Hego Euskal Herrian, batez besteko pentsioak 1.600 euroren maila gaindituko du lehen aldiz datorren urtean. %2,6 handitzekoak dira, eta horrek 41 euro gehituko dizkio hilero pentsiodunen kontu korronteari.
Pentsioak aurreko urteko batez besteko inflazioaren arabera eguneratzeko sistema indarrean dago Hego Euskal Herrian eta Espainian. 2026koa kalkulatzeko, 2024ko abendutik 2025eko azaro arteko hilabeteetako Espainiako batez besteko pentsioa hartuko da kontuan. Azaroko datua falta da, noski, baina INEk gaur eman du urrikoa (%3), eta horrekin jada nahiko garbi dago batez besteko inflazioa %2,6 izango dela. %2,7ra heltzeko aukera bat ere badago, baina horrek eskatuko luke azaroan Espainiako inflazioa %3,5era iristea, eta ez da halakorik espero.Â
Nolanahi ere, hamarren baten aldeak ez du diferentzia handirik eragiten pentsiodunen sarietan; %2,7ko inflazioarekin, 41 ez baizik 43 euro izango lirateke batez besteko pentsioetan.
Hortik gora handituko dira erretiratuen pentsioak, horiek baitira pentsio guztien artean handienak. Zehazki, azken datuarekin —irailaren 1ekoa—, Hego Euskal Herrian 494.227 erretiro pentsio ordaintzen ditu Gizarte Segurantzak, eta batez besteko kopurua 1.807 euro da. Horri %2,6ko igoera aplikatuz, 47 euro handituko litzateke, 1.854 euroraino.Â
Hori bai, kontuan hartu behar da erretiro pentsioen artean alde handiak daudela. Gehienezko pentsioa 3.267 euro izan da aurten —errenta zerga ezarri aurretik—, eta %2,6ko emendatzearekin 3.352 eurora iritsiko da (+85 euro), baina ez dira gutxi mila euro inguruko pentsioa duten erretiratuak ere. Autonomoen artean, esaterako, 1.065 euro da gaur egun batez besteko pentsioa Hego Euskal Herrian.
Kopuru apalak jasotzen dituzte alargunek ere. Irailean, batez beste 1.112 euro jaso dituzte, eta %2,6ko igoera ezarriz gero, 29 euro gehiago patrikaratuko dituzte hilean, 1.141 euroraino. Alargunen pentsioen kopurua poliki-poliki txikitzen ari da, batez ere gero eta emakume gehiagok dutelako beren pentsio propioa jasotzeko eskubidea. Duela urtebete 163.750 ziren, eta aurten mila gutxiago dira.Â
Gizarte Segurantzan hamabost urte baino gutxiago kotizatu dutenek pentsio ez-kontributiboa eskuratzen dute, baina horien zenbatekoa Espainiako Gobernuaren esku dago.
Batez bestekoaren ondorioak
Azken uneko ezusterik ez badago, aurten urte amaierako inflazioa handiagoa izango da batez bestekoa baino. Hori gertatu zen pentsioak kalkulatzeko sistema berria ezarri zen lehen urtean (2022), eta pentsiodunen protesta biziak eragin zituen, azaroko inflazioa (%5,7) batez bestekoa baino askoz handiagoa izan zelako (%2,5) eta erosteko ahalmenaren galera ekarri zuelako. Kexu hori isildu egin da azken hiru urteetan, doi-doi kontrakoa gertatu delako: batez besteko inflazioa urte amaierakoa baino handiagoa izan da.
Edonola ere, kontuan hartu behar da luzera begira ez dela alderik bataren eta bestearen artean, urte batzuetako galera beste urte batzuetako irabaziak konpentsatzen duelako. Horrela, 2003-2024 garaiko azaroko eta aurtengo urriko inflazioaren baturak 51,1 ematen du, eta 52,4, berriz, batez besteko inflazioaren baturak.