Bekadunen gastuak ordaintzera behartuko dituzte enpresak

Bekadunen Estatutuarekin, ikasleek kotizatu egingo dute praktikaldian. Ministroen Kontseiluan onartu beharko dute, baina ez dago garbi hauteskundeen aurretik lortuko duten

Unai Sordo (CCOO), Yolanda Diaz Lan ministroa eta Pepe Alvarez (UGT). SERGIO PEREZ / EFE.
inaut matauko rada
2023ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Hilabeteetako atzerapenaren ostean, Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroa ados jarri da CCOO eta UGT sindikatuekin Bekadunen Estatutua onartzeko. Diazen asmoa zen estatutuak CEOE patronalaren baiezkoa ere izatea, baina ezin izan da, patronalak mahaian parte hartzeari utzi baitzion 2022ko urrian, desadostasunengatik. Neurri berriaren bitartez, bekadunak hartzen dituzten enpresek ikasleen gastuak ordaindu beharko dituzte, eta bekak irauten duen epean bekadunek Gizarte Segurantzan kotizatuko dute.

Atzo plazaratu zuten akordioa Diazek, Unai Sordo CCOO sindikatuko idazkari nagusiak eta Pepe Alvarez UGTkoak, Madrilen, eta Espainiako Ministroen Kontseiluan onartu beharko dute, errege dekretu gisa. Hala ere, ez dago garbi onartuko duten ala ez. Izan ere, hilabete pasatxo falta da Espainiako hauteskunde orokorretarako, eta, El País egunkariaren arabera, Espainiako Ministroen Kontseiluak ez du hauteskundeen aurretik onartuko estatutua, araua oraindik «berde» dagoela iritzi baitute gobernuko beste kideek.

UGTko idazkari nagusiak, Alvarezek, adierazi zuen akordioa ez dela hiru aldeen artekoa izan patronalaren erruz. Diazek akordioa goratu zuen: «Amaitu da gazteak erabili eta botatzeko moduan erabiltzea, soldatapeko mamuak balira bezala. Amaitu dira tranpak».

CRUE Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentzia estatutuaren aurka agertu da, eta Unibertsitate Enpresen Federazioak adierazi du milioi bat ikasle praktikarik gabe geratzeko arriskuan daudela.

Oihana Lopetegi LABeko kideak adierazi du estatutua «osorik» Madrilen adostu dela, eta uste du ez dela amaituko ikasleen esplotazioa. Hala ere, aurrerapauso bat dela uste du.

2021. urtearen amaieran onartutako lan erreformaren bigarren xedapen gehigarriak zabaldu zuen Bekadunen Estatutua onartzeko bidea: «Gobernuak, lege hau onartu eta gehienez sei hilabetera, erakunde sindikal eta enpresarial garrantzitsuenak deituko ditu Bekadunen Estatutuari buruzko eztabaidak abiatzeko», dio erreformak.

PRAKTIKA MOTAK

Estatutu berrian, curriculum barruko praktikak egiten dituztenen praktikaldiak arautuko dituzte. Ikasleak ez du lan harremanik enpresarekin, presta kuntza harremana baizik, eta unibertsitateko norbaiten eta enpresako arduradun baten tutoretzapean jarduten du bekaldian: horiek dira Bekadunen Estatutu berriak arautuko dituen praktikaldiak.

Horietaz gain, beste bi praktika mota daude: curriculumetik kanpoko praktikak eta lan kontratua duten praktikaldiak. Hasieran, curriculumetik kanpoko praktika horiek debekatzeko asmoa zuen Diazek, eta praktikak beste bi formatuetara mugatzekoa, baina, azkenean, eutsi egingo diete. Praktika horiek harreman zuzena dute ikasketekin, baina ez dira Ikasketa Planaren parte.

Estatutuak uztailaren 11ko 592/2014 Errege Dekretua ordezkatuko du, eta, dekretu horretan bekadunen eskubideak eta betebeharrak arautzen baziren ere, berritasunak dakartza oraingo dekretuak.

GASTUEN KONPENTSAZIOA

Ikasleek eskubidea izango dute praktikaldiak sortutako gastuengatik konpentsazioa jasotzeko. Hala, enpresak garraio, ostatu eta mantenu gastuak ordaindu beharko dizkio ikasleari, betiere gastu horietarako bekarik edo laguntzarik jasotzen ez badu. Hala ere, ez da gutxieneko ordainsaririk ezarriko; izan ere, bekadunek prestakuntza ziklo bat egiten dute enpresan, eta ez lan ziklo bat. Hau da, enpresaren eta ikaslearen artekoa ez da lan harremana: formakuntzari dagokio.

BEKAREN EPEA

Praktikaldiak gehienezko iraupena izango du. Hala, praktikek ezingo dute gainditu tituluaren iraupenaren %25. Graduetan, 240 kreditu direnez, 60 kredituk eskatzen duten denbora eman ahalko dute gehienez praktiketan.

KOTIZAZIOA

Urriaren 1etik aurrera, bekadunek kotizatu egingo dute praktikaldian ematen duten denboran, baina epe hori ez da kontuan hartuko langabezia kalkulatzeko orduan.

Arkaitz Antizar EAEko CCOO-ko Gazteria idazkariaren arabera, hasieran praktikaldia kontuan hartu nahi zuten langabezia kalkulatzeko orduan ere, baina, azkenean, ez dute onartu, enpresaren eta ikaslearen artekoa ez delako lan harremana. Hala ere, Espainiako Gobernuak ordainduko du kotizazioaren parterik handiena: %97 aurten, eta %95 2024. urtetik aurrera.

ESKUBIDE BERRIAK

Bekadunek ezingo dute jaiegunetan lan egin, eta eskubidea izango dute sektore bakoitzeko hitzarmenaren araberako opor eta atseden egunak hartzeko. Bestalde, ezingo dute gauez lanik egin, ezta txandakako jardunaldietan ere. Hala ere, neurri horretatik salbuetsita egongo dira beste ordutegi batean egin ezin daitezkeen eta trebakuntza prozesuekin zerikusia duten jarduerak.

Bestalde, enpresako beste langileek eskura dituzten zerbitzu eta baliabideak erabiltzeko eskubidea izango dute bekadunek: jantokiak, garraioa, jatetxea...

BEKADUN KOPURUARI MUGA

Enpresetako bekadun kopurua mugatzea helburu izanik, legea onartu ostean bekadunak ezingo dira enpresako langileen kopuruaren %20 baino gehiago izan. Hala ere, enpresa txikiek lau edo zazpi langile dituztenek, esate baterako bi bekadun hartu ahal izango dituzte. Isunak ere jarriko dituzte, eta, hutsegiteak «oso larriak» direnean, 225.000 eurora iritsi daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.