Balenciagaren salmenta blokeatuta dago oraindik, lan baldintzen negoziazioengatik

Langileek atzera bota dute inbertsio taldearen azken eskaintza. Urtarrilera arte jarrai dezakete hizketan. Akordioa ezinbestekoa da operazioa gauzatzeko.

Balenciagako langile batzordeko kideak, aurreko astean egindako agerraldian. JON URBE / FOKU
Balenciagako langile batzordeko kideak, aurreko astean egindako agerraldian. JON URBE / FOKU
jokin sagarzazu
2025eko abenduaren 19a
09:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Negoziatzen jarraituko dute. Zumaiako (Gipuzkoa) Balenciaga ontziolako langileek ostegun gauean atzera bota dute Safeen Drydocks Arabiar Emirerri Batuetako partzuergoak aurkeztutako azken eskaintza, eta, ondorioz, salmenta oraingoz blokeatuta dago. Langileek asanbladan hartu dute erabakia, negoziazio egun luze baten ondoren.

Lan baldintzen inguruko akordioa ezinbestekoa da enpresaren erosketa gauzatzeko. Merkataritza Alorreko Epaitegiak oniritzia eman dio operazioari, baina akordio hori gabe ezin da guztiz itxi. Inbertitzaileen asmoa zen Gabonetako oporraldien aurretik erregistratzea, baina negoziazioak urtarrilera arte luza daitezke, salerosketa protokoloan aipatutako epea gainean badute ere.

Desadostasun nagusia soldaten ingurukoa da. Ontziola erosteko prest dagoen talde inbertitzaileak proposatu du egungoak %5 murriztea eta hiru urtez izoztea, 2029ra arte, Gipuzkoako metalaren lan hitzarmenena jasotzen diren oinarrizko soldatetara gerturatzeko, %25etik gorakoak baitira egun. Langileek, ordea, erantzun dute ez dutela murrizketarik babestuko, baina prest azaldu dira hiru urterako izozketa onartzeko, betiere jabe berriak gainerako lan baldintzak mantentzen baditu.

Negoziazioen lehen faseetan, zazpi kaleratze —60 laguneko lantalde egonkorra du ontziolak— eta %25eko eta kasu batzuetan %50eko soldata jaitsierak planteatu zituen. Proposamen hori baztertu egin zuten langileek, eta inbertsio taldeak baldintzak leundu zituen, baina azken eskaintza ere ez dute onartu.

Erantzukizuna banatzen

Langile batzordeak uztailaren 22an oniritzia eman zion Arabiar Emirerri Batuetako Safeen Drydocks partzuergoaren eskaintzari, eta ondoren epaitegiek operazioa baimendu zuten. Langileen ordezkariek gogoratu dutenez, ebazpen judizialean zehaztu zen lan baldintzak bere hartan  mantenduko zirela. Langileek uste dute erosle talde horrek giharra baduela horretarako.

Aurreko astean nabarmendu zutenez, beraiek ez dira Balenciagaren salerosketa atzeratzearen erantzule bakarrak, eta adierazi zuten beren egoera ez dela batere samurra. Ekainaren 22an amaitu zitzaien aldi baterako erregulazioa, eta ordutik ez dute soldatarik jaso. Gogoratu zuten hartzekodunen konkurtsoaren administratzaileak hitzeman ziela baimen ordaindu bat jasoko zutela, baina egoera konpontzen ez bada ordainketa hori ere kolokan dutela. Horiek horrela, azpimarratu zuten beraiek ere espero dutela prozesua ahalik eta azkarren amaitzea, salerosketa gauzatzea, lanera itzultzeko.

Langileak ados egotea ezinbestekoa da ontziolaren salmenta formalizatzeko. Azaroaren 30ean, Safeen Drydocks partzuergoko kide diren Abu Dhabi Ports eta Premier Marine taldeek sinatu zuten 11,2 milioi euroko salmenta protokoloa, eta Eusko Jaurlaritzak emana die portu lursailen kontzesioa, gutxienez datozen hamar urteetarako. Langileek Jaurlaritzaren jarrera kritikatu dute, salerosketa egintzat eman duelako lan baldintzak negoziatu aurretik.

Ontziola 2024ko abendutik dago hartzekodunen konkurtsoan, eta haren etorkizuna bermatzeko prozesuan administrazio publikoek ere parte hartu dute. Funtsezkoa izan da Cofides sozietate publiko-pribatuak zorraren murrizketa onartu izana, 15 milioitik 8,5 milioi eurora, horrek inbertitzaileen interesa piztu baitu.

Abu Dhabi Ports taldea, hain zuzen ere, itsas garraioaren sektoreko erraldoietako bat da: 247 itsasontziren jabe da, terminalak ditu zenbait portutan, zona frankoak, gune logistikoak, zerbitzu digitalak eta abar. 50 herrialdetan baino gehiagotan jarduten du. 2025. urteko bigarren hiruhilekoan 1.121 milioi euroren diru sarrerak izan zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.