Klima aldaketa dela eta, bero boladak gero eta maizago gertatuko dira eta gero eta eta luzeagoak izango dira, eta horrek arriskuan jarriko ditu «milioika langile». Hala ohartarazi dute Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) eta Munduko Meteorologia Erakundeak. Laneko bero estresa «osasun eta ekonomia krisi» bilakatzen ari dela azpimarratu dute, eta adierazi dute ezinbestekoa dela neurri eraginkorrak hartzea berehala, hori egin ezean ondorioak «katastrofikoak» izango baitira.
Izan ere, bi erakundeek azpimarratu dutenez, laneko bero estresaren aurkako borroka ez da soilik osasun publikoko auzia: «Gizarte osoaren etorkizun ekonomikoa dago jokoan». Besteak beste, beroak produktibitatean duen eragina neurtu dute. Ondorioztatu dute langileen errendimenduak behera egiten duela modu esponentzialean. Diotenez, 20 gradu zentigradutik gorako gradu bakoitzeko, produktibitatea %2 eta %3 artean jaisten da.
Horrekin batera, nabarmendu dute produktibitatearen galerek eragin zuzena dutela sektore estrategikoetan, hala nola elikadura katean eta eraikuntzan. Eta ohartarazi dute horrek prezioen igoerak eta pobrezia areagotzea ekar ditzakeela, batez ere Hegoalde Globaleko herrialdeetan.
Hirutik bi arriskuan
Azken hamarkadetan gai horri buruz argitaratutako lehen txosten teknikoa da —Climate change and workplace heat stress: technical report and guidance—. Datu ugari jaso dituzte, besteak beste, hauxe: munduko langileen %70ek —2.400 milioi pertsonak— jasaten dute bero muturrekoen eragina lanorduetan.
38 graduan jarri dute muga; ohartarazi dute ez dela gomendagarria zortzi orduko lanaldia egitea muga horretatik gorako tenperatura egiten badu, gorputzaren barne tenperaturak segurtasun muga gainditzen duelako.
Gehienbat kanpoan aritzen diren langileak dira kaltetuenak: nekazaritzan, eraikuntzan edo arrantzan dihardutenak. Baina barruko lanak egiten dituztenek ere arrisku larriak dituzte, batez ere makineriak sortzen duen bero gehigarria pairatzen dutenean.
Txostenean nabarmendu dutenez, urtero 22,8 milioi lan istripu baino gehiago gertatzen dira beroaren ondorioz, eta 18.970 heriotza zuzenean lotuta daude laneko estres termikoarekin. Are gehiago, kalkuluen arabera, 26 milioi pertsona inguruk giltzurruneko gaixotasun kronikoak garatu dituzte beroaren eta deshidratazioaren ondorioz.
Prebentzioa gako
Estres termikoak hainbat sintoma eragin ditzake: hasierakoetan, egarri bizia, nekea, zorabioak eta kontzentrazio falta. Egoera larriagotzen bada, litekeena da bihotz taupadak azkartzea, tentsio arteriala jaistea eta koordinazio arazoak agertzea. Azken maila da bero kolpea —mediku larrialdi gisa sailkatzen da—: gorputzaren tenperatura 38 gradutik gora mantentzen da denbora luzez, eta gerta liteke organoen hutsegitea eta heriotza eragitea.
Eta nortzuk dira zaurigarrienak? Adin aurreratua duten langileak, gaixotasun kronikoak dituztenak eta prestakuntza fisiko eskasa dutenak. Horiekin batera, babes arropa astuna edo iragazgaitza erabili behar duten langileek —suteen aurkakoak, produktu kimiko arriskutsuekin ari direnak eta beste hainbatek— arrisku bikoitza dute. OMEk ohartarazi duenez, ekipamendu horiek ez dute beroa behar bezala kanporatzen, eta langileek hidratazio gabezia larriak izateko arriskua dute.
Txostenaren arabera, orain da garaia estatuek, enpresek eta sindikatuek batera lan egiteko laneko beroari aurre egiteko ekintza planak sortzeko. Horiei esker, prebentzio eta babes neurriak egokitu ahal izango lirateke tokian tokiko baldintza meteorologikoetara eta lanbide zehatzetara. «Langileen babeserako inbertsioak eginda milaka milioi euro aurrez daitezke urtero, bai osasun publikoan bai ekonomiaren eraginkortasunean», azpimarratu du Ruediger Krech OMEko zuzendariak.
Neurri nagusien artean, honako hauek azpimarratu dituzte: lanaldiak egokitu eta atsedenaldi gehiago ezartzea bero boladetan; hidratazio sistema eraginkorrak bermatzea; itzalpeko atseden guneak eta aireztapen mekanismoak instalatzea; langileak eta arduradunak prestatzea sintomak berehala antzemateko eta lehen laguntzak emateko; bero indizeak (WBGT, UTCI) erabiliz lan arriskuen ebaluazio sistematikoa egitea.