50 urteko langile bat hil da gaur eguerdian Andosillan (Nafarroa), lan istripu batean.
EFE berri agentziak zabaldu duenez, NA-8715 errepidean dagoen elikagai enpresa batean gertatu da ezbeharra, 12:00ak inguruan: ustekabean karga bat erori, eta langilea jo du. Larrialdi zerbitzuek ezin izan dute ezer egin gizona suspertzeko; bertan baieztatu dute gizonaren heriotza. Calahorran bizi zen (Errioxa, Espainia), eta igeltsero aritzen zen inguruko enpresetan.
SOS Nafarroak 11:47an jaso du ezbeharraren berri, eta Lodosako parkeko suhiltzaileak, Andosillako talde medikoa, anbulantzia bat, helikoptero medikalizatu bat, Udaltzaingoa eta Foruzaingoaren Tafallako Herritar Segurtasuneko patruilak bertaratu dira. Hildakoaren gorpua Nafarroako Auzitegi Medikuntzako Institutura eramango dute, autopsia egin diezaioten. Lizarrako Foruzaingoko Polizia Judizialeko taldeak bideratu ditu ezbeharrarekin lotutako tramiteak.
Aurten lanean hildako 21. behargina da Euskal Herrian, hamairugarrena Nafarroan, ELA eta LAB sindikatuek nabarmendu dutenez. Horietako asko erorikoen, harrapaketen eta kargak erortzearen ondorioz izan dira. «11 egunean behin lan istripu hilgarri bat gertatzen da Nafarroan», ELAk azpimarratu duenez. «Laneko segurtasunari eta osasunari buruzko araudia beteko balitz, heriotza horiek saihestu egingo lirateke».
Hori dela eta, Nafarroako Lan Ikuskaritzaren «plantilla indartzeko» eskatu du ELAk, lurralde horretako «enpresa eta lantokietako segurtasun baldintzak behar bezala kontrolatu ahal izateko». Zerbitzu hori «erabat kolapsatuta dago»: «Europako batezbestekora iristeko, 45 langile beharko lirateke lurraldeko lan ikuskaritzan».
LABek enpresak eta erakunde publikoak egin ditu egoeraren erantzule: «Azken 30 urteetan ikusi dugu, eta datuek hala erakusten dute, enpresek ez dutela inolako asmorik lan osasuneko araudia betetzeko». Gaineratu duenez, «araudia betetzeko eskumena duten erakundeek esplizituki laguntzen diete enpresei horretan, ez baitute gaitasunik enpresak Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren bidez zigortzeko».
Nafarroako Gobernuak, CEN patronalak eta Espainia mailako sindikatuek hitzartutakoa ere gogora ekarri du LABek: «Milioika euroko enplegu plan bat adostu dute, prebentzio neurri antzuz beteta, dirua banatzeko helburuarekin». Formula horren bidez, «patronalari oso merke ateratzen zaio araudia ez betetzea, eta langileok geure osasunarekin ordaintzen dugu; eta, azkenik, geure bizitzarekin», txarretsi du LABek.
Prebentzio neurriak
CCOOk adierazi duenez, «lan istripu guztiak saihestu daitezke beharrezko prebentzio neurri guztiak serio hartzen badira». Sindikatu horrek uste du «lantokietako prebentzio politiketan» eragin behar dela. «Enpresa guztiek, salbuespenik gabe, Lan Arriskuen Prebentziorako Legea bete behar dute».
Azkenik, UGTk foru komunitatean gertatzen ari diren lan ezbeharren kopuru onartezinak geldiarazteko «neurri eraginkorrak eta anbizio handikoak» eskatu ditu. «Langileok eskubidea dugu lanaldiaren ondoren osasuntsu eta onik etxera itzultzeko. Ez gara lortu ezin diren konpromisoak eskatzen ari, soilik gure laneko segurtasuna eta osasuna bermatzeko eskubidea aplikatzeko». Bide horretan, lan istripuak saihesteko «talka plan bat» exijitu du UGTk.
Bitartean, sindikatu guztiek «babesa eta doluminak» adierazi dizkiete hildako beharginaren familiari, lagunei eta lankideei, eta «gertaera latz horren arrazoiak zehatz-mehatz ikertzeko» eskatu dute.