Beste enpresa bat begiz jo du Jose Antonio Jainaga enpresaburu bizkaitarrak: Azkoyen. Eusko Jaurlaritzaren, BBKren, Kutxabanken eta beste bazkide batzuen laguntzarekin, Nafarroako enpresa hori erosteko eskaintza publiko bat egin du.Â
Azkoyenek ordainketa sistemak, sarrera kontrolerako makinak eta salmenta automatikorako makinak egiten ditu, 800 langile inguru ditu, eta Azkoienen du egoitza nagusia. Enpresa historikoa da, duela 80 urte sortutakoa, eta gaur egun ehun herrialdetan baino gehiagotan saltzen ditu bere makinak.
Garai batean, Nafarroako Kutxa izan zen Azkoyenen akziodunik handiena, baina gaur egun Massaveu, La Prevision Menorquina, Global Portifolio eta Muza Gestion dira. Akzio gehienak, ordea, burtsan daude, eta merkatuetatik ateratzeko asmorik ez dutela zehaztu dute erosteko eskaintza egin dutenek.
Jainagaren taldeak akzio bakoitzeko hamar euro eskaini ditu, eskudirutan. Hau da, 240 milioi eurotik gora jarri beharko ditu akzio guztiak erosiz gero. Gaur, burtsako saioa amaitutakoan, 11,40 euro balio zituen Azkoyenen akzioak. Eroslegaiek, ordea, argudiatu dute hamar euro «prezio erakargarria» dela akzioaren salneurri historikoari erreparatuz gero, eta likidezia emango liekeela oraingo akziodunei. 2021etik 2025era bost eta sei euro artean kotizatu dute Azkoyenen tituluek, baina azken hilabeteetan gora egin dute nabarmen.
Ohmnia taldea
Azkoyen erosteko eskaintza publikoa Ohmnia taldearen bitartez egin dute Jainagak eta haren bazkideek, arrakasta izanez gero asmoa baita Azkoyen bera talde horretan sartzea.

Ohmnia elektronikaren eta metalaren adarretako hogei enpresa inguruk osatzen duten talde bat da, eta sektore hauetan jarduten du: energia, trenbideak, defentsa, osasuna eta sarrera kontrolak. Gaur egun mila langile inguru ditu, eta iaz 190 milioi euroren salmentak izan zituen.
Haren neurriko enpresa da Azkoyen ere. Iaz 211 milioi euro fakturatu zituen, inoiz baino gehiago, eta 37 milioi euroko irabazi operatibo bat izan zuen. Ohmniak azaldu duenez, Azkoyenen hiru negozio atalak —kafe eta salmenta makinak, ordainketa sistemak eta sarrera kontrolatzeko makinak— osagarriak dira bere negozioekin, eta, gainera, atzerrian hedatzeko aukera emango liokete.
Jainagaren Clerbil sozietatea da Ohmniako akziodun nagusia (%51), baina beste hiru bazkide ditu: Finantzen Euskal Kontseilua (Eusko Jaurlaritza), Vital fundazioa eta Lekerika familia.
Azkoyen bereganatzeko operaziorako, ordea, pisu handiko beste bi bazkide lortu ditu: BBK fundazioa eta Kutxabank bera, Indar Kartera inbertsio tresnaren bitartez.

BBKren, Vitalen eta Jaurlaritzaren laguntza eskuratu zuen Jainagak, Talgo erosteko eta enpresa berriro Arabara ekartzeko operazioan. Kutxabankek, berriz, Uvesco eta Ayesa Digital errotzeko operazioetan parte hartu du. Eusko Jaurlaritzak bultzatutako elkarlan publiko-pribatuaren beste adibide bat izango litzateke Azkoyen erostea, Mikel Jauregi Industria sailburuak «kuadrilla» deitutakoa.
Ohmniak azaldu duenez, operazioak aurrera egiteko derrigorrezkoa izango da Azkoyenen akziodunen %50ek baino gehiagok harekin bat egitea. Operazioa finantzatzeko, bere kapitala handituko du Ohmniak, eta horretan parte hartuko dute BBKk eta Indar Karterak ere.Â
Ikusteko dago orain zer erabakiko duen Azkoyenen akziodunen administrazio kontseiluak. Erosteko eskaintza oldarkortzat joz gero, aurre egingo dio, eta enpresaren kontrolari eusten saiatuko dira oraingo akziodunak. Baliteke, ordea, ontzat jotzea, eta, orduan, erosketa bizkortu egingo litzateke.