Berdelaren arrantza %73 murriztu du Europako Batasunak

Gehiegizko arrantzak arraina eskastu du Ipar Atlantikoan eta uraren berotzeak ur sakonagoetara eraman du. Eusko Jaurlaritzak agindu du aztertuko duela zer neurri hartu kaltetuei laguntzeko.

Berdela deskargatzen, joan den martxoan, Hondarribian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Berdela deskargatzen, joan den martxoan, Hondarribian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iker Aranburu.
2025eko abenduaren 13a
16:18
Entzun 00:00:00 00:00:00

Baxurako arrantzaleen susmorik txarrenak bete egin dira. Europako Batasunak, zientzialarien aholkuei jarraituz, %73 murriztu du berdelaren arrantza Bizkaiko golkoan, arrain hori asko gutxitu delako azken urteetan Ipar Atlantiko osoan. Kuota horrekin berdeletara joatea nekez merezi duela ziurtatu dute Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek, eta adierazi hobe litzatekeela arrantzaldia denentzat ixtea. Haien eskaerak aurrera egin ez duenez, Jaurlaritza prest azaldu da arrantzaleen «galera biguntzeko neurriak» hartzeko.

Berez, larunbat goizaldeko ordu txikietan Bruselan hitzartutakoa behin-behineko kuota bat da, EBk oraindik ez duelako akordiorik itxi batasunetik kanpo dauden beste herrialdeekin. Hori lortu bitartean, adostutako kuotaren %90 baizik ezingo dute arrantzatu urtearen lehen erdian. Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleak otsailean atera ohi dira berdela arrantzatzera. Haien kanpaina nagusietako bat da, batez ere amua erabiltzen duten Bizkaiko ontzientzat —haien diru sarreren %50-70 da—. Baina azken urteetan beren kuota arrantzatu ezinik dabiltza, arraina ur sakonagoetan ezkutatzen baita, sare eta arrasteontzien mesedetan. 

Bruselan izan da Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza bat, Amaia Barredo Nekazaritza eta Arrantza sailburua buru zutela. Onartu egin du ministroek erabakitakoa bat datorrela ICES Itsasoa Ikertzeko Zientzialarien Kontseiluaren txosten zientifikoarekin, baina aldi berean esan du «oso erabaki gogorra» dela berdeletan aritzen direnentzat. Hori dela eta, iragarri du «berehala» bilduko dela kofradiekin eta Espainiako Arrantza Ministerioarekin kuoten eragina neurtu «eta galerak bigunduko dituzten neurriak aztertzeko». 

Antxoa gogoan

Berdelaren arrantzaldia eteteko eskaera egitean, Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek antxoarekin gertatutakoa oroitarazi zuten. Espezie horrek ere gehiegizko arrantza jasan zuen, eta Bizkaiko golkoan haren arrantza debekatu egin zuten lau urtez, 2005etik 2009ra. Denbora horretan diru laguntzak jaso zituzten antxoa harrapatzera irten ezin izan ziren ontziek. Bost urte horiek balio izan zuten espeziea berreskuratzeko, eta duela bi aste, azken bi hamarkadetako batezbestekoa halako bi antxoa gazte zeudela egiaztatu zuen Aztik.

Gauzak horrela, Bruselako bileran handitu egin du antxoaren kuota, %7tik gora. Edonola ere, agian ez du eragin praktikorik izango. Iaz, esaterako, kuota betetzerik ez zuten izan Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek: 8,05 milioi kilo antxoa arrantza zitzaketen, eta 7,2 milioitan geratu ziren. 

Baxurako arrantzaleen beste espezie preziatua, hegaluzea, aurtengo kopuru berean arrantzatu ahal izango dute Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek. Hegalabur edo atungorriaren kuota, berriz, %17 handitu dute. Azken horren zati bat Kataluniako Balfego enpresari saldu diote kofradiek, Getaria inguruko arrainak gizentzeko kaiolen proiekturako.

Murrizketak izan dira alturako ontzien harrapaketa kuota batzuetan ere: legatza (-%4,8), oilarra (-%20), mihi arraina (-%1) eta zapoa (-%1 eta -%3 artean). 

Berdela ez arrantzatzea hobe dela berretsi dute arrantzaleek

Europako Batasunaren erabakia gaizki hartu dute arrantzaleek, eta berdelaren kostera eteteko eskaera berretsi dute. Efe agentziari egindako adierazpenetan, Miren Garmendia Gipuzkoako kofradietako bozeramaileak onartu du azken urteetan gero eta berdel gutxiago dagoela itsasoan eta zerbait egin beharra zegoela. Haren esanetan, «iparraldeko herrialdeek» dute arraina eskas egotearen errua, «urteak daramatzatelako gehiegi arrantzatzen». Horregatik uste du berdela arrantza debekatzea izango litzatekeela irtenbiderik onena, «espeziea suspertu dadin». Antxoaren eta hegaluzearen kuotak, berriz, ontzat hartu ditu Garmendiak eta nabarmendu du «kudeaketa plan serio baten bidez ustiatzen diren espezietan emaitza onak ikusten direla»

.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.