Aspalditik ari dira enpresariak ohartarazpena egiten: eskulana falta da, eta gero ere faltako da. Behin eta berriz esaten ari dira lanpostuak betetzeko zailtasunak dituztela, sektore batzuetan beste batzuetan baino gehiago, bertako lan merkatuan ez dutelako langilerik topatzen. Dei horri erantzuteko asmoz, gero eta atzerritar gehiago ari dira ate joka, datuek erakusten dutenez. Izan ere, bertan bizi eta lan egiteko baimena eskatu dutenen kopurua nabarmen handitu da azken urte erdian.
Egin kontu: Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak ia 10.000 eskaera jaso ditu uztailaz geroztik. Zehatzago esanda, abenduaren erdialdean 9.674 eskaera zeuden tramitazioan. Lurraldeka banatuta, Bizkaian erregistratu dira gehien: 5.295;Â Gipuzkoan, berriz, 2.891 izan dira, eta Araban, 1.488. Litekeena da, ordea, kopuru horiek txiki geratu izana, poltsa hori etengabe ari baita handitzen.
«Igoera izugarria egon da», onartu du Marivi Portugal Eusko Jaurlaritzako Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendariak. «Halere, zaila da unean uneko argazki bat egitea, datuak etengabe ari baitira aldatzen». Orain arte, gainera, Espainiako Gobernuaren esku egon da Europako Batasunetik kanpoko atzerritarren lan baimenak kudeatzea. Maiatzean jaso zuen eskumena Gasteizko gobernuak, eta uztailean ekin zion kudeaketari.
«Eskumen berria izanik, orain arteko datuak baino ez dauzkagu, eta ezin dugu alderaketarik egin, ez baitauzkagu horretarako daturik. Nolanahi ere, datuek erakusten dute joera zein den», azaldu du Portugalek. Bilakaera aztertzea, hain justu, lagungarria izan daiteke joera horri neurria hartzeko. Duela hiru aste, azaroaren 28an, 8.800 eskaera zeuden tramitazioan. Horrek esan nahi du tarte labur horretan zortziehun eskaera inguru jaso dituztela. Batez beste, ia berrogei eskaera eguneko.
Tramitazioa azkartzea xede
Dena den, joera horren atzean badago pisuzko beste arrazoi bat: Espainiako Atzerritarren Legea. Maiatzean sartu zen indarrean araudi berria, zeinak, besteak beste, laburtu egin baitu bizileku baimena eskuratzeko erroldatuta egon beharreko gutxieneko epea: hiru urtekoa zen lehen, eta bi urtekoa da orain. Hala, aurrerantzean, baimena eskuratzeko baldintzak zertxobait laxoagoak izango dira, atzerritarren laneratzea errazte aldera.
«Gure helburua da bultzada bat ematea prozesuari, eta eskuragarriagoa bihurtzea. Gainera, guk hobeto ezagutzen dugu bertako errealitate sozioekonomikoa; beraz, eskaintza eta eskaria zer-nolakoak diren jakinda, loturak erraztea da gure nahia»
MARIVI PORTUGALÂ Eusko Jaurlaritzako Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendaria
Horixe da Jaurlaritzaren xedea ere, lan baimenen eskumena jasota daukan honetan. Legez, eskumen hori Gasteizko gobernuari dagokio —Gernikako Estatutuan jasota dago—, eta, hain zuzen, Jaurlaritzak uste du kudeaketa bere gain hartuta tramitazioa azkartu egingo duela. Lanbiden prestakuntza ikastaroak egiten dituztenak dira horren adibide. Izan ere, trebatzeko aukera izan arren, lanean aritzeko aukerarik gabe geratu ziren asko eta asko, eskaerei bide ematea Madrilen eskumena zelako eta horrek prozesua asko atzeratzen zuelako.
«Gure helburua da bultzada bat ematea prozesuari, eta eskuragarriagoa bihurtzea. Gainera, guk hobeto ezagutzen dugu bertako errealitate sozioekonomikoa; zuzeneko harremana dugu sektoreekin eta enpresekin; beraz, eskaintza eta eskaria zer-nolakoak diren jakinda, loturak erraztea da gure nahia», nabarmendu du Jaurlaritzako Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendariak.Â
Edozein kasutan, tramitazioa bi administrazioen artean egin beharrekoa izango da aurrerantzean ere. Langile atzerritar batek, lan baimena eskuratzeko, bere egoera erregularizatu behar baitu, hots, bizileku baimena eskuratu. Eta hori Espainiako Gobernuaren eskumena da. Halere, espedientea bakarra izango denez, agintariek espero dute Jaurlaritzak esku hartuta prozesua arindu eta azkartu egingo dela.
Atzerrira bila
Lanbideren arabera, eskulan falta «larriagotu» egingo da datozen hamar urteetan, eta orotara 680.000 lan aukera sortuko dira denera Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, horietatik gehien-gehienak erretiroen ondorioz. Langile migranteak ezinbestekoak izango dira, horrenbestez, lanpostu horiek estaltzeko. Bada, ildo horretan, Jaurlaritzak espero du lan baimenak horren arabera ugaritzea. «Estimazio bat egitea oso zaila da, baina 20.000tik gora izango dira seguru», esan du Portugalek. Jaurlaritzaren 2026ko aurrekontuetan aurreikusten da 27.000ren langa gaindituko dela.Â
1.760Zenbat eskera egin dituzten jatorriko herrialdeetan Uztailaz geroztik lan baimenak lortzeko egindako eskaeren artean, bostetik bat langilearen jatorrizko herrialdean bertan egin da.
Egoera horretaz jabetuta, enpresak ere mugitzen hasi dira, eta gero eta gehiago joaten dira atzerrira langile bila. Horren erakusgarri dira, hain zuzen ere, Jaurlaritza kudeatzen ari den lan baimenak: aurkeztutako bost eskaeratik bat jatorrian bertan egindakoa da. Hau da, 1.760 migratzailek beren herrialdean jaso dute aldi baterako EAEn lan egiteko eskaintza.
Hegoamerikarrak dira horietako gehienak, herrialde hauetakoak batez ere, hurrenkeraren arabera: Kolonbia, Peru, Txile eta Paraguai. Baina badira beste jatorri batzuetako herritarrak ere, hala nola marokoarrak, pakistandarrak eta aljeriarrak. Sektoreei dagokienez, bestalde, hirugarren sektorean aritzeko dira eskaera gehienak, bereziki etxeko langile jardutekoak. Ostalaritza da eskaera gehien dutenetako beste bat, eraikuntzarekin batera.Â
Portugalek zehaztapena egin du, hala ere: «lan eskaintza batekin datozen edo jada bertan dauden eta lan egin nahi duten herritarrez ari gara». Eta gogorarazi du azken helburua lan merkatua «arautzea» dela, hala enpresen nola herritarren egungo eta etorkizuneko beharrei erantzun ahal izateko.