Basquevolt baterietarako elektrolito solidoak ekoizteari lotuko zaio

Orain gutxi 10,5 milioi euroko diru sarrera ziurtatu du Ekarpen, Stellum eta CDTI Innvierte funtsen eskutik. Elektrolitoak 2027an saltzen hastea aurreikusten du Arabako konpainiak.

Baterietarako elektrolito solido bat garatu dute Araban. BASQUEVOLT .
Baterietarako elektrolito solido bat garatu dute Araban. BASQUEVOLT
Irune Lasa.
2025eko ekainaren 6a
14:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Elektrolitoak ekoitzi eta saltzea izango da Basquevolten negozioaren muina. Konpainiako administrazio kontseiluak erabaki du baterietarako elektrolito solidoak ekoitziko dituztela gelaxkak egin beharrean; izan ere, uste dute Europan erreferentziazko hornitzaile izan daitezkeela teknologia propioari esker.

Elektrolitoa bateriaren gelaxketan anodoak eta katodoak bereizten dituen elementua da, eta litio ioiei pasatzen uztea da haren funtzioa. Elektrolitoa likidoa izaten da gaur egungo bateriatan, baina etorkizunean elektrolito solidoak orokortuko direla aurreikusten da, arinagoak eta seguruagoak baitira.

Hain zuzen, Miñaoko (Araba) CIC Energigune zentro teknologikoan hamar urtez aritu dira elektrolito solidoen inguruan ikertzen, eta ikerketa horren emaitza da Basquevolten patentea.

Konpainiaren arabera, elektrolito hori daukaten bateriek %50etik gora hobetuko dute egungoen energia dentsitatea. Horrek esan nahi du ibilgailu elektrikoaren autonomia %50 hobetuko dela, «bateriaren tamaina eta pisua handitu beharrik gabe».

Segurtasunari dagokionez ere, teknologia horrek arazo kritikoak konpontzen ditu. Gainera, halako bateriak erabilita posible litzateke bateriadun patineteak atzera ere garraio publikoko autobus eta trenetan sartzea, adibidez.

Edonola ere, Basquevolten asmoa automobil fabrikatzaileekin eta gelaxka ekoizleekin lan egitea da, baita hainbat sektore hornitzea ere, hala nola automobilgintza, energia biltegiratzea, mugikortasun arina eta alor aeroespaziala.

2027rako

Elektrolitoa industrializatzeko eta saltzeko prozesua 2027an hastea aurreikusten du Basquevoltek. Horretarako, hiru funtsen babesa eta dirua jaso du duela gutxi, Ekarpen, Stellum eta CDTI Innvierte funtsek 10,5 milioi euro jarri baitituzte proiektuan.

Zuzendaritza ere berriki aldatu du Basquevoltek. Joan den martxotik, Pablo Fernandez Santos da zuzendari nagusia, Basquevolteko teknologia burua izan ostean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.