Antxoa faltarik ez da Bizkaiko golkoan

Juvena kanpainaren arabera, 545.000 tonako biomasa dago Euskal Herri inguruko uretan, azken bi hamarkadetako batezbestekoa halako bi.

Antxoa deskargatzen Hondarribiko portuan, aurtengo martxoan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Antxoa deskargatzen Hondarribiko portuan, aurtengo martxoan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iker Aranburu.
2025eko azaroaren 25a
12:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herriko arrantzaleek ez dute, teorian, arazorik izango datorren urtean Bizkaiko golkoan antxoa harrapatzeko. Azti zentro teknologikoak koordinatzen duen kanpainak, Juvenak, antxoa gazteen 544.781 tonako biomasa estimatu du, iazkoa halako bi baino gehiago (255.344).

Biomasa handiagoak aurkitu izan dituzte azken urteetan —700.000 tonatik gorakoa izan zen 2017an, esaterako—, baina testuinguru historiko batean, oparoa da aurtengoa, azken bi hamarkadetako batezbestekoa halako bi delako.

Kontuan hartu behar da 2005etik 2009ra debekatuta egon zela antxoaren arrantza, arrain eskasia zela eta. Geldialdi horrek eta hurrengo urteotako kuota murritzagoek indartzeko denbora eman zioten antxoaren biomasari. 

Juvena kanpainaren eta Bioman udaberriko kanpainaren emaitzen arabera erabakitzen ditu Europako Batasunak zenbat antxoa harrapatu daitekeen. Juvenaren emaitza onaren ondorioz, kuotari eustea edo zerbait handitzea espero daiteke. Edonola ere, kuota nahikoa dela erakusten dute 2025eko datuek: 8,05 milioi kiloko kuota izan zuten Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek, eta 7,2 milioi arrantzatu ahal izan zituzten. Lonjan, 2,05 euro jaso zuten kiloko, 2024ko datuaren gainetik (1,5 euro kiloko).

Juvenaren emaitzarekin gustura azaldu da Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza sailburuordeak: «2025eko datuek argi erakusten dute espeziearen egoera ona dela, eta berriro ere azpimarratzen dute arrantza kudeaketan zein garrantzitsua den ezagutza zientifikoan oinarritzea».

Irailaren 5etik urriaren 10era bitartean aritu ziren Aztiko teknikariak Bizkaiko golkoan antxoaren biomasa neurtzen, 31.160 itsas milia koadroko azaleran. Aztertutako antxoa gazteen batez besteko luzera 6,3 zentimetrokoa izan da, seriearen batezbestekoaren azpitik. Hala ere, neurri txikiari garrantzia kendu dio Aztik, azaldu baitu ohikoa dela hori gertatzea antxoa asko dagoenean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.