«Egoera jasanezina da». Euren jokabidearen defentsan, Balenciagako langileek agerraldia egin dute gaur Zumaiako (Gipuzkoa) ontziolako atarian. Azpimarratu dute ez direla salerosketa atzeratzearen erantzuleak, eta enpresa erosi nahian dabilen inbertitzaileak proposatu dizkien baldintzen berri eman dute: zazpi kaleratze onartzea eta soldatak %25 jaistea, %50 ere bai zenbaiti. Langileek, proposamen horri ezezkoa eman, eta inbertitzaileari alternatiba bat helarazi diote; erantzunaren zain daude orain.
Ikusi gehiago
Langileek ez dute soldatarik jaso ekainaren 22an ABEE aldi baterako enplegu erregulazioa amaitu zitzaienetik. Orduan, hartzekodunen konkurtsoaren administratzaileak hitzeman zien baimen ordaindu bat pagatuko ziela, baina, egoera konpontzen ez bada, hori ere ez dute jasoko: «Hilabeteak daramatzagu soldatarik gabe, zorrak pilatzen eta ziurgabetasuna bizitzen: gure familiak gogor jotzen ditu horrek». Aurrez ere kobratu gabe lan egindakoak dira.
Langile batzordeak uztailaren 22an eman zion oniritzia Arabiar Emirerri Batuetako Safeen Drydocks partzuergoaren eskaintzari, eta epaitegiek horren ostean baimendu zuten operazioa. Ebazpenean zehazten zen lan baldintzei bere hartan eutsiko zietela.
«Hilabeteak daramatzagu soldatarik jaso gabe, zorrak pilatzen eta ziurgabetasuna bizitzen: gure familiak gogor jotzen ditu horrek»
BALENCIAGAKO LANGILE BATZORDEA
Ordutik gertatutakoak kontatu dituzte gaur: «Irailean eta urrian jakinarazi ziguten aurrera zihoala kontua, baina denbora gehiago behar zutela». Azkenean, azaroaren 12an elkartu ziren inbertitzaileen abokatuak eta Balenciagako langileak, Madrilen. Han jakinarazi zieten asmoa zutela zazpi kaleratze egiteko eta soldatak %25 apaltzeko. Langile taldeak ezezkoa eman zion proposamen hari, eta, «erantzukizunez» jokatuta, alternatiba bat eskaini zuen: lehengo lan baldintzei eustea, eta hiru urtez soldatak izoztea. Oraindik ez dute erantzunik jaso.
Izatez, konkurtsoaren administratzaileak urriaren amaieran jakinarazi zien erosketa azaroaren 17ko astean formalizatzeko asmoa zutela, baina aferak argitu gabe dirau oraindik ere. Noiz arte? «Guk daukagun informazioaren arabera, azaroaren 30ean sinatutako salerosketa protokoloan hogei eguneko epea ezarri zuten, baina ez dakigu luzatzerik izango duten edo ez», azaldu du David Tejerak (CCOO), langile batzordeko presidenteak.
Funtsean, lanpostuei eta lan baldintzei eusteko eskatzen dute beharginek, ez besterik. «Ez guretzat bakarrik, baita etorkizunean proiektu honetara batuko direnentzat ere», gehitu du Tejerak.
Imanol Belokik, LABek langile batzordean duen ordezkariak, adierazi du egoera are sinesgaitzagoa zaiola «jakinda gutaz gain beste langile batzuk ere beharko direla ontziola aurrera eramateko. Iruditzen zaigu horrelako proposamenekin ibiltzea denbora galtzea dela, eta ez dugu ulertzen».
Kritika erakundeei
Beharginek esan dute Zumaiako Udala dela «aldi kritiko honetan» laguntzen ari zaien erakunde bakarra. Eusko Jaurlaritzak egintzat eman zuen operazioa Arabiar Emirerri Batukoek salerosketa protokoloa sinatu zutenean, eta, modu horretan, langileen gain jarri zuen salerosketa arrakastatsua izateko ardura. «Harrigarria egiten zaigu hemen kalitatezko lanpostu egonkorrak sortuko direla saltzea, eta, aldi berean, bertako langileon egoeraz argi ez hitz egitea», kritikatu du Belokik.
«Azpimarratu nahi dugu plantillak beti erakutsi dituela konpromisoa eta ardura. Kontzesioak egin ditugu, itxaron egin dugu, konfiantza izan dugu, eta borrokan jarraitzen dugu», azaldu dute gaur. Azpimarratu dute elkartuta daudela, eta lanpostuak defendatzen segituko dutela: «Lan egin nahi dugu, egonkortasuna, eta gure bizitza duin garatzea bermatuko digun proiektu bat».

Azkenik, inbertitzaile berriari mintzatu zaizkio: «Ez dugu ulertzen nola oraindik ez dioten erantzun aurkeztu genien proposamenari, jarduerari berriro ekitea hain gertu egonda».
Egun gutxi falta dira salerosketa protokoloan aipatutako epea bukatzeko, eta langileek aitortu dute badutela mugimenduren baten berri, baina ez dagoela ezer irmorik: «Espero dugu datozen egunetan gauzak argitzea, eta denok nahi dugun erabakia hartzea behin betiko. Lanean hasteko amorratzen gaude».
Txikikeria bat arrain handiarentzat
Belokik BERRIAri kontatu dionez, Safeen Drydocks partzuergoaren ordezkariak behin bakarrik izan dira haiekin ontziolan. Hitz politak izan zituzten orduko hartan: «Hiru aldiz esan zuten ez zitzaigula lanik faltako, eta hazteko asmoen berri ere eman zuten. Ontziolari ahalik eta zuku handiena atera nahi diote».
Esan zietenez, Arabiar Emirerri Batuetako taldearen lanak egingo dituzte, baina ez dituzte baztertuko gainontzeko bezeroen enkarguak ere. Balenciagak aurrez ere bazuen lana; esaterako, oso aurreratuta dute bi itsasontzi egiteko ingeniaritza lana.
«Zaplaztekoa», ordea, erosleen abokatuekin Madrilen egin zuten bileran eman zieten, eta, orain, langileek asteak daramatzate proposatutako alternatibaren erantzunaren esperoan. «Arrain handi-handi batek txikikeria baterako martxan jarri duen prozesua da gurea», laburbildu du LABeko ordezkariak.