Migratzaileen erregularizazioak bultzatuta, enpleguak eta langabeziak gorantz jarraitzen dute

Urrian, irailean baino 3.035 langabe gehiagok eman dute izena Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan. Gizarte Segurantzaren afiliazioetan ere gorakada handia izan da: 17.000 kotizatzaile gehiago daude.

Nafar Lansareren bulego bat. NAFARROAKO GOBERNUA
Nafar Lansareren bulego bat. NAFARROAKO GOBERNUA
joxerra senar
2026ko azaroaren 4a
09:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Etorkinen erregularizazio prozesuak lan munduan eragin handia izan du, bai langabezian eta bai Gizarte Segurantzaren afiliazioan. Espainiako Gobernuak kaleratu berri dituen datuen arabera, urrian batez beste 142.645 langabe zeuden erregistratuta Lanbideren eta Nafar Lansareren bulegoetan; hau da, irailean baino 3.035 gehiago, eta iazko urrian baino 6.077 gehiago.

Aurreko hilabeteetako goranzko joerak jarraitu du, hortaz. Udako kontratazio aldia amaituta, urrian normalean langabeziak gora egiten du. Aurten ere hala izan bada ere, deigarria da langabe kopuruak gora egin duela ekainetik. Zehazki, irailean eta urrian 3.000tik gora langabe gehiago zenbatu dituzte enplegu bulego publikoek. 

Goranzko joera hori bereziki islatu da aurretik enplegurik izan ez duten eta lehen aldiz lana bilatu nahi dutenen artean: irailarekin alderatuta, 1.212 pertsona gehiago erregistratu dira. Adibidez, kategoria horretan izen emandakoen kopurua hiru aldiz txikiagoa izan zen iazko urrian.

Orain arte ekonomia ezkutuan zeuden langile migratzaileek beren egoera arautu izana faktore garrantzitsua izan da. Ekainaren 30ean amaitu zen erregularizazio prozesu ezohikoa, eta jada Hego Euskal Herrian bizi ziren ia 65.000 migratzailek eskatu zituzten paperak. Irailean amaitu zen eskaerei erantzuteko epea, baina ziurrenik askok geroago jaso zuten erantzuna. Hala, urrian lan munduratzen jarraitu dute, eta ikusi beharko da ondorengo hilabetetan zer gertatuko den.

Udaren amaiera

Sektoreka, berriz, udako kanpainaren amaiera batik bat zerbitzuetan antzeman da, 1.446 gehiago baitaude lanik gabe, iraileko datuekin alderatuta. 

Nekazaritzan ere bere eragina izan du. Beroaren ondorioz, aurten mahats bilketa lehenago hasi eta bukatu da, eta horregatik irailean langabeziak gorantz egin zuen. Alta, urrian ere bide beretik jarraitu, eta gora egin du langabe kopuruak nabarmen, 145 pertsona gehiago erregistratu baitira. Horietatik 99 Araban eta Nafarroan izan dira, mahats bilketaren kanpaina amaieraren ondorioz. 

Industrian neurri berean handitu da langabezia Hegoaldean —156 langabe gehiago zeuden urrian—, baina sektorearen tamaina askoz handiagoa izaki, deigarria da datua. Izan ere, industria jardueraren moteltzeak ez du sektorean hainbesteko eraginik izan. Gipuzkoan, zehazki, apur bat behera egin du langabeziak: zehazki, sei langabe gutxiago dituzte bertan. 

Afiliazioa ere gora

Erregularizazio prozesuak ez dio soilik langabeziari eragin. Txanponaren ifrentzua langabezia bada, aurkia landunen kopurua izan da, enpleguak ere gora egin baitu urrian. Gizarte Segurantzan, aurreko hilabetean baino 17.065 afiliatu gehiago daude (+%1,25). Aurreko urteko kopuruarekin alderatuta, are gehiago handitu da afiliazioa: 35.080 landun gehiago. 2022ko martxotik hona urte arteko daturik hoberena izan da.

Afiliazioak lau lurraldeetan egin du gora, baina ez neurri berean. Gipuzkoan handitu da gehien (+%1,53) eta Nafarroan gutxien (+%0,78).

Datuak

%9,81

Langabezia tasa. Migratzaileen erregularizazio prozesuaren ondorioz, Hego Euskal Herriko lan munduko landunen eta langabeen kopuruak gora egin du. Alta, okupazioa baino gehiago igo da langabezia: irailetik %9,76tik %9,81eraino igo da langabezia tasa.

1.383.902

Afiliazioa. Gizarte Segurantzan afiliatutakoena kopuruak beste marka historiko bat gainditu du Hego Euskal Herrian. 1.383.902 lagun daude gaur egun Gizarte Segurantzan izena emanda.

Gizarte Segurantzako erregimen guztietan egin du gora afiliazioak, lehen sektoreei loturikoetan izan ezik. Zehazki, nekazaritza erregimenean, 1.942 pertsonak eman dute baja iraileko datuekin alderatuta; itsasoan, berriz, 11 lagunek. 

Kontratazio handiko hilabetea izan zen urrikoa. Nahiz eta irailarekin alderatuta 15.916 kontratu gutxiago izenpetu diren, azken bi urteetan kontratu gehien egin den hilabetea izan da. Gainera, horietatik %26,3 mugagabeak izan dira, azken hiru urteetako daturik hoberena. 

Langabeziak gora egin badu ere, afiliazioan lortutako marka historikoari erreparatu dio Sara Buesa Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Inklusio sailburuordeak. Haren esanetan, «lan merkatuaren sendotasuna eta enplegua sortzen jarraitzeko ekonomiaren gaitasuna» erakusten du. Buesak baieztatu du erregularizazio prozesuak «eragin nabarmena» izan duela hala langabeziaren datuetan nola enpleguarenetan.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA