Azken-aurreko aukera EB-Mercosur ituna geratzeko

Europarlamentariek bihar erabakiko dute Mercosurrekin egindako merkataritza hitzarmena EBko auzitegira eramango duten ala ez. Europako Parlamentuak berak izango du azken hitza.

Von der Leyenen aurkako afixa bat, nekazariek Estrasburgon egindako manifestazioan. YOAN VALAT / EFE
Von der Leyenen aurkako afixa bat, nekazariek Estrasburgon egindako manifestazioan. YOAN VALAT / EFE
Iker Aranburu.
2026ko urtarrilaren 20a
14:39
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken-aurreko aukera dute bihar Europako Batasunak Mercosurrekin egindako merkataritza hitzarmena geratzeko. Azken aukeran bezala, bihar ere Europako Parlamentua izango da protagonista, hartako kideen esku baitago itun hori Europako Justizia Auzitegira eraman ala ez erabakitzea. Aukera hori baztertuz gero, parlamentarien baiezkoa soilik faltako da itunaren alderdi komertziala erabat indarrean jartzeko.

«Bozketa estua izango da», onartu du Joergen Warbornek, Europako Parlamentuko nazioarteko merkataritzako batzordeko presidenteak. EAP Europako Alderdi Popularreko kidea da Warborn suediarra, eta eskatu du ituna epaileen esku ez uzteko. Taldekide askok, ordea, ez diote jaramonik egingo, eta Luxenburgoko auzitegira jotzearen alde bozkatuko dute. Tartean egongo dira Frantziako Errepublikanoak, Austriako OVP eta Poloniako alderdi kontserbadoreko kideak, hiru herrialde horietan itunaren aurkako iritzia zabalduta baitago ezker-eskuin. 

Itunaren alde daude, oro har, Sozialista eta Demokraten Aliantza Aurrerakoia eta Renew liberala, baina haien artean ere izango dira auzitegiari hitza ematearen aldekoak. Beste muturrean daude Berdeak eta Europako Ezker Unitarioa: haiek aurkeztu dituzte epaileengana jotzeko eskatzen duten bi proposamenak.

Horiek horrela, eskuin muturreko hiru taldeetako europarlamentarien botoak funtsezkoak izango dira emaitza alde batera edo bestera lerratzeko. Hiru horietan nagusiak, Patriotak izeneko taldeak, boto askatasuna eman die bere 79 ordezkariei.

Proposamenak aurrera eginez gero, merkataritza itunaren aplikazioa eten egingo da behin-behinean, epaileek erabaki arte. Aurrera egin ezean, aldiz, bi aukera daude: Europako Batzordeak ituna behin-behinean indarrean jartzea, edo aplikazioa atzeratzea Europako Parlamentuak berak erabaki arte ituna berrestea edo atzera botatzea.

Nekazarien protesta

Itunaren etorkizuna Europako Parlamentuaren esku dagoela ikusita, laborariek han egiten dute protesta. Ehunka nekazari Estrasburgoko egoitzatik gertu (Alsazia, Frantzia) bildu dira gaur goizean, FNSEA Frantziako laborarien sindikatu nagusiak deituta.

Talde horren eta, oro har, nekazarien erakundeen arabera, itunaren bitartez Mercosurreko herrialdeetatik kontrol txikiko eta prezio apaleko haragi asko iritsiko da Europara, eta horrek barneko ekoizleak hondoratuko ditu. Ziurtatu dute azukre erremolatxa lantzen dutenei eta oilasko ekoizleei ere kalte egingo diela. Merkataritza liberalizatzeak eta muga zergak murrizteak, ordea, gehiago zabalduko dizkie Mercosurreko merkatuak ardo eta gazta ekoizleei eta industriaren sektore gutiz gehienei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.