Gaur egun 300 euro behar dituenak ez du zertan bankura jo edo gertuko bati eskatu; hainbat plataformak ia berehala eskaintzen dute diru hori, eta sakelako telefonotik bertatik. Kostua, ordea, ohiko kontsumo maileguena baino askoz handiagoa izan ohi da, eta bezero askok aurreko zorra ordaindu ahal izateko beste mailegu bat eskatu behar izaten dute, eta bata bestearen gainean pilatu.
Horrelako egoerak mugatu nahi ditu Espainiako Gobernuak Kontsumo Kredituaren Lege berriarekin. Europako zuzentarau bat Espainiako legeriara egokitu nahi du, eta azaroaren 20ra arteko epea du horretarako.
Digitalizazioak mikrokredituak, mailegu azkarrak eta revolving txartelak zabaldu ditu. Horien bezero nagusiak, batez ere, ohiko finantza erakundeetan kreditua lortzeko zailtasunak dituzten pertsonak izaten dira. Premiaz behar dute dirua, baina mailegu arruntak ukatzen zaizkie, eta kostu eta baldintza gogorragoak dituzten merkatuetara eta produktuetara jotzen dute.
Interesei mugak
Egitasmoaren helburu nagusietako bat kredituaren kostuari sabaia jartzea da. Lehen aldiz, UTB urteko tasa baliokideari gehienezko mugak ezarri nahi zaizkio. UTBak maileguaren benetako kostua neurtzen du, bestelako gastuak ere kontuan hartuta.
Lege egitasmoak Espainiako Bankuak argitaratzen duen kontsumo kredituaren batez besteko tasa hartzen du oinarritzat, eta horri marjina bat gehitzen dio maileguaren zenbatekoaren arabera: 15 puntukoa 1.500 eurotik beherakoetan, eta 10 puntukoa 1.500 eta 6.000 euro artekoetan. Gehienezko muga %22koa izango da.
Ikusi gehiago
Gaur egun, 300 euroko mailegu bat 30 egunean itzultzeak 103 euro inguruko kostua izan dezake. Horrek esan nahi du maileguaren kostua hasierako zenbatekoaren %34,3 dela; urte osora egokituta, %3.417koa. Arau berriarekin, gehienezko kostua 40 eurokoa izango litzateke hiru hilabeteko epean; hilabetean itzuliz gero, 20 eurokoa.
Gainera, produktu horientzat baldintza bereziak ezarri nahi dira: gehienez 1.000 euro eman ahal izatea, eta hiru eta hamabi hilabete arteko itzulketa epeak izatea.
Asufin kontsumitzaileen elkarterentzat, baina, ez da nahikoa %22ko muga orokorra. Revolving kredituak bereziki kezkatzen du, eta eskatu du mailegu emaileek ezin eman izatea beste kreditu bat aurreko zorra ordaintzeko.
Asnef kreditu erakundeen patronalak ere kreditu mota bakoitza bereizteko eskatu du. Haren ustez, ez dira alderagarriak auto bat erosteko kredituak eta oporrak edo etxetresna elektriko bat finantzatzeko maileguak. Horregatik, interesen mugak kredituaren izaeraren arabera ezartzea proposatu du. Mikrokredituei dagokienez, 1.000 euroko gehienezko zenbatekoa handiegia dela uste du, batez ere itzultzeko gaitasun txikia duten bezeroentzat; horregatik, 400-500 eurora jaistea proposatu du.
%23,6Kutxabanken aurkako erreklamazioak.
Espainiako Bankuaren arabera, Kutxabanken aurkakoa izan zen iaz Hego Euskal Herrian jasotako lau erreklamaziotik bat (%23,6). BBVAren aurkakoak %15,9 izan ziren; Laboral Kutxaren aurkakoak, %14,3; Caixabanken aurkakoak, %12,1; Santanderren aurkakoak, %7,7; eta Rural Kutxaren aurkakoak, %6,2.
Datu horrek, ordea, ez du esan nahi Kutxabank denik bezeroekin arazo gehien duen bankua. Erakunde bakoitzak merkatuan duen presentzia ere hartu behar da kontuan. Bulego sareari begiratuta, esaterako, Kutxabankek %26,4 inguruko pisua du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; erreklamazioetan, berriz, %23,6koa. BBVAri dagokionez, aldiz, handiagoa da erreklamazioen portzentajea (%15,9), bulego sarearena baino (%10,6).
Eta zer gertatzen da Espainiako Bankuan jarritako erreklamazioekin? Kutxabanken aurkako hamar erreklamaziotik lautan (%40,1) bezeroaren aldeko txostena egin zuen Espainiako Bankuak; BBVAri dagokionez, hamarretik batean (%10,6). Txosten horiek ez dira lotesleak, baina Espainiako Bankuak dio bezeroaren aldeko hamar espedientetik zortzitan finantza erakundeek dirua itzuli zutela.
Lege egitasmoak beste berritasun batzuk jasotzen ditu. Kreditua emateko modua ere aldatu nahi du. Kreditu azkar eta txikiekin ere mailegu emaileek bezeroaren kaudimena aztertu beharko dute, eta ezin izango zaie krediturik eman dirua itzultzeko gaitasuna erakusten ez dutenei.
Baina nola frogatzen da hori? Asufinek salatu du kaudimenaren azterketan gero eta erakunde gehiagok erabiltzen dituztela sistema automatizatuak edo adimen artifizialekoak. Kontsumitzaileak irizpide horien berri izateko eskubidea dutela gogoratu du, eta, sistema automatizatuei dagokienez, giza berrikuspena bermatzeko eskatu du.
BANKUA SAKELAN, IRUZURRA ERE BAI
Maileguak bankuen aurkako erreklamazioen arrazoi nagusia izan ohi dira. Iaz, ordea, ziberiruzurrak hartu zuen lehen postua: lau erreklamaziotik bat Hego Euskal Herrian. Espainiako Bankuak uda honetan kaleratutako txosten baten arabera, 2024an erreklamazio guztien %9,1 izan ziren; 2025ean, berriz, %26,4.
Iruzur mota horiek izen bat baino gehiago dute, eta iruzurgileek ez dute zertan bankuaren segurtasun sistema hautsi. Phishing-a, smishing-a, vishing-a... Antzera funtzionatzen dute denek: ustezko mugimendu susmagarri baten abisua bidaliz edo benetakoaren itxura duen webgune bat erabiliz, bezeroaren konfiantza baliatzen dute haren datuak eskuratzeko edo diru eragiketa bat eginarazteko.
Eta hor hasten da benetako bankuaren eta bezeroaren arteko gatazka. Batentzat baimendutako eragiketa bat dena bestearentzat iruzur baten emaitza da. Oro har, bankuak dirua itzuli behar du, baina, frogatzen badu erabiltzaileak datuak zaintzean «arduragabekeria larria» egin duela, ez du zertan.
Asufinen arabera, kontsumitzailea ezin da izan «sistema finantzarioaren azken segurtasun hesia». Bankuek operazio susmagarriak garaiz antzemateko sistemak indartu, ezohiko eragiketak blokeatu eta, iruzur zantzurik ikusiz gero, bezeroarekin zuzenean harremanetan jarri beharko lukete.