Bakarrizketa

Auto handientzako tokirik ez Parisen

SUV AUTOA
SUV modeloko auto bat Parisko garaipen arkuan. CHAMUSSY / EFE
jokin sagarzazu
2024ko otsailaren 4a
05:00
Entzun
Aste batzuk barru Parisera joateko asmoa daukagu, autoz. Gomendiorik?

Adi ibili patrikan zuloa egin nahi ez baduzu. SUV auto horietako bat duzu?

Ez. Zergatik diozu hori?

Gaur Parisko Udalak erreferendum bat egin behar duelako, SUV autoen erabilera mugatzeko, aparkatzeko tarifa garestiagoak ezartzeko.

Benetan? Zergatik daude halako autoen aurka?

Oinezkoentzat eta txirrindularientzat arriskutsuagoak direlako eta kaleetan leku asko okupatzen dutelako. Iaz saldutako bi autotik batek 180 cm baino gehiagoko zabalera zuen, eta legez autobus edo kamioi baten zabalerara irits daitezke. Aparkalekuek 200 cm dituzte batez beste. Horrek ondorio ugari ditu: ez dute besteentzako tokirik uzten, espaloietara igotzen dituzte...

Baina leku falta da arazo nagusia?

Ez. Batez ere kutsadura da. IEA Nazioarteko Energia Agentziaren arabera, CO2 isurketen hazkundearen arrazoi nagusietako bat SUV autoak dira. Pentsa: industria astunak, kamioien garraioak eta hegazkingintzak baino gehiago kutsatzen dute gaur egun. Eta gora ari dira egiten. Salmentak sekulakoak dira: 2010ean, 50 milioi inguru ziren munduan, eta 320 milioi dira oraintsu.

Azken aldian SUV hibrido asko eta elektriko batzuk ikusi ditut. Horiei eragingo al die neurriak?

Bai.

Baina ez dute kutsatzen, ezta?

Nola ez! Handiagoak izanik, askoz ere bateria pisutsuagoak behar dituzte, eta urriak diren mineral kritiko gehiago behar izaten da horientzat.

Eta zergatik ez dituzte debekatzen? Oker ez banago, hala egin zuten patinete elektrikoekin Parisen.

Bai, baina alokairuko patineteak bakarrik. Iazko apirilean egin zuten hori, baina arrazoiak beste batzuk dira. Gainera, SUVekin legez ezin dute halakorik egin. Beraz, aparkatzeko tarifekin jokatzen ari dira.

Baiezkoak irabazten badu, zer ondorio izango ditu?

Tarifak hirukoiztu egingo dira: 18 euro hiriko erdigunean ordubete aparkatzeagatik, eta hortik gora, denbora gehiago egonez gero. Periferian, 12 euro. Hori bai, paristarrek tarifa merkeagoak izango dituzte. Horrek bermatuko du neurria ziurrenik onartzea.

Eta horrelakoak Parisen bakarrik planteatu dira?

Ez. Lyonen ere tarifa garestiagoak ezarri dituzte, motorren potentziaren arabera. Alemaniako Turingian ere %50eko igoera izan dute... 

Eta nola kontrolatzen dute hori?

Aparkaleku itxietan, kameren bidez. Besteetan, autoaren modeloa edo beste datu batzuk sartuz ordainketa makinetan.

Fabrikatzaileek zer diote?

Betikoa. Eskaera badago fabrikatzen jarraituko dutela. Merkatuak agintzen du, lagun!

Pariskoak zerbait aldatuko duela uste duzu?

Auto handien aro baten amaiera esan nahi duzu? Ez dakit ba. Baina hirietako mugikortasuna aztertzeko eta eztabaida sortzeko balioko balu behintzat.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.