Frantziako Gobernuak erretretaren erreforma 49.3 artikularen bidez onartu ostean, Asanblea Nazionalak astelehenean aztertuko ditu Emmanuel Macron presidentearen kontra aurkeztu dituzten bi zentsura mozioak. LIOT zentristak aurkeztu du horietako bat; Bertrand Pancherrek eta beste 90 legebiltzarkidek sinatu dute. Marine le Penek beste bat aurkeztu du eskuin muturraren izenean, baina esan du LIOTena babesteko prest daudela. Astelehenean 16:00etan aztertuko dituzte.
Ostegunean bezala, bart ere istilu larriak izan dira erretretaren erreformaren kontra. Bigarren protesta eguna izan zen atzokoa. Milaka pertsona atera ziren kalera, eta Parisen soilik 61 pertsona atxilotu ditu Poliziak. Manifestari batzuek sua piztu dute kalean eta poliziek negarra eragiteko gasarekin erantzun die. Lyonen protestak are eta gogorragoak izan dira, eta manifestariak barrutiaren batzarraren egoitza batean sartzen saiatu dira.
Frantziako Konstituzioaren 49.3 artikularekin, bozketarik gabe, erretreta 62 urtetik 64ra atzeratu du Macronen gobernuak. Gaur beste protesta egun bat espero da, larunbata izanik. Baionan 12:00etara deitu du protesta egitera Intersindikalak. Hainbat greba daude deituta, gainera, eta tren zerbitzuan hainbat bidaia bertan behera geratu dira. Astelehenean hegaldi batzuetan ere espero da eragitea greba deialdiak. Ostegunerako protesta egun handi batera deitu dute Frantziako sindikatuek.