galdu dituzte: hamar milioi Txinak, milioi erdi Taiwanek, eta 200.000 Hego Koreak.

Alarma hori ez da Japoniako kontua bakarrik. Garapenaren Asiako Bankuaren arabera, Asia ekialdean %4,3raino jaitsi da hazkunde aurreikuspena 2025ean, munduko tirabira komertzialen eta barne eskaera gero eta txikiagoaren ondorioz. Ekonomiaren motorrik handienei ere, Txinari eta Hego Koreari, nekea antzematen zaie, harrapaturik baitaude geldotuz doan eredu ekonomiko batean eta oinarri gero eta estuagoa duen piramide demografiko batean.

Oraindik ekonomia indartsuak izanik ere, Asia ekialdean muga handia dira egituraren ezaugarri batzuk eta, batez ere, presio demografikoa: biztanleria oso azkar zahartzen ari da, lan indarra urritzen, eta barne kontsumoa ez da nahikoa dinamismo galera konpentsatzeko. Horren ondorioz, luzera begira ez dago ekonomia garatzeko aukerarik, eta hazkunderako bestelako estrategiak planteatu beharra daukate, esportazioak eta eskulan ugaritasuna ez baitira oinarri nahikoa hazten segitzeko.

Zifrak

123,1

Japoniaren biztanleria, milioitan. Biztanleriak 2015ean jo zuen goia Japonian, 128,1 milioi biztanlerekin. Ordutik hona bost milioi biztanle galdu ditu Japoniak (-%3,9) eta 123,1 milioitan da, azken datuen arabera.

1.416

Txinaren biztanleria, milioitan. Txinan, 2020an iritsi zen biztanleria bere maila gorenera: 1.426 milioi. Baina azken bost urteetan hamar milioi biztanle galdu ditu (-%0,7), eta 1.416 milioi dira orain.

1.463

Indiaren biztanleria, milioitan. India 2022an bilakatu zen munduko herrialderik populatuena, Txina aurreratuta, eta jada 1.463 milioi ditu, Txinak baino 47 milioi gehiago. 2020tik hona 61 milioi biztanle irabazi ditu. 

Japonian gertatzen dena paradigmatikoa da. XX. mendearen bigarren erdian munduko bigarren ekonomia izan zen, baina badira 30 urte ekonomia ez atzera eta ez aurrera daukala, eta gero eta garrantzi gutxiago du nazioarteko jokalekuan. Nazioarteko Diru Funtsaren arabera, 2025ean bosgarren postura jaitsiko da munduko ekonomien sailkapenean, AEBen, Txinaren, Alemaniaren eta Indiaren atzetik. Hain zuzen, Indiak laugarren postua kenduko dio, aurreneko aldiz.

Atzeraldia ez da sinbolikoa bakarrik: agerian uzten du nola ahuldu den Japoniaren eragin indarra, barne dinamismorik ezaren ondorioz eta esportazioetan oinarritutako ereduaren mugen ondorioz. Ekonomiaren ardatza eskualdeko beste herrialde batzuetara mugitu izanak —batez ere Asia hegoaldera eta ekialdera— agerian uzten du Japoniaren arazoak ez direla bakanak izango, baizik eta zailtasun bertsuak izango dituztela Asiako potentzia handiek.

Txinak ere ezin izan dio ihes egin eskualdeko geldotze horri. Pekinek adierazi du %5eko hazkunde tasa izan zuela 2024an, baina aditu askok pentsatzen dute nekez sinestekoa dela datu hori

Txinak ere ezin izan dio ihes egin eskualdeko geldotze horri. Pekinek adierazi du %5eko hazkunde tasa izan zuela 2024an, baina aditu askok pentsatzen dute nekez sinestekoa dela datu hori. Barne kontsumoa apal dabil higiezinen krisi luzearen erdian; badira bi urte gero eta handiagoa dela deflaziorako joera, eta atzerriko kapitala hasia da handik alde egiten, horretara bultzatzen baitute ekonomiaren gaineko duda-mudek eta AEBekin muga zergen arloan izandako sokatiraren ondorioz araudien inguruan dauden tirabirek.

Aktibitateari eusteko, Txinako Gobernuak altxorreko bonu bereziak jaulki ditu, eta likidezia eman die banku nagusiei, baina badirudi neurri horien eragina ez dela oso handia izan. Hortaz, litekeena da ofizialki esandakoaren erdia izatea egiatako hazkunde tasa. Txina munduko bigarren ekonomia da orain ere, baina munduko barne produktu gordinari egiten dion ekarpena %17raino jaitsi da, 2021eko %18,3tik urrun, eta horrek esan nahi du ahuldu egin zaiola munduko ekonomiaren erritmoa markatzeko duen gaitasuna.

Indiaren motorra

Hala Tokiorentzat nola Pekinentzat, sailkapen horietan behera egitea ez da estatistika hutsa: argiro erakusten du zaila zaiela beren indarra mantentzea munduaren oraingo egoeran, ardatza hegoaldera eta mendebaldera mugitzen ari den honetan, hazten ari diren herrialde gazte batzuen aldera. Gero eta ikusgarriagoa da kontrastea: Asia ekialdeko herrialdeetan, eskulan eskasiak eta barne merkatuaren beheraldiak baldintzatuko dute etorkizuna, eta India eta Asia hego-ekialdea izango dira dinamismoaren aitzindari berriak.

INDIA
Jantziak egiteko tailer bat, Bombayn. DIVYAKANT SOLANKI / EFE

India da eskualdeko motor berria: munduko populaziorik handiena du; biztanleria gaztea da, eta handitzen ari da; beraz, barne merkatua hedatzen ari zaio, eta ekosistema teknologikoa are gehiago garatzen; horri esker, dinamismo handia du, hain zuzen, Japoniak, Txinak eta Hego Koreak muga handiak dituzten arlo batzuetan. Atzerriko inbertsioa erakartzeaz gainera, badu gaitasuna Asia hegoaldeko hazkundearen erritmoa ezartzeko.

Vietnam, berriz, gero eta sendoago dabil, eta ekonomiaren ardatz aldaketari probetxua aterako dioten herrialde txikietako bat da. Gero eta eskulan gehiago dauka —3,5 milioi biztanle irabazi ditu 2020az geroztik—, eta puntako manufaktura eta teknologia erakartzeko moduko politika egiten ari da; horren ondorioz, barne kontsumo sendoa du orain, eta egonkortasuna makroekonomian. Asia ekialdea borrokan dabil zahartzearen eta atzeraldiaren kontra; India eta batez ere Vietnam, berriz, Asia aldakor baten etorkizuna dira: herrialde gazteak dira, irekiak, eta datozen urteetan gidari izateko gogoz daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.