«Juaristi enpresak urteak daramatza Israelekin inolako negozio harremanik izan gabe», azaldu du Azkoitiko konpainiak ohar batean, eta adierazi BDS Euskal Herriak joan den ostiralean zabaldutako informazioa ez dela egia.
«Argitaratutako informazioa ez da egia, salmenta bat izan zela iradokitzen baitu, halakorik existitzen ez den tokian», esan du enpresak. «Israelera egindako garraioa ez zen salmenta bat izan», azaldu du, eta zehaztu mugimendua «konponketa bati» zegokiola.
«Gure bezero batek fresatzeko buru bat bidali zigun konpontzera, eta guk jatorrizko jabeari itzuli genion», esplikatu du Juaristik. Konpainiak, hain zuzen, makinak egiten ditu, fresatzeko eta mandrinatzeko makinak, eta baita torneatzeko gaitasuna duten zentroak ere.
«Duela gutxi, herrialde horretatik etorritako negozio aukera garrantzitsu bat atzera bota genuen, ez genuelako inondik inora babestu nahi Israelen egungo jokabidea»
JUARISTI
BDS Euskal Herriaren informazioaren oinarria Irlandako The Ditch aldizkariaren albiste bat zen, zeinak esaten zuen Juaristik 1.075 kilo gurpil errodamendu bidali zizkiola urtarrilean Elbit Systems konpainiari hegazkinez. The Ditch-en arabera, Israelgo Armadaren hornitzaile nagusia da Elbit Systems.
Juaristik informazio horrek eragindako «ezinegona» aipatu du, eta BDS Euskal Herriak zabaldutako informazioan oinarritutako albisteak zuzentzeko eskatu. Gaineratu du Israelekin negozioak izateko aukerak baztertu dituela: «Duela gutxi, herrialde horretatik etorritako negozio aukera garrantzitsu bat atzera bota genuen, ez genuelako inondik inora babestu nahi Israelen egungo jokabidea».