Auto berrien salmentak %8,5 egin du gora Hego Euskal Herrian

Lehen seihilekoan saldutako autoen erdia hibridoak izan dira, eta elektrikoen batezbestekoak gora egin du berriz ere: merkatu kuotaren %17 lortu dute.

Auto saltoki bat, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
Auto saltoki bat, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2026ko uztailaren 1a
18:04
Entzun 00:00:00 00:00:00

Auto berrien salmenta arnasa berreskuratzen ari da Hego Euskal Herrian. Hainbat urtez apal ibili ondoren, aurtengo lehen seihilekoan berriz ere gora egin du: 19.798 auto berri matrikulatu dira, iaz epe berean baino %8,5 gehiago. Horien erdia hibridoak izan dira (%48,5), eta elektrikoek merkatu kuotaren %17 hartu dute.

ANFAC auto ekoizleek emaniko datuak dira, eta, haien arabera, berriz ere mugitzen hasi da merkatua. Apurka-apurka erosleen zalantzak uxatzen ari direla dirudi, eta auto elektrikoen eta hibrido entxufagarrien aldeko apustuak merkatua hauspotu du. Horri gehitu behar zaio ekain oparoa izan dela, hilabete horretan 4.182 auto salerosi baitira: guztien %20, eta iaz hilabete horretan baino %13,5 gehiago. Nabarmentzekoak dira Nafarroako datuak: %37ko igoera izan da ekainean, eta %27koa lehen seihilekoan.

Motor motaren araberako banaketa eginez gero, saldutako auto berrien artean 9.621 hibridoak izan dira (%48,5), eta 2.498 (%12,6) hibrido entxufagarriak. Bi motatakoek egin dute gora iazko sei hilabetekoekin alderatuta: hibridoek %11, eta hibrido entxufagarriek %24.

Urte batetik besterako bilakaera deigarriena, baina, auto elektrikoek izan dute. 3.384 saldu dira —saldutako guztien %17—, alegia, iazko lehen seihilekoan saldutakoak baino 1.503 gehiago. Bi tarteak alderatuta, igoera %79,9koa izan da. Bilakaerari erreparatzeko, iazko lehen seihilekoan 2024ko tarte berean baino %60 auto elektriko gehiago saldu ziren.

DATUAK

%9,2

Furgonetak eta ibilgailu arinak. Lehen seihilekoa ona izan da furgonetei eta karga garraiatzeko ibilgailu arinei dagokienez. Guztira 3.351 saldu dira Hego Euskal Herrian, iaz epe berean saldutakoak baino %9,2 gehiago.

-%7,3

Kamioiek, behera 714 kamioi saldu dira lehen seihilekoan, iaz baino %7,3 gutxiago. Ibilgailu mota horretan, alde handia dago lurraldeen artean. Esaterako, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan %22 egin dute behera; Nafarroan, aldiz, %9,3 gehiago saldu dira.

15

Autobus gutxiago. Lehen seihilekoan 180 autobus matrikulatu dira, iaz epe berean baino hamabost gutxiago (-%7,6). Autobusen salmenta datuak, baina, tentu handiz aztertu behar dira, eta horren eredu da Nafarroako datua: 33 matrikulatu dituzte, iaz baino %57 gehiago, baina horietatik 24 ekainean matrikulatu dituzte. Alegia, lehen bost hilabeteetan 11 autobus bakarrik saldu dira.

Eta erregai fosilak? Bada, gasolinazkoak rankingeko bigarren postua galtzeko zorian daude: 2.877 saldu dira, guztien %14,5, eta hibrido entxufagarriak baino 379 gehiago. Iazko lehen seihilekoan saldutakoak baino %27,7 gutxiago dira horiek. Dieselei dagokienez, gainbeheran jarraitzen dute. Matrikulazio berrien %2,1 baino ez ziren izan dieselak, eta haien kopuruak %36,4 egin zuen behera iazko lehen seihilekoarekiko. Ez da denbora asko mota horretako autoak zirela gehien saldutakoak.

Gehien saldutakoa, Toyota

Markei erreparatuz gero, Hego Euskal Herriko auto merkatua oso oparoa da, eta gehien saltzen duen etxea ez da iristen kuotaren %10era. Gauzak hala, Toyota izan da auto gehien saldu duen etxea, 1.924 guztira, guztien %9,7. Dacia da auto gehien saldu duen bigarren etxea, 1.444 auto (%7,2); Renault hirugarrena (1.341 eta %6,7), Kia laugarrena (1.131 eta %5,7) eta Hyundai bosgarrena (1.033 eta %5,2).

Eta zenbat saldu dituzte auto elektrikoak egiten dituzten Txinako etxeek, edo haien kapitalean Txinako etxeak dituztenek? Hemen gehien saldu dituztenen lau eredu: MG, Omoda, EBRO eta BYD. 671 MG saldu dira, iaz epe berean saldutakoak baino gutxiago. Bigarrena Ebro da; 666 auto saldu dituzte. Kamioi marka historikoa zenak igoera harrigarria izan du, eta iaz saldutako halako bi baino gehiago saldu ditu. 513 Omoda saldu dira, eta 423 BYD. Azkenik, 560 Tesla saldu dira.

Autogileek «pragmatismoa» eskatu diote bruselari

Europako Autogileen Elkarteak (ACEA) Europak ekoitzitako ibilgailuak erosteko laguntza plan «pragmatiko» bat eskatu dio Europako Batzordeari. Europako autogintzari eusteko neurriak eskatu ditu, «benetakoa» dagoelako «Europako oinarri industriala» hustearen arriskua. Eskaeran azaldu dute ibilgailuak Europan ekoiztea garestiagoa dela, eta prezioan dagoen tarte horri aurre egiteko erabakiak hartu behar direla. Alegia, erosleei hobariak eskaintzeko garaian ibilgailuaren ekoizpen prozesua non garatzen den kontuan izatea eskatu diote Bruselari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA