Raxoiren neurriak. Erantzuna

Batera erantzuteko deia

Espainiak iragarritako neurrien aurka agertu dira Jaurlaritza eta Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiak; Arabak «beharrezkotzat» jo dituKrisiaren irtenbidea erakundeen arteko itun baten bidez has daitekeela uste dute

Maite Alustiza - Hodei Iruretagoiena
2012ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Neurriak berriz aztertzeko eskaerak, ezezko borobilak, batasunerako deiak eta «erosoak» ez diren baiezkoak. Horiexek Espainiako Gobernuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakundeetatik atzo jasotakoak, iragarri berri dituen neurrien harira. Neurri horiek ezartzearen aurka agertu dira Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundiak: proposatutako irtenbidea erakundeen arteko ituna da horien ahotan, gobernuari erantzuna emateko, krisiari aurre egiteko. «Gotortzeko ordua iritsi da iparra galduta dagoen estatu baten aurrean», Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiaren ustetan. Arabako Aldundiak, berriz, «leialtasunez» erantzun dio Raxoiren gobernuari, eta «beharrezkotzat» jo ditu hark hartutako erabakiak.

Jaurlaritzak murrizketen aurkako jarrera mantendu izan du Espainiatik PPren gobernuaren erabakiak zetozen heinean. Hezkuntza eta osasun arlokoen kontra agertu da, baita botikak berrordaintzearen aurka ere. Atzo ere halaxe egin zuen Patxi Lopez lehendakariak Raxoiren azken neurriekin, baina onartu behar izan zuen langile publikoei dagozkien neurriak ez ezartzea zaila izango dutela —Eguberrietako saria kentzea, funtzionarioek nahi dutenean har ditzaketen opor egunak seitik hirura murriztea eta antzinakotasunagatik dituzten jaiak desagertzea—. Eguberrietako sariari dagokionez, baldintza berri bat iragarri zuen atzo Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroak Senatuan: 962 euro baino gutxiago kobratzen dutenek saria jasoko dute.

Lopezen arabera, «babes gutxien dutenak infernurako bidaia batera zigortu dituzte»; bidaia hori, ordea, «ez da oraindik amaitu». Neurriak «berriz aztertzeko» eskaria egin dio Raxoiri, horiek jada bidean direnean. Horregatik, aplikatu behar izatekotan «ahalik eta kalte gutxien» eragiten saiatuko da Jaurlaritza. Langile publikoak Eguberrietako saririk gabe geratzen badira, Jaurlaritzako sailburuek ere ez dute jasoko.

Botikak berrordaintzearen inguruan ere bereari eutsi nahi dio Jaurlaritzak, baina Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Jaurlaritzaren dekretua bertan behera utzi eta botikengatik kobratzera behartzen badu, «langabeak eta erretirodunak konpentsatzeko» mekanismoak jarriko dituztela iragarri du Lopezek. Nafarroan uztailaren 1etik dute abian sistema hori. Espainiak «behartutako neurriak» ezarriko dituztela onartu badu ere, argi utzi du Espainiak Jaurlaritzaren eskumenak «inbaditzen baditu», helegitea jarriko dutela.

Bizkaiak ez ditu ezarriko

Espainiako hainbat finantza erakunderen barrunbeetan izandako gorabeheren inguruko argibideak ere eskatu ditu Lopezek. Gardentasunez joka dezan eskatu dio Raxoiri, eta norbera egindakoaren erantzule izan dadin: «Ez da posible langile publikoei Eguberrietako saria kentzen zaien bitartean, Rodrigo Ratok [Bankiako presidente ohiak] bere saria Eguberrietan jasotzea».

Zer proposatzen du zehazki, bada, Jaurlaritzak? Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik krisiari irtenbidea ematea, administrazioen, alderdi politikoen eta herritarren arteko batasunaren bitartez. Proposatu dituen ekimenen artean daude itun fiskal bateratua, aberastasun handien gaineko zerga sortzea eta arlo berdinean jarduten duten enpresa publiko guztiak bat egitea.

Bizkaiko Aldundia ere irmo agertu zen atzo Espainiako Gobernuaren erabakien kontra. Ez ditu ezarriko, ezta printzipioz «nahitaezkoak izan daitezkeenak» ere. «Gobernuak etorri beharko du neurriok azaldu eta inposatzera. Ahal dugun guztia egingo dugu ezar ez ditzan», adierazi zuen Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak. Erreskate hitzaren hotsak urrun kokatu ditu Bilbaok. Haren ustetan, «Euskadin egin behar zirenean egin zituzten doikuntzak aurrekontuetan, duela lau urte», eta beraz, ez dute erreskate baten beharrik: «Kudeaketa arduratsua egin dute».

Bilbaoren iritziz, Jaurlaritzak Auzitegi Konstituzionalean helegitea jarri beharko luke neurri sortaren kontra. Gainera, Jaurlaritzari dei egin dio Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoari «berehalako» bilera eskatzeko, autogobernuaren alde egin ahal izateko. «Espainiako Gobernuaren jokaera kaotikoa da; azken murrizketa izugarria eta bidegabea da».

«Bidegabea» deritzo Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak ere. Raxoiren gobernuaren erabakiak «eraginkorrak» ez direla esateaz gain, «herri bezala erantzun sendo bat» emateko prest dagoela adierazi du hark ere, Bizkaiko eta Arabako Aldundiekin, Nafarroako Gobernuarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera. «Bost erakundeak eseri eta erantzuna zein izan litekeen eztabaidatzea da proposatzen duguna».

Lopezek zerga sistemaren inguruko itun berri bat egiteko beharra aipatu duela eta, Garitanok erantzun dio Gipuzkoako Aldundiak eskua luzatua duela. Bere iritziz, zerga sistemak «garapenerako tresna» izan behar du, aberastasuna banatu ahal izateko. «Lopezen gobernua edo beste edozein erakunde bide beretik badator, bertan aurkituko gaitu».

Arabaren babesa

Arabako Foru Aldundia izan da Raxoiren gobernuaren neurriei bizkarra eman ez dien bakarra. Javier de Andres ahaldun nagusiak onartu du neurri samurrak ez diren arren, «hartu beharrekoak» direla. «Sakrifiziorik egiten ez duenak huts egingo du; ez da hauteskundeei begira eskaerak egiteko garaia», ohartarazi du.

De Andresen iritziz, lehenik administrazioek «alferrikako gastuak» gutxitu beharko lituzkete, eta ondoren zergen gaiaz mintzatu. Dena den, zergak igotzea ez du baztertu. Gipuzkoako eta Arabako aldundiekin neurriak adostea ere ez du alboratu, baina argi utzi du ez duela bete ezin duen konpromisorik hartuko.

Nafarroako Gobernuak atzo ez zuen adierazpen ofizialik egin, baina neurri sortaren berri jakin ostean azaldu zuen Espainiako Gobernuaren neurriak ezarri egin beharko dituela, horietako batzuk bere egiten ez baditu ere. Neurriak «oso gogortzat» jo zituen, eta horiek egoera ekonomiko «larriaren» adierazle direla uste du.

Azken egunetan oposizioak argibideak eskatu dizkio Yolanda Barcina Nafarroako presidenteari, Espainiaren neurriak Nafarroan nola ezarriko diren azal dezan. Hori dela eta, uztaileko bigarren hamabostaldian Nafarroako Parlamentuan bilkurak izango dira, ohikoa ez bada ere. PSNk, Nafarroa Baik, Bilduk eta Ezkerrak hainbat ekimen aurkeztu dituzte, gobernuko kideen «urgentziazko» agerraldia eskatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.