Azkoitiko Sidenorren 24 langile kaleratu dituzte, Reinosara ez joateagatik

Soilik lauk onartu dute lekualdatzeko eskaintza. ELAren arabera, enpresa Azkoitiko lantegia «ahultzeko» eta deslokalizatzeko estrategia bat erabiltzen ari da.

Langileen elkarretaratze bat, Sidenorrek Azkoitian duen plantaren aurrean. UROLA KOSTAKO HITZA
Langileen elkarretaratze bat, Sidenorrek Azkoitian duen plantaren aurrean. UROLA KOSTAKO HITZA
jokin sagarzazu
2026ko maiatzaren 8a
16:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Ezkutuko asmoak» ziruditenak argitara irten dira. ELAk jakinarazi duenez, Sidenorrek 24 langile kaleratu ditu Azkoitiko lantegian (Gipuzkoan), eta beste lau Reinosako plantara (Espainia) joango dira, bi «euren borondatez», eta beste bi «behartuta». Kaleratutako langileek kalte ordaina jasoko dute.

Aitzitik, Sidenorreko zuzendaritzak «erabateko irmotasunez» adierazi du ez dela kaleratzerik izan, eta langile horiek enpresa utzi dutela Reinosako lantegira lekualdatzeko eskaintza onartu ez dutelako. Zehaztu duenez, guztira 36 langileri eskaini zien hara joatea, eta horietatik 32ri lanpostua bermatu zien. Gainera, eskaintza horrek beste baldintza batzuk jasotzen zituen, besteak beste, bizileku berrian kokatzeko 18.500 euroko prima bat, alokairua ordaintzeko hilean 1.250 eurorainoko laguntzak hiru urtez, eta soldata bermeak.

ELAren arabera, kaleratzeak «kontraesanez betetako prozesu baten» emaitza dira. Gogorarazi du 2022an Reinosa lantegiko langileak Azkoitira ekarri zituztela, Gipuzkoako plantako jarduera indartzeko helburuz. Hala ere, aurtengo martxoan enpresak erabaki zuen Azkoitiko ijezketa trena behin betiko ixtea eta produkzioa Reinosako lantegian zentralizatzea. Erabaki horren ondorioz, 36 langile hara lekualdatzea aurreikusi zuen. Haatik, ELAk salatu duenez, orain argi geratu da prozesu horren azken helburua langileak kaleratzea zela.

Sidenorrek aspalditik ditu arazoak bere ijezketa trenen produkzioarekin. 2022an, kontrako erabakia hartu zuen: Reinosako jarduera geldiarazi eta ekoizpena Azkoitian bateratu zuen, lehen sei hilabetez eta ondoren eperik gabe. Baina, handik urtebetera, berriz martxan jarri zuen Reinosa planta, 2024rako aurreikuspen baikorrak izan baitzituzten. Aurreikuspen horiek bete ez zirenean, enplegua erregulatzeko espedienteak ezarri zituen bi lantegietan. Enpresaren arabera, azken urteetan «barne malgutasun-neurriak» aplikatu dituzte egoerari eusteko, baina nabarmendu dute gaur egungo ekoizpen kargak ez duela justifikatzen bi ijezketa tren mantentzea.

Lan ituna, blokeatuta

ELAren arabera, gertaturikoa enpresak urte luzez Azkoitiko lantegia ahultzeko diseinatu duen estrategia baten ondorioa da. Salatu duenez, azken hamarkadan Gipuzkoako planta horretako lan baldintzak nabarmen okertu dira. Sindikatuaren hitzetan, aldi baterako enplegu erregulazioak elkarren segidan aplikatu dira, langileek %20tik gorako galera izan dute euren erosahalmenean, eta 2024tik gaur arte 150 lanpostu baino gehiago galdu dira. Gaur egun 250 langile inguru daude han. «Enpresak etekinak pilatzen dituen bitartean, lantaldea gero eta txikiagoa da, eta haren egoera gero eta prekarioagoa».

Sindikatuak gogoratu du Sidenorrek 2024an 14 milioi euroko irabaziak izan zituela, eta 2025ean 6,8 milioikoak. ELAren ustez, «kontraesan nabarmena» da, halaber, zuzendaritzak langileak kaleratu arren erakunde publikoek Jose Antonio Jainaga presidentea «industria bikaintasunaren erreferente gisa» saritu izana.

Kaleratzeez gain, ELAk salatu du lan hitzarmenaren negoziazioa ere «erabat blokeatuta» dagoela. Horren harira, gogoratu du azken hilabeteetan enpresa batzordea hainbatetan bildu dela Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Azkoitiko Udaleko ordezkariekin, Sidenorren «prekarizazio prozesua gelditzeko benetako konpromisoak» eskatzeko. Horrekin batera, CCOO, UGT eta USO sindikatuen jarrera ere salatu du, patronalaren estrategiarekin lerrokatzea eta aldi baterako enplegu erregulazioak babestea egotzita.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA