Letra txikiari begira. Espainiako Gobernuak Sabadell bankua erosteko jarri dion baldintzak zer ondorio izango dituen xehe-xehe aztertzen ari da BBVA, eta ez du aurrera begirako aukerarik baztertzen, tartean Kataluniako bankuaren gainean daukan erosteko eskaintza publiko oldarkorra erretiratzea. Hori azaldu du gaur Peio Belaustegigoitia BBVAren Espainiako buruak, Santanderren. «Aztertzen ari gara oraindik, eta hurrengo egunetan jakingo da zerbait», esan du. BBVAk ez du baztertzen auzibidera jotzea. «Bankuaren eginbeharra da aukera eta posibilitate guztiak aztertzea, bere akziodunekin betebehar fiduziarioa dauka eta».
Aspaldikoa da BBVAk Sabadell xurgatzeko nahia, baina negoziazioen bideak huts egin ondoren, iazko maiatzean ekin zion erasora Bilbon jaiotako bankuak. EEP erosteko eskaintza publiko bat aurkeztu zuen Kataluniako bankuaz jabetzeko. Operazioak babesle asko ditu (Europako Banku Zentrala, tartean), baina baita aurkariak ere, Katalunian batez ere. Espainiako koalizio gobernuak ere ez du begi onez ikusten, kontzentrazioa handituko duelako dagoeneko gutxiren esku dagoen finantza sektore batean.
Atzo, Espainiako Gobernuak onartu egin zuen BBVAren operazioa, baina baldintza oso zorrotzak jarri ditu, eta praktikan BBVAk eta Sabadellek bat egiteko aukera hiru urtez atzeratu. Gainera, epea bost urtera luzatu dezake gobernuak.
«Inportantea da pentsatzea halako operazio gehiago izango direla finantza sektorean eta beste sektoreetan»
PEIO BELAUSTEGIGOITIA BBVAren Espainiako burua
Carlos Cuerpo Ekonomia ministroak interes orokorreko irizpideak argudiatu zituen gobernuaren erabakia justifikatzeko eta erosketa onartuta ere bi bankuak hiru urtez entitate independente gisa —kudeaketa autonomoa edukita— jokatzera behartzeko. Madrilek, besteak beste, enpresa ertainen eta txikien finantzatzea bermatu nahi du; bat egin ondoren erregulazio espedienteak —kaleratze masiboak— egitea ere galarazita egongo litzateke gobernuaren baldintza horren arabera, baita bulegoen itxiera handiak ere.
Garrantzia Europan
Belaustegigoitiak defenditu egin du Sabadellekin bat egitea helburu duen operazioaren arrazionaltasuna. «Inportantea da pentsatzea halako operazio gehiago gertatuko direla finantza sektorean eta beste sektoreetan; kontsolidazio operazioak izango direla. Inportantea da Espainian Europarako garrantzitsuak diren kontsolidazio operazioen lidergoa hartzea».