Auto elektrikoetarako laguntza publikoa saltokian bertan jasoko dute erosleek

Urtarriletik aurrera, Espainiako Gobernuak zuzenean kudeatuko ditu laguntzak, Moves planaren inguruan erkidego batzuek egindako kudeaketa txarra dela medio.

Auto elektriko bat kargatzen, Gasteizen, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Auto elektriko bat kargatzen, Gasteizen, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iker Aranburu.
2025eko abenduaren 3a
16:26
Entzun 00:00:00 00:00:00

Auto elektriko bat erosi nahi duten Hego Euskal Herriko herritarrek laguntza publikoa izango dute 2026ko urtarriletik aurrera ere. Gainera, azken laguntzekin ez bezala, autoa erosten dutenean bertan jasoko dute hau, burokraziaren zain egon gabe. Zenbatekoak antzekoak izango dira, baina oraindik ez dituzte zehaztu.

Moves planaren dirua udazken hasieran bukatu zen, eta orduz gero egitasmo berri bat lantzen aritu da Espainiako Gobernua sektorearekin. Gaur eman ditu planaren lehen zirriborroak, autogintza elektrikoa sustatzeko egitasmo handi baten barruan. Auto elektrifikatuak erosteko programak Plan Auto + izena izango du, eta 400 milioi eurorekin hasiko da. 

Bi izango dira berritasun nagusiak: bata da laguntza kontzesionarioan ordaintzen den preziotik kenduko dela, eta bestea da Espainiako Gobernuak berak kudeatuko duela. Horrela saihestu nahi du Madrilek Moves planak izan duen arazo nagusia, hots, laguntza jasotzeko hilabete batzuk edo urtebete baino gehiago itxaron behar izatea. Moves planekin, Espainiako Gobernuak diru kopuru bat banatzen zien autonomia erkidegoei, eta haiek arduratzen ziren erosleei pasatzeaz. Kontua da erkidego batzuetan atzerapen handiak eragin dituela horrek ordainketetan —ez hainbeste Hego Euskal Herrian—, eta, horregatik, laguntzak berak banatzea erabaki du Pedro Sanchezen gobernuak. 

Ikusteko dago zer gertatuko den azken hilabeteetan auto elektriko edo elektrifikatu bat erosi eta Moves planaren dirua eskatu dutenekin. Plan horren dirua bukatu da, baina abenduaren 31 arte eskatzeko aukera dago, eta dagoeneko 40.000 lagun daude laguntza horren zain, tartean milaka euskal herritar. Izan ere, Nafarroan inon baino arrakasta handiagoa izaten ari dira auto elektrikoak —azken hilabeteetan matrikulatutakoen %20 dira—; besteetan, eskaria nabarmen txikiagoa da, baina horietan hibrido entxufagarrietara jo dute erosle askok, eta horiek ere badute laguntza jasotzeko eskubidea.

Diru kopuruen zain

Moves planak diru kopuru desberdina ematen zuen autoa erosteko, erositako autoaren eta eroslearen ezaugarrien arabera (partikularra, enpresa...). Gehienez 7.000 euro ziren autoetarako, eta 9.000 furgoneta txikietarako, ibilgailu zaharra txatartegira botaz gero. Plan Auto + egitasmoaren diru kopuruen berri ez dute eman, baina antzekoak izango direla esan dute. Hori bai,auto berriaren prezioak muga bat izango du aurrerantzean ere —45.000 euro ziren Movesekin—, eta jabeak gutxienez urte batzuetan eutsi beharko dio jabetzari, espekulazioa eragozte aldera. 

auto2030
Auto 2030 egitasmoaren aurkezpena, gaur, Madrilen. CHEMA MOYA / EFE

Hasieran 400 milioi euro jarriko ditu Madrilek auto elektrifikatuak erosten laguntzeko, baina, ikusita aurten ibilgailu horien salmenta bi halakotu egin dela, baliteke dirua aurki gastatzea. Gainera, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak berak gogorarazi duenez, prezio eskuragarriko modelo berri asko espero dira 2026rako, eta horri esker salmentak are gehiago handitzea espero da.   

Auto elektrikoa erosteko eragozpen nagusia, prezioarekin batera, bateria kargatzeko leku publikoen eskasia izan da, baina hori ere aldatu nahi du Espainiako Gobernuak. 300 milioi euro jarriko ditu gaur egun kargaleku gutxi edo bat ere ez duten eremuetarako. 

Autoak erosteko eta kargalekuak ugaritzeko laguntzak Auto 2030 izeneko egitasmo plan baten barruan aurkeztu ditu Sanchezek. 25 neurri bildu dituzte, eta tartean daude bateriak egiteko fabrikak erakartzeko laguntzak eta arlo horretan ikerketa eta garapena sustatzekoak ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.