«Askok etorri nahi dute Bilboko portura, baina guztiek ez dute bat egiten portuaren interesarekin»

Ivan Jimenez Bilboko Portuko Agintaritzako presidenteak erantzukizuna hartu du edukiontzien trafikoak berriz ere behera egin duelako. Petronorren mantenurako etenak eragin handia izan du aurtengo datuetan.

Ivan Jimenez Bilboko Portuko Agintaritzako presidentea. BERRIA
Ivan Jimenez Bilboko Portuko Agintaritzako presidentea. BERRIA
Imanol Magro Eizmendi.
2025eko azaroaren 14a
12:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilboko Portuko Agintaritza arduratuta dago portuko lurretan egon arren itsasontzien joan-etorrian eragin txikia duten enpresekin. Hala onartu du Ivan Jimenez portuko agintaritzako presidente berriak. Azaldu du portuaren diru sarreren %65 garraioarekin zerikusia duten tasetatik datozela, eta jardun hori sustatu behar dutela. Asmo horrekin lotuta, Bilboko portua erdiko kaia handitzen ari da, eta lur hori okupatzeko enpresen aukeraketa zertan den azaldu du: «Askok etorri nahi dute portura, baina guztiek ez dute bat egiten portuaren interesarekin».

Jimenezek Bilboko Merkataritza Ganberan eman ditu azalpenak, hedabideen aurrean eginiko lehen agerraldian. Euskal hiztuna den arren, hitzaldia gaztelaniaz eman du. Erdiko kaia Bilboko portuak izango duen azken handitzea izango da, eta haren iritzia ez dator bat erabat Rikardo Barkala haren aurrekoak zuenarekin —aretoan zen Barkala, Jimenez entzuten—. Hark beti esaten zuen «herriaren interesak» lehenetsiko zituela eta litekeena zela zoru hori industria jarduera batek okupatzea.

«Egun dauden enpresek itsasontzirik mugitzen ez duten jarduerei alokatzen badizkiete orubeak, kalte egingo digute»

IVAN JIMENEZ Bilboko Portuko Agintaritzako presidentea

Jimenezek, halaber, erreferentzia egin die egun portuan dauden enpresei, eta eskatu die azpiegitura ondo baliatzeko: «Itsasontzirik mugitzen ez duten jarduerei alokatzen badizkiete orubeak, kalte egingo digute. Jardun horiek portutik kanpo dauden orubeetara eraman behar dituzte, agian garestiagoak izan arren». Gaur egun, portuaren zoruaren %92 hartuta dago, eta diru sarreren %35 jasotzen ditu alokairuetatik.

Portuak, izan ere, bere ahal osoa zukutu nahi du, aurtengo datuak ez baitira onak. Petronorrek bost urtean behin egiten duen mantenu geldialdiak eragin handia du, eta haren eraginez %9 eta %10 inguru egingo du behera aurten mugituko duten zama kantitateak —2,5 milioi tona gutxiago—. Mantenu etenaren eragina albo batera utzira, guztira mugituriko zama kantitateak %0,5 egingo du behera 2024arekin alderatuta —iaz %5 handitu zen 2023arekin alderatuta—, eta fakturazioak, %1,9.

Datuak ez dira onak, eta are txarragoa da portuak azken urteetan izan duen buruhauste handienaren bilakaera: edukiontzien trafikoarena. «Arazo handi bat da, lehiakortasunaren neurgailu delako», aitortu du. Izan ere, laugarren urtez jarraian behera egin du edukiontzi garraioak —-%4,5 jaitsi zen 2022an; %3 2023an, eta %2,4 iaz—; aurten gainera %7,5eko jaitsiera izan du.

Agintaritzako presidenteak bi arrazoi eman ditu. Batetik, Santanderko portuak (Kantabria, Espainia) itsasbide batzuk kendu dizkio; bestetik, Europako Batasunak CO2 emisioei ezarritako tasen ondorioz, konpainia batzuek Erresuma Batura jo dute handik EBra saltzeko. Dena den, Jimenez ez du horrek arduratzen; izan ere, 2026ko uztailean, Erresuma Batuak ere  Europakoarekin parekatuko du bere emisio zergen sistema.

Portu garestia

Presidenteak 120 egun daramatza karguan, eta tarte horretan azpiegituraren ahulezia eta indarguneak aztertu ditu. Zintzo mintzatu da haien inguruan eginiko erradiografian. Indarguneak aipatzean, portuaren irisgarritasuna aipatu du, aurki erabat elektrifikatua egoteko asmoa —emisioen eta erregaiaren kostua murrizteko—, uraren sakonera, eta Europa iparraldera eta Erresuma Batura jotzeko kokapen aproposa.

Gabeziak ere aipatu ditu, argi gainera. «Ez gara portu merkea, baina prezioa kalitatearekin ordezkatzen dugu», onartu du. Halaber, gaineratu du Europako portu handiak —Rotterdam (Herbehereak), Hanburgo (Alemania), Anberes (Belgika) eta abar— saturaziotik gertu daudela, horrek kalte egiten duela eta Afrikaren lehia nabaritzen hasiak direla.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.