Udako lehorteak estutu egin du abeltzaintzaren egoera, eta jada hasiak dira neguari begira gordetako bazka agortzen. Ustiategiak udaberrian beren larreetan bildutakoa erabiltzen ari dira dagoeneko; negurako gordea zutena baliatzen, alegia. Baina litekeena da egoerak okerrera egitea datozen hilabeteetan. Hala aitortu du Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak: urritik aurrera bazka eskasia areagotzea espero du. Hori ikusirik, aurreratu du Jaurlaritzak hainbat bide jarriko dituela eskura irail hasierarako bazka erosketa bateratua egiteko.
Atzo, UAGA, ENBA eta EHNE sindikatuek «arduragabekeria» leporatu zioten Jaurlaritzari Bazka Mahaiaren bilera irailera atzeratzeagatik, eta «berehalako neurriak» eskatu zituzten. Sailburuak, ordea, kritika horiek baztertu ditu, eta esan du iritzi horiek «kolektibo jakin» batenak direla.
Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean, Barredok nabarmendu du Bazka Mahaiaren hurrengo bilera irail hasierara atzeratzeak ez duela esan nahi Jaurlaritza ordura arte geldirik egongo denik. «Administrazioa ez dago bileraren zain erosketa bateratu horretan lan egiteko». Jakinarazi du dagoeneko sektoreko eragileekin hainbat bilera egin dituela horri begira.
ELKARRIZKETA
Alde batetik, adierazi du «lurraldeko kudeaketa zentro nagusiarekin» ari dela lanean, eta erakunde horrek abeltzaintza sektorearen %80 inguru biltzen duela. Bestetik, jakinarazi du pentsu fabrikatzaileen elkartearekin eta Arabako nekazaritza kooperatibekin ere ari dela hornidura prestatzen. Azaldu duenez, Jaurlaritzaren asmoa da ahal den neurrian bazka eta bestelako lehengaien hornidura tokiko ekoizpenarekin egitea, kanpotik ekarri beharrean.
Abuztuaren 7an egin zuten Bazka Mahaiaren lehen bilera Jaurlaritzak eta nekazaritza eta abeltzaintza sektoreko eragileek. Orduan, bazka batera erostea sustatzea adostu zuten, lehortearen ondorioz abeltzainek dituzten aparteko beharrei erantzuteko. Horretarako, ustiategien artean inkesta egitea erabaki zuen Nekazaritza Sailak, behar ziren elikagai motak eta kopuruak zehazteko. Guztira, 435 ustiategik erantzun dute: 86k Arabatik, 160k Bizkaitik eta 177k Gipuzkoatik.
Sindikatuen ustez, erantzun duten ustiategien kopurua oso txikia da, eta parte hartze apal hori sektoreak Jaurlaritzaren kudeaketarekiko duen «mesfidantzarekin» lotu dute.
Beharrak aztertzen
Barredoren arabera, inkesta sektoreko eragile guztiekin koordinatu zen, eta edozein ustiategik izan zuen parte hartzeko aukera. Erantzun kopuruari baino gehiago, jasotako informazioari eman dio garrantzia, haren esanetan datuek dagoeneko aukera ematen baitute abeltzainen aparteko beharren argazki zehatzagoa egiteko.
«Bazka beharrak multzokatzen ari gara, bolumen handiagoekin negoziatzeko»
AMAIA BARREDOEusko Jaurlaritzako Nekazaritza sailburua
Eskaerak askotarikoak izan dira, Barredok azaldu duenez; besteak beste, hainbat motatako siloratua eta lastoa behar dute abeltzainek, formatu desberdinetan. Beharrak «multzokatzen» ari dira orain, bolumen handiagoekin negoziatu ahal izateko eta, horrela, lehengaien prezio eta hornidura baldintza hobeak lortzeko. Oraingoz, ez dute erosketa bateraturako mekanismo zehatzik itxi. Barredoren iritziz, arazoa ez da soilik gaur egungo hornidura; adostutako tresnak baliagarri izan behar du etorkizunean antzeko egoerarik sortuko balitz ere.
Lehorte eremua
Egoeraren larritasunak, gainera, beste eskaera batzuk ere ekarri ditu. Sindikatuek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa lehorte eremu izendatzeko eskatu dute. Barredok ez du aukera hori baztertu, baina azaldu du erabakia ez dagoela «politikoki» itxita eta Jaurlaritzaren lehorte planak ezarritako adierazleen arabera hartu behar dela.
Uraren Euskal Agentziak hilero aztertzen ditu adierazle horiek. Barredok jakinarazi duenez, uztaileko txostenaren arabera, Bidasoko mankomunitatea (Gipuzkoa) dago larrien, eta abuztuko datuen balorazioa egin arte itxaron beharko da lehortearen bilakaera zein den ikusteko. Hortik aurrera aztertuko dute lehorte eremu deklaratzeko baldintzak betetzen diren ala ez.
Bazka eskasiarekin batera, beste kezka bat ere badu sektoreak: mihi urdina. Duela egun batzuk, gaitzaren kasu bat atzeman zuten Barrundiako (Araba) ardi ustiategi batean. Barredok ohartarazi du gaixotasuna «luzerako etorri» dela. Adierazi du gaur egun hainbat serotipo daudela zirkulazioan, eta horrek zaildu egiten duela prebentzioa.
Sailburuaren arabera, arazo nagusietako bat da ez dagoela serotipo guztiak estaltzen dituen txertorik. Ondorioz, azienda serotipo bakoitzaren aurka immunizatu behar dela azaldu du, eta horrek dosi gehiago erabiltzea dakar. Barredok abeltzainei eskatu die txertaketak aldez aurretik planifikatzeko, eta gogorarazi du diputazioen bidez eskuragarri dituztela txertoak.