Ez da hemengo kontua bakarrik, baina hemengo kontua ere bada. Uda hasierako tenperatura altuek ohi baino gehiago lehortu dituzte Euskal Herriko lursailak. Lehen berdeagoak ziren larre batzuk horixkak dira orain, eta lehen horiak ziren soroek ohi baino fruitu gutxiago eman dute. Horrek kalteak eragin dizkie lursail horiek ogibide dituztenei; hau da, lehen sektoreko ekoizleei.
Nafarroan du lehorteak eraginik handiena, lurraldearen herenean nekazaritzan aritzen baitira. Hain zuzen, 340.000 hektarea erabiltzen dituzte laborantzarako han. Zerealak ekoizten dituzte batez ere, eta zerealen artean garia eta garagarra. Bi labore horiek kontuan izanda, 150.000 hektarea inguru erein dituzte aurtengo kanpainan, eta azken asteetako bero boladek nabarmen txikitu dute lursail horietatik ateratzekoa zen uzta.
Aurki amaituko da kanpaina, eta ekoizleek eta nekazaritza erakundeetako adituek aurreikuspena egin dute. Adierazi dute %20 inguru txikituko dela gariaren eta garagarraren uzta aurten, eta 600.000 tona bilduko dituztela guztira —742.000 tona bildu zituzten iaz—. Hain zuzen, azaldu dutenez, negua euritsua izan zen arren, azken asteetako bero boladek kalte nabarmena egin ziotela zereal berantiarren ekoizpenari, eta 80.000 tona gari eta 60.000 tona garagar inguru galdu dira Nafarroan tenperatura altuengatik.
Eta zerealak ez dira kaltetu bakarrak; beste produktu ugariren ekoizpena ere txikitu da. Esaterako, zainzurien eta ilarren kanpainek ere kalteak jasan dituzte, eta litekeena da tomate ekoizpena ere nabarmen txikitzea, nahiz eta ikusteko dagoen zein izango den datozen asteetako bilakaera.
Mahatsei dagokionez ere, ekoizpena txikitu egin da tenperatura altuen eraginez, eta fruituen heltzea ere 10-15 egun aurreratu da beroarengatik. Bilketa Nafarroako Erriberan hasi ohi da, mahats zuriarekin, hura delako eremurik beroena. Aurten abuztuaren 10ean ziren biltzen hastekoak, baina posible da zenbait upategi lehenago ere hastea. Arabako Errioxan irailean hastea da ohikoena, baina aurten baliteke abuztuan hastea, fruitua hondatu ez dadin.
Abereak, jan ezinik
Beroak zeharkako eraginak ere baditu. Izan ere, lursaila lehor dago, eta beraz, murriztu egin da abereen bazka. Bazka hori erosi egin behar izan dute laborari askok azken asteetan, eta gora egin du produktu horren prezioak. Maiatzean, bazka tona bat 145 euroan eros zitekeen, orain, aldiz, ia 200 euroan dago. Hortaz, posible da ezohiko kostu horrek okelaren prezioan eragina izatea.
Hori ekiditeko eta nekazarien ekonomia babesteko, laguntza ekonomikoak ematea aztertzen ari da Nafarroako Gobernua. Uztaila erdialdean, Jose Mari Aierdi Nafarroako Landa Garapen eta Ingurumen kontseilaria sindikatuetako ordezkariekin bildu zen egoeraren inguruan hitz egiteko. Ildo beretik, pasa den astean, ENBA sindikatuak ere klima aldaketaren eta nekazaritzaren mahaira deitzea eskatu zien Eusko Jaurlaritzari eta aldundiei —duela hiru urte hala egin zuten—, lehortea dela eta egoera aztertzeko eta neurriak hartzeko.
Europako toki batzuetan jada hartu dituzte neurriak. Adibidez, hainbat herrialdek uraren erabilera murriztu dute. Beroaren eraginak larriak izan dira. Frantzian eta Espainian, esaterako, sute handiak piztu dira, eta horrek kalte egin die herrialde horietako lursailei. Aurreikusi dute guztira bederatzi milioi tona zereal galduko direla Europan; azken 50 urteetako uztarik txarrena litzateke.