Kontrabandoagatik eta gizateriaren aurkako delitu batean konplize izateagatik. Espainiako Auzitegi Nazionala, hain zuzen, delitu horiengatik ikertzen ari da Jose Antonio Jainaga eta Sidenor altzairu konpainiaren zuzendaritzako beste bi kide.
Francisco de Jorge epaileak zabaldu du ikerketa, Sidenorrek Israel Military Industries (IMI) konpainia israeldarrari altzairua saldu diolakoan. IMIk arma astun eta arinak ekoizten ditu, eta, epailearen ustez, ikerketapean dauden Sidenorreko buruzagiak erabat jakitun ziren saldutako materiala armak ekoizteko erabiliko zela.
Sidenorrek, epailearen autoaren arabera, ez zion salmentarako beharrezko baimenik eskatu Espainiako Gobernuari, eta ez zuen izenik eman dagokion erregistroan. Printzipioz, epailearen ustez, karguak egotz dakizkioke Clerbil sozietateari, zeina Sinedor Holdings Europaren administratzaile bakarra den.
Aldiz, uste du oraingoz ez dela beharrezkoa Sidenor Aceros Especiales ikertzea. Taldearen konpainia nagusia oraindik ez ikertzeko erabakia arrazoitzeko, epaileak Europako zuzentarau bat erabili du, zeinak arautzen duen nola babestu enpresako langileen jarrera aktiboa eta salaketa ezagutarazteko haien ekarpena. Beraz, ondorioztatu daiteke Sidenorreko kideren batek lagundu diela ikertzaileei.
Ikerketa Comunitat Palestina de Catalunya-Terra Santa elkartearen kereila baten ondorioz zabaldu du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Kereila hori aurkeztu zen egunetan, Sidenorren 122 tona altzairuko zama bat zegoen prest Bartzelonako Portuan uztailaren 1ean Israelerantz itsasoratzeko. Elkarteak karga hori konfiskatzeko eskatu zuen Auzitegi Nazionalean.
Sidenorrek, hain zuzen, uztailaren lehenean ohar baten bidez jakinarazi zuen Israeli altzairua saltzeari utziko ziola. Aurretik, Irlandako The Ditch komunikabideak argitaratu zuen Sidenorrek iazko abuztutik gutxienez hiru altzairu karga bidali dituela Israelera, Haifako portutik. 1.200 tona inguru guztira. The Ditch-en arabera, altzairua IMI Systems armagile israeldarrarentzat zen.
Talgoren erosketa tartean
Kasualitatea edo ez, Espainiako Auzitegi Nazionalaren ikerketa eta deklaratzera joateko deia garai arantzatsuan datoz Jainagarentzat, datozen asteetan Talgo tren konpainia eskuratzeko operazioa ixten aritu beharko lukeelako.
Beste behin, Talgo erosteko operazioa katramilatu egin da.
Ribabellosako (Araba) tren konpainiaren erosketa otsailean abiatu zuen Sidenorrek. Eta egun haietan Talgo euskal eskuetara itzuliko zela ospatu zen. Eragiketa horretarako partzuergo batean 45na milioi euro jarri zituzten Sidenorrek, Eusko Jaurlaritzak eta BBK fundazioak, eta beste 20 milioi euro Vital fundazioak.

155 milioirekin xedea zen Trilantic funtsak Talgon zuen %29,7ko parte hartzea eskuratzea. Baina horren aurretik, baldintza zorrotza zen, Talgoren egoera finantzarioari irtenbide bat eman behar zitzaion. Tren konpainiaren zorra 400 milioira handitu zen, eta, gainera, Renferen 160 milioi euroko isun bat jaso zuen, tren batzuek berandu entregatzeagatik.
Ematen zuen irtenbide finantzario hori iritsi zela joan den uztailean, SEPI Industria Partaidetzarako Espainiako Sozietateak eta Jaurlaritzak inbertitzaile pribatuekin osatutako talde batek 150 milioi euroko mailegu bat hitzartu ostean Talgoren zorra duten bankuentzat.
Hala ere, oraindik ere Talgoren erosketa operazioa ez da gauzatu. Talgok akziodunen ezohiko batzar bat egin behar du, bere kapitalean Sidenorren eta Espainiako Gobernuaren —SEPIren bidez— sarrera baimentzeko. Jaurlaritzak azken egunetan esan du Talgo erosteko operazioa uste baino konplexuagoa gertatu dela azkenean, baina behin baino gehiagotan adierazi du erosketa urtea amaitu aurretik itxiko dela.
Erreakzioak
ELA sindikatua kezkatuta agertu da Jainagari zabaldutako ikerketarekin. ELAren aburuz, «ikertutako gertakariak oso larriak dira», eta sindikatuak «ahalik eta gardentasunik handiena» eskatu die «ikertuari berari eta Sidenorreko zuzendaritzari».
Era berean, sindikatuak gogoratu du uztailaren 1ean ELAk berak, ESK eta LAB sindikatuek eta BDS plataformak salatu zutela Sidenorrek Israelekin zuen merkataritza harremana. «Posizionamendu horren ondoren, Sidenorrek iragarri zuen egoera horretan altzairua zerbitzatzeari utziko ziola».
Sindikatuaren ustez, hori nabarmen agertu da epailearen autoan, non baztertu egiten den Sidenor Aceros Especiales ikertzea, «enpresako langileen jarrera aktiboarengatik eta haiek salaketa ezagutarazteko eginiko ekarpenarengatik; hala, ustezko delituzko jardueran jarraitzea eragotzi baita».
ELAk adierazi duenez, argi geratu da, beste behin, «beharrezkoak» direla giza eskubideen aldeko konpromisoa duten sindikatuak, zeinak gai izango diren pertsonen eskubideen kontra ari diren zuzendaritzei planto egiteko.
Sindikatuak enpresetan eta erakundeetan lanean jarraitzeko asmoa agertu du, haiek harremanak hauts ditzaten Israelekin, Palestinako herriaren genozidioaren erantzulea baita.