Azkoyenen administrazio kontseiluak «adeitsutzat» jo du Jose Antonio Jainaga buru duen Ohmnia enpresa taldeak konpainia erosteko abiatu duen prozesua. Horrek ez du esan nahi erosketa gauzatuko denik, baina prozesua erraztuko du, Azkoyenek negoziatzeko borondatea erakutsi baitu. Azkoyenek, orain, hamar eguneko epea du jasotako eskaintzaren inguruko txostena egin eta bere akziodunei bidaltzeko.
Ohmnia taldeak iragan astean eman zuen Azkoyen erosteko asmoaren berri. Harremana, baina, aurretik hasia zen, Azkoyenek berak jakinarazi duenez: bi aldeek konfidentzialtasun akordio bat sinatu zuten martxoaren 30ean, eta, haren bidez, Ohmniari baimena ematen zaio Azkoyenen diru kontuen eta legezko egoeraren inguruko informazioa jasotzeko. Akordio hori onartu ondoren, logikoa da erosteko eskaintza oldarkortzat ez jo izana.
Martxoan Azkoyenek bere egoera ekonomikoa aztertzeko eskubidea eman zion Ohmniari. Akordio hori egin ondoren, logikoa da eskaintza oldarkortzat ez jo izana
Orain bi aldeen arteko sokatira hasiko da, operazioak aurrera egiteko derrigorrezkoa izango baita Azkoyenen akziodunen %50ek baino gehiagok Ohmniaren eskaintza onartzea. Taldeak hamar euro eskaini ditu akzioko, eta, egun 11,05 euroan dauden arren, aurtengo apirilera arte ez zuten hamar euroren langa igaro. Konfidentzialtasun akordioa sinatu eta gutxira gertatu zen hori, hain zuzen, eta duela bi aste hamalau euroraino iritsi ziren, baina orduz geroztik behera egin dute etengabe. Horiek horrela, Ohmniak uste du «prezio erakargarria» dela akzioaren salneurri historikoari erreparatuz gero, eta likidezia emango liekeela oraingo akziodunei.
Azkoyenek ohar bidez plazaratu du bere jarrera, eta zehaztu ez duela martxoko akordioaz bestelako loturarik Ohmniarekin. Halaber, jakinarazi du Garrigues abokatu agentzia kontratatu duela aholkularitza lanetarako. Agentzia entzutetsua da, horrelako operazioetan eskarmentu handikoa, eta, besteak beste, BBVAren aholkulari izan zen Sabadell bankua beretu nahi izan zuenean.
Nor da nor?
Litekeena da operazio honek Euskal Herriko industrian itzal handia duten bi izen lotzea. Azkoyenek ordainketa sistemak, sarrera kontrolerako makinak eta salmenta automatikorakoak egiten ditu, zortziehun langile inguru ditu, horietatik hirurehun Azkoiengo egoitza nagusian. Enpresa historikoa da, duela laurogei urte sortua, eta gaur egun ehun herrialdetan baino gehiagotan saltzen ditu makinak.
Garai batean, Nafarroako Kutxa izan zen Azkoyenen akziodunik handiena, baina gaur egun Massaveu, La Prevision Menorquina, Global Portfolio eta Muza Gestion daude akziodunen artean. Akzio gehienak, ordea, burtsan daude, eta erosteko eskaintza egin dutenek zehaztu dute ez dutela asmorik merkatuetatik ateratzeko. Iaz 211 milioi euro fakturatu zituen, inoiz baino gehiago, eta 37 milioi euroko irabazi operatiboa izan zuen.

Ohmnia elektronikaren eta metalaren adarretako hogei enpresa inguruk osatzen duten talde bat da, eta sektore hauetan jarduten du: energia, trenbideak, defentsa, osasuna eta sarrera kontrolak. Gaur egun mila langile ditu gutxi gorabehera, eta iaz 190 milioi euroren salmentak izan zituen. Jainagaren Clerbil sozietatea da akziodun nagusia (%51), baina beste hiru bazkide ditu: Finantzen Euskal Kontseilua (Eusko Jaurlaritza), Vital fundazioa eta Lekerika familia.
Azkoyen erosten saiatzeko pisu handiko beste bi bazkide lortu ditu Jainagak: BBK fundazioa eta Kutxabank bera, Indar Kartera inbertsio tresnaren bitartez. Beharko du haien giharra, akzio guztiak erosi nahi baditu 244 milioi euro jarri beharko baititu.