Bankuen irabazien gaineko zerga urtebetez luzatuko dute foru ogasunek

Espainiako Gobernuak iragarritako neurriarekin bat egingo dute Hego Euskal Herriko foru ogasunek, baina bertako araudira egokitu beharko dute. Aurten, EAEkoek 57,9 milioi bildu dituzte urrira arte, eta Nafarroak 20 milioi jasotzea espero du.

Arcadi España Espainiako Ogasun ministroa, artxiboko irudi batean. MARISCAL / EFE
Arcadi España Espainiako Ogasun ministroa, artxiboko irudi batean. MARISCAL / EFE
jokin sagarzazu
2026ko azaroaren 24a
12:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bankuen irabazi handien zati bat etxebizitza politikak sustatzeko izango da. Espainiako Gobernuak ontzat jo su finantza erakundeen interesen eta komisioen gaineko zerga urtebetez luzatzea. Pedro Sanchez presidenteak larunbatean iragarri zuen neurria, hauteskunde kanpainaren harira egindako elkarrizketa batean, eta gaur onartu du, bere bigarren agintaldiko azken Ministro Kontseiluan. Azaldu duenez, bildutako dirua etxebizitza politikak finantzatzeko erabiliko da osorik.

Hego Euskal Herrian foru ogasunek arautzen eta biltzen dute zerga hori, itundutako zerga gisa, eta, orain arte behintzat, ez dute berariaz adierazi zertarako baliatu behar den diru hori. Espainiako Gobernuak, ordea, legean jasoko du diru bilketa etxebizitza politiketarako erabili beharko dela.

EAEn, 2025ean egokitu zuten Kontzertu Ekonomikoa zerga berria foru ogasunen araubidean txertatzeko eta urte horretan bertan aplikatzeko; Nafarroan, berriz, urte berean onartu zuen, baina hurrengo zergaldian ezartzeko.

Zerga horren bidez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ogasunek denera 57,9 milioi euro bildu dituzte aurten, urtarriletik urrira bitartean. Nafarroako Gobernuak ez du orain arteko daturik eman, baina, aurtengo aurrekontuetan adierazi zuenez, urte amaierara arte 20 milioi euro biltzea aurreikusten du.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ogasunek denera 102 milioi inguru bildu dituzte iaztik, zerga beren gain hartu zutenetik; Nafarroak 20 milioi espero ditu aurten

Espainiako Gobernuak 2022an ezarri zuen lehen aldiz bankuen irabazien gaineko aparteko zerga bat, Ukrainako gerraren ondorioz piztutako inflazio krisiaren harira, energia enpresei ezarritako zergarekin batera. Behin-behineko neurria izan zen hori, eta 2024ra arte egon zen indarrean.

Urte horren amaieran, ordea, hura ordezkatzeko beste zerga bat onartu zuen Sanchezen gobernuak, hiru urterako; Espainiako Kongresuan, PP, Vox eta UPN ez beste talde guztien babesa bildu zuen neurriak. Gainera, neurri hori zerga erreforma zabalago baten barruan zegoen; besteak beste, multinazionalen gutxieneko tributazioa eta zigarreta elektronikoen likidoen gaineko zerga ere jasotzen zituen.

Aurreneko zergak interesengatik eta komisioengatik 800 milioi eurotik gorako irabaziak zituzten finantza erakundeak soilik zergapetzen zituen. Eta tasa jakin bat zuen, %4,8koa. Orain luzatuko denak, berriz, tasa progresiboak ditu, %1etik %7rakoak, zerga oinarri likidagarriaren tarteen arabera. Hau da, ez dira diru sarrera gordinak bakarrik kontuan hartzen: finantza erakundeek interesen eta komisioen bidez lortutako marjina positiboa hartzen da zerga oinarritzat, interesen eta komisioen gastuak kenduta.

Hego Euskal Herriko ogasunek, halaber, zenbait kenkari ezartzen dituzte, besteak beste sozietate zergan. Adibidez, finantza erakundeek gizarte ekintzarako eta kooperatiben funtsetarako —Laboral Kutxaren kasuan— egindako gastuengatik, eta landa eremuetan kutxa automatikoak jartzeagatik.

Foru ogasunen esku

Lehenengo zerga hura ez zuten foru ogasunek kudeatu, ondare prestazio publiko bat izan baitzen, behin-behinekoa. Baina EAEk, adibidez, 78,8 milioi euro bildu zituen 2023an, Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoan adostutako konpentsazio baten bidez.

2024ko abenduan sortutako zerga, berriz, foru ogasunek arautzen eta biltzen dute. Horrek esan nahi du moldatu ahal dutela: Espainiako araudian jasotako tasak alda ditzakete, eta kenkariak eta pizgarriak ezarri, EAEko ogasunek gutxieneko harmonizazio bat ezarri behar duten arren.

Bigarren zergari lotuta, hainbat aldaketa egin zizkioten hasierako proposamenari, parlamentuko taldeen negoziazioen ondorioz, eta sektorearen presioek bultzatuta. Izan ere, finantza erakundeek auzitara jo zuten lehen zerga bertan behera utz zezatela eskatzeko edo haren zenbatekoa murrizteko. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, hala ere, babestu egin zuen Sanchezen gobernuaren erabakia.

Finantza erakundeek auzitara jo dute, baina Konstituzionalak neurria babestu du; PPk esan du aldatu egingo duela gobernura iritsiz gero

Bankuen argudio nagusietako bat izan zen zerga diskriminatzailea zela eta finantza erakundeen lehiakortasuna ahultzen zuela. PPk ere bat egin izan du kritika horiekin, eta iragarri izan du zerga aldatu edo arinduko lukeela gobernura iritsiz gero. Espainiako Gobernuak, ordea, hari eustearen alde egin du, eta zerga justiziaren argudioa erabili du horretarako. Gogora ekarri ditu azken urteetan bankuek izandako irabazi handiak.

Diru sarrera gehigarria

Hego Euskal Herrian, lau foru ogasunek dute zerga hori arautzeko eta biltzeko eskumena. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, zerga estatuko araudian indarrean dagoen azken zergaldira arte aplikatzeko dago aurreikusita; beraz, luzapena foru araudira egokitu beharko da. Nafarroan, berriz, Parlamentuak Foru Legea aldatu beharko du, 2025eko eta 2026ko zergaldietarako arautu baitzen.

KUTXABANK
Kutxabanken egoitza nagusia, Bilboko Kale Nagusian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Ogasunek bildutakoa lurralde bakoitzean jarduten duten finantza erakundeen eragiketa bolumenaren arabera banatzen da. Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak guztira 57,9 milioi euro bildu dituzte aurten, urtarriletik urrira bitartean, iaz epe berean baino %54,7 gehiago. Bizkaian 43,9 milioi euro, Gipuzkoan, 10,8 milioi eta Araban, 3,1 milioi. Iaz, hiru ogasunek denera 44,1 milioi euro bildu zituzten urte osoan.

Nafarroan aurten hasi dira biltzen. Aurtengo aurrekontuetan zehazten denez, 20 milioi euro jasotzea espero dute.

Espainiako Gobernuak luzatu duen zerga ez da nahasi behar kreditu erakundeetako gordailuen gaineko zergarekin: beste zerga bat da hori, eta 2013. urtetik dago indarrean. Aurten, EAE ogasunek 30 milioi euro bildu dituzte urrira arte, iaz baino %1,9 gehiago.

MUGAK KREDITU AZKAR ETA GARESTIEI

Dirua berehala eskuratzeko aukera ematen dute kreditu azkarrek, baina kostu handia izan dezakete, eta bezeroak zorra zor gehiagorekin estaltzera bultzatu. Horrelako gehiegikeriak mugatzeko, Espainiako Gobernuak erabaki du kontsumo kredituen interesei gehienezko muga bat ezartzea, bankuen jarduna gogortzeko beste hainbat neurrirekin batera. 

Araudi berriak kontsumo kreditu guztiei eragingo die: mailegu pertsonalei, mikrokredituei eta revolving txartelei, besteak beste. Interesen sabaia Espainiako Bankuak argitaratzen duen kreditu mota horien batez besteko tasaren arabera kalkulatuko da, eta horri sei eta hamabost puntu arteko marjina gehitu. Mailegu emaileek, gainera, bezeroen kaudimena aztertu beharko dute, dirua itzultzeko gaitasunik ez dutenei krediturik ez emateko. 

Azken testuak zenbait aldaketa jaso ditu urtarrilean aurkeztutako zirriborroarekin konparatuz. Esaterako, ordaindu gabeko kuotak erreklamatzeko komisioa hamabost edo 45 eurokoa izango da, zorraren zenbatekoaren arabera. Interes handiko maileguen emaileek, berriz, hilean %6rainoko interesa kobratu ahal izango dute; hasierako proposamenean, muga %4koa zen. 

Dekretuak beste neurri batzuk ere jasoko ditu: finantza zerbitzuak Internet bidez kontratatzeko baldintzak eta banku iruzurren prebentzioa indartuko ditu, besteak beste. Kontsumitzaileek, esaterako, aukera izango dute atzera egiteko kontratu bat egiten denetik hamalau egunera arteko epean.

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA