Israelgo arma lantegi bati materiala bidali izana egotzi dio BDSk Azkoitiko Juaristi enpresari

Haren arabera, mila kilo gurpil errodamendu igorri zizkion urtarrilean Israelgo armagintza enpresa nagusiari, Elbit Systemsi. Juaristi enpresak erabat ukatu du salaketa hori, eta zehaztu du urteak daramatzala «Israelekin inolako negozio harremanik» gabe.

Juaristi enpresaren egoitza, Azkoitian. GOOGLE MAPS
Juaristi enpresaren egoitza, Azkoitian. GOOGLE MAPS
Iker Aranburu.
2025eko azaroaren 14a
13:16
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sidenor ez da azken urteetan Israelekin negozioak egin dituen euskal enpresa bakarra, eta BDS Euskal Herriaren arabera, ezta haren aparatu militarrak armak egiteko materiala bidali duen bakarra ere. Talde horren arabera, Azkoitiko enpresa batek, Juaristi Boring and Milling Machinesek, gurpilen errodamenduen 1.075 kiloko kargamentu bat bidali zion urtarrilean Elbit Systems Israelgo arma enpresari.

Enpresak, baina, erabat ukatu du salaketa hori, azaroaren 17an zabaldutako ohar batean: «Juaristi enpresak urteak daramatza Israelekin inolako negozio harremanik izan gabe», azaldu du Azkoitiko konpainiak, eta adierazi du BDS Euskal Herriak joan den ostiralean zabaldutako informazioa ez dela egia.

«Argitaratutako informazioa ez da egia, salmenta bat izan zela iradokitzen baitu, halakorik existitzen ez den tokian», esan du enpresak. «Israelera egindako garraioa ez zen salmenta bat izan», azaldu du, eta zehaztu «mugimendua konponketa bati» zegokiola.

«Gure bezero batek fresatzeko buru bat bidali zigun konpontzera, eta guk jatorrizko jabeari itzuli genion», esplikatu du Juaristik. Konpainiak, hain zuzen, makinak egiten ditu, fresatzeko eta mandrinatzeko makinak eta baita torneatzeko gaitasuna duten zentroak ere.

Juaristik informazio horrek eragindako «ezinegona» aipatu du, eta BDS Euskal Herriak zabaldutako informazioan oinarritutako albisteen zuzenketa eskatu. Gaineratu du ere Israelekin negozio aukerak baztertu dituela: «Duela gutxi, herrialde horretatik etorritako negozio aukera garrantzitsu bat atzera bota genuen, ez genuelako inondik inora babestu nahi Israelen egungo jokabidea»

Informazioa Irlandako The Ditch aldizkariaren bitartez eskuratu zuela adierazi zuen BDS Euskal Herriak. Hark zioenez, Air Europa konpainiaren bitartez igorri zuen materiala Madrildik Tel Avivera, 2025eko urtarrilaren 29an. Betiere BDSren arabera, Elbit Systems Beies Israelgo armadaren arma hornitzaile nagusia da —lurreko material militarraren %80 harena da—, eta hari egozten dio Gazako zibilen aurkako erasoetan erabilitako misilak eta droneak eraiki izana.

BDs Euskal Herriak Juaristiri eskatu dio berehala eten ditzala «Israelgo gerrarako konplexuarekin dituen harreman guztiak» eta azaldu ditzala «publikoki bidalketaren gaineko ardurak». Taldeak adierazi du antzeko salaketa baten ondorioz Elbit Systemsekin tratuak egiteari utzi diola Euskal Herriko beste enpresa batek, AMC Mecanocauchok. BDS Mugimenduak Euskal Herriko erakundeei eskatu die ez daitezela Gazako genozidioaren konplize izan, eta «neurri eraginkorrak» har ditzatela enpresek ez dezaten parte hartu Israelgo makina militarrean eta ez diezaiotela etekina atera Palestinaren okupazioari. 

Sidenorren kasua

Asteazken honetan, Jose Antonio Jainaga Sidenorreko buruak eta altzairugile horretako beste bi buruzagik Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu zuten. Israelera altzairua esportatzean Espainiako Gobernuak agindutako bahimendua hausteagatik ikertzen ari dira Sidenorreko arduradunak, baina delitua egin izana ukatu zuten epailearen aurrean. Haien arabera, salmentak egin zituenean Sidenorrek ez zuen debekurik urratu, eta azken bidalketa Espainiako Gobernuak enbargoa ezarri baino hiru hilabete lehenago egin zuen.

 

Albiste hau azaroaren 17an eguneratu zen, enpresak hedabideetara oharra zabaldu zuenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.