Auto salmentak %16 egin zuen gora irailean Hego Euskal Herrian

Matrikulaturiko autoen %26,9 elektrikoak izan ziren, iaz halako bi.

Auto berri baten salmenta. GORKA RUBIO / FOKU
Auto berri baten salmenta. GORKA RUBIO / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2026ko urriaren 1a
15:58
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iraila hilabete oso ona izan zen Hego Euskal Herriko auto saltzaileentzat. Urteko joera apala hautsi egin zen, eta salmentek %16 egin zuten gora iazko iraileko datuekin alderatuta. 4.066 auto berri saldu ziren guztira, iaz baino 566 gehiago. Joera berezi nabarmena izan zen Nafarroan, hazkundea %38,1ekoa izan baitzen: aurten 1.048 auto berri saldu dituzte, eta iaz, 759.

Motorraren ezaugarriei erreparatuta, hibridoak izan ziren nagusi (%43,9); ondoren, elektrikoak (%26,9), eta, azkenik, hibrido entxufagarriak (%13,6). Datu horiek zehatz aztertuta, deigarria da Nafarroan auto elektrikoek izan zuten merkatu kuota: 449 saldu ziren, guztien %42. Nafarroan elektrikoak erosteko laguntzak handiagoak dira, eta haien eragina sumatzen da datuetan.

Eta urtea nola doa? Bada, irailera arte iazko lehen bederatzi hilabeteetan baino %2,8 auto berri gehiago saldu dira: 29.096 guztira. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %3,5 egin du gora salmentak, eta Nafarroan %0,8. Iraileko bultzadarengatik ez balitz, Nafarroako datuak iazkoak baino apalagoak lirateke. Markei dagokienez, Toyota markak saltzen du auto gehien Hego Euskal Herrian.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA