Jatxu Intxaurbe. Batz kooperatibako berrikuntza arduraduna

«Auto modelo baten egokitzapen berria %10 arinagoa egin daiteke»

Autoak ekoizteko gaiak arintzea da sektoreko hornitzaileen erronka nagusietako bat. Igorreko (Bizkaia) Batz multinazionala autogintzaren abangoardian dago, piezak arintzen CO2 isuriak txikitzeko.

xabier martin
Donostia
2017ko ekainaren 21a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Garraioan eta industrian gero eta garrantzi handiagoa daukate gaiek. Autogintza, aeronautika eta makina-erremintako 260 aditu elkartuko dira gaur, Donostian (Kursaal), Mondragon Unibertsitateak eta Tecnaliak antolatutako ekitaldian. Autogintzari buruzko mahai inguruan, Batz kooperatibako berrikuntza arloko buru Jatxu Intxaurbe egongo da, Gestamp, MU eta Acicae klusterreko adituekin batera.

Sektore heldua da autogintza, baina inoiz baino berrikuntza gehiago iristen ari da autoetara. Zergatik?

Gero eta populazio handiagoa dago munduan, eta gero eta jende gehiagok behar du autoa, baina ez betikoak, eguneratuak baizik. Eta, beraz, autogintza ez da geldirik egon urte hauetan, efizientziari begira erronka berriak ezarri dituztelako ingurumenarekin lotutako aldagaiek. CO2 isuriak, adibidez. Testuinguru horretan hartzen dute garrantzia autoak ekoizteko materialek. Gai horiek gero eta arinago izateko erronka horrek bultzatu gaitu azken urte hauetan.

Autogintza esan, eta robotez betetako fabrikak etortzen dira burura. Automatizazioa da sektorea bultzatu duen beste zutabe bat. Geratuko al da hezur-haragizko langilerik autoak ekoizten?

Bai, noski, baina argi eta garbi robot gehiago datoz. Fabrikazio aurreratuaren aldeko apustua egiten ari gara, 4.0 industriaren barruan. Hala ere, horrek eskatzen digu makina eta pertsona batera eta era egokian aritzea, prozesu gero eta merkeagoak eta jasangarriagoak bultzatuz. Malgutasuna bilatzen da, ekoizpenak bezeroen neurrira egin ahal izateko. Edozein bitxikeria egiteko gai izan behar dugu, arin eta ondo ekoitzita, gainera.

Autoen pisura itzulita, aluminioaren alternatibak aurkitu al dira azkenean?

Pisua arintzea joera nagusi bat da sektorean, CO2 isuriak jaisteko. Autoak gutxiago pisatzen badu, erregai gutxiago gastatzen du, eta CO2 gutxiago isurtzen du. Aluminioa orain urte batzuk erabiltzen hasi zen, eta premiun marka batzuk autoaren gai nagusi bihurtu zuten. Baina orain bestelakoa da joera. Plastikoak sartu dira, plastiko bereziak, konpositeak. Azkenean, multimateriala da erantzuna: pieza bakoitza gai egokienean egitea. Plastikoa baliatzen da, aluminioa ere bai, eta altzairua ere bai. Arintzea da kontua, betiere autoren segurtasuna kolokan jarri gabe. Egiturazko piezetan pisu jakin bat behar da, esaterako; istripua badago, erantzun jakin bat eman behar du autoak. Baina gaur egun, simulazio informatikoen bidez, zehatz jakin daiteke gai bat egokia den pieza jakin bat egiteko. Behar den lekuan gai egokiena jartzea da helburua, azken emaitza ahalik eta arinen izateko, segurtasunaren barruan betiere.

Gaien egokitasunaren bilatzean kostuek ere bere pisua izango dute, ezta?

Bai, hala da; urtean zenbat pieza egin behar diren kontuan hartu behar da, adibidez, pieza bakoitzaren kostua kontuan hartuta. Horregatik, gai onenak ez du zertan gai egokiena izan.

Zenbat arindu daiteke auto bat denbora gutxian?

Modelo beraren egokitzapen berri bat %10 arinago izatea posible da.

%10 garestiago salduko dute akaso?

Ez du zertan; ez dauka lotura zuzen-zuzena. Prezioan beste aldagai asko sartzen dira. Teknologia berriaren erabilerak ez dauka isla zuzena prezioan askotan. Irabazi marjinak, esklusibotasunak eta beste aldagaia batzuek gehiago finkatzen dute garestitzea edo merkatzea.

Autogintzaren olatu handiaren gainean doa Batz. Zer ekarriko dio 2017. urteak kooperatibari?

Fakturazioan %15 handitzen ari gara azken urte hauetan, eta pozik gaude. 300 milioi euro saldu ditugu aurreko urtean. 2003an, 80 milioi saldu genituen; beraz, bada zerbait. Gora goaz, eta joera horrekin jarraitzea espero dugu. 1.700 langile ditu Batzek mundu osoan, eta Euskal Herrian 500 bazkide baino gehiago gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.