Aspaldi da adierazle sozioekonomikoek kezka pizten dutela Aiaraldean. XX. mendearen amaieran industria sektorearen eraldatzearen ondorioz galdutako enpleguak ez dira berreskuratu, eta azken urteetako krisi ekonomikoek okertu baino ez dute egin eskualdearen bilakaera ekonomikoa. Baina beldur dira arazoa ez ote den are gehiago okertuko. Izan ere, lantegiak itxiz doaz, eta lanpostuak desagertuz, nahiz eta erakundeek askotariko planak eta proposamenak egin badituzte ere egoera horri buelta emateko asmoz. Guardian eta Maderas de Llodio enpresen itxiera da horren erakusgarri. Bada, orain beste ahalegin bat egingo dute, Aiaraldeko industria indartzeko mahaia eratuko baita etzi, Arabako Aldundiak sustatuta.
Amurrion egingo dute lehen bilera, eta, aldundiak ez ezik, udalek, patronalek eta sindikatuek parte hartuko dute. ELAk eta LABek aurreratu dute, ordea, ez direla joango. Izan ere, haien esanetan, «propaganda» egiteko bai, baina nekez balioko du beste ezertarako, aurrez martxan jarritako beste egitasmo batzuek bezala. Gainera, gogorarazi dute eskualdean lan gatazkak izan direnean foru erakundea langileen aurka lerratu izan dela.
Edonola ere, mahaiaren helburua izango da eskualdeko industriaren egoerari buruzko diagnostiko bat egitea eta sektorea indartzeko neurri zehatzak adostea; hots, eskualdean hedatuta dagoen «ezkortasun» giroan argi printza bat agerraraztea, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak adierazi zuenez ekinaldiaren berri ematean. «Garaiz» dabiltzala berretsi zuen orduan, nahiz eta egoera zein larria den ikusita «premiazkotzat» jo zuen lanari ekitea.
Enpresak, baikor
Hain justu ere, bilera horren atarian, baikortasun printza batzuk nabari dira gaur Aiaraldeko enpresen eta autonomoen elkarteak argitaratutako inkesta batean: ziurgabetasunak ziurgabetasun, sektorearen aurreikuspenak onak dira. Inkestan parte hartu duten enpresa gehienek erantzun dute adierazle guztiek bilakaera ona izan dutela aurten, eta uste dute datorren urtean ere gai izango direla joera horri eusteko.
Zehazki, hamar enpresatik zortzik erantzun dute salmentei dagokionez iazkoaren parean edo gainetik amaituko dutela urtea. Datorren urteari begira ere, baikorrak dira gehienak, eta soilik %15ek espero dute okerrera egitea.
Enpleguari dagokionez, berriz, soilik %10 inguruk espero dute aurten lantaldea txikituko dutela. 2026ari erreparatzeko eskatuta, are apalagoa izan da kopuru hori: %7k erantzun dute enpleguak galduko direla; are gehiago, %25ek espero dute lanpostuak sortuko dituztela. Hala ere, mehatxu gisa aipatu dituzte langile kualifikatuak bilatzeko zailtasunak, kostuen areagotzea eta lan absentismoa.
Inkestak baditu datu kontrajarri batzuk ere; izan ere, enpresek aitortu dute eskualdeko industria sektorea ahuldu egin dela azken urteetan, lantegiak itxi dituztelako edo lekutu egin direlako. Mehatxu gisa aipatu dituzte bai inbertsio falta eta bai multinazionalen mendekotasun handiegia.
Industrian ez ezik, eraikuntza sektorean ere baikor agertu dira. Merkataritza da ifrentzua. Kezka handia da alor horretan: gehienek uste dute egoerak okerrera egingo duela hala salmentei nola enpleguari dagokienez. Digitalizazioak eta erosketa ohiturak aldatzeak ez ezik, eskualdeko herritarren erosteko ahalmena txikitu izanak ere nabarmen eragin die denda txikiei, eta gehienek ilun ikusten dute etorkizuna.