Autogintza

Auto elektriko bat erosten dutenek 7.000 euro arteko laguntza eska dezakete

Bihartik aurrera egin ahal izango dute eskaera. Furgonetek 9.000 euro arteko laguntza izango dute, eta %10eko gainsaria herri txikitakoek

Bi auto elektriko, Bilboko kargaleku batean. LUIS TEJIDO / EFE
Iker Aranburu.
2021eko apirilaren 9a
18:33
Entzun

Auto elektrikoari beste bultzada bat ematea erabaki du Espainiako Gobernuak. Bihartik aurrera, auto guztiz elektrikoak edo hibrido entxufagarriak erosten dituzten Hego Euskal Herriko herritarrek 7.000 euro jaso ahal izango dituzte, trukean erreketa motorreko bat txatartegira bidaltzen badute; 4.500 euro izango dira, berriz, auto zaharra kentzen ez badute. 45.000 eurotik beherako auto elektrikoa erosten dutenek eskatu ahal izango dute laguntza.

Oraindik orain erreketa motorra duten autoak baino garestiagoak dira elektrikoak, baina 20.000 eta 35.000 euro artekoen eskaintza nahiko zabala da honez gero, eta hurrengo hilabeteotan gehiago handituko da, autogileak behartuta daudelako CO2 isurtzen ez duten autoak merkaturatzera, EBren isuna jaso nahi ez badute.

Teresa Ribera Espainiako Trantsizio Ekologikoko ministroak Moves planaren hirugarren aldia aurkeztu du. Madrilek 400 milioi euro jarriko ditu mahai gainean, baina Riberak azaldu du eskaera asko daudela ikusiz gero 800 milioira handitzeko prest daudela. Gaur jarriko da indarrean, eta, dirua agortzen ez bada, 2023. urtera arte izango da laguntza eskatzeko aukera. Dirua Madrilek jarri arren, erkidegoek kudeatuko dute, orain arteko planetan bezala.

Laguntzak ez dira bateragarriak

Espainiako Gobernuak apustua handitu du aurreko planarekiko. Moves II iazko udazkenean jarri zuen indarrean. 100 milioi euro zituen —orain lau edo zortzi aldiz gehiago du—, eta laguntza txikiagoak ematen zituen: 5.500 euro auto zaharra kenduz gero, eta 4.000 euro kentzen ez bazen.

Bi planak batera izango dira indarrean aldi baterako, baina ez dira bateragarriak. Horregatik, Moves II planeko laguntza tramitatzen ari direnek aukera izango dute Moves III eskatzeko. Bigarren plana, hortaz, kamioiak eta autobusak erosten dituztenentzat geratuko da, azken horiek Moves III planetik kanpo geratu baitira.

Planak baditu beste berritasun batzuk. Horrela, furgoneta elektriko bat erosten dutenek 9.000 euro jaso ahal izango dituzte. 5.000 biztanletik beherako herrietako biztanleek, mugikortasun arazoak dituztenek, taxilariek eta ibilgailu gidaridun baimena dutenek %10eko gainsaria jaso ahal izango dute.

Merkatuaren %4,5

Auto elektrikoen salmenta asko handitu da azken bizpahiru urteetan, baina oraindik merkatuaren zati txiki bat baizik ez da. 2021. urteko lehen hiruhilekoan 447 ibilgailu elektriko saldu ziren Hego Euskal Herrian, 2020ko tarte horretan baino %46 gehiago. Furgonetak, autobusak eta kamioiak ere badaude horien artean, baina gehientsuenak autoak dira. Urtarriletik martxora 7.419 auto matrikulatu dira, 2.165 furgoneta, 348 kamioi eta 35 autobus. Hortaz, 9.967 ibilgailu motordun; horietatik ia %4,5 izan dira elektrikoak.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.