«Azeria busti zuena» esamoldearekin deskribatu du atzo eta gaurko euria Mirari Agorria nekazari foruarrak. Alegia, ezer gutxik konponduko duela egungo egoera. Basoak sutan, hondartzak jendez lepo, eta ortuak zer? Badira asteak beroaldia Euskal Herrira heldu dela, eta azken bi egunetako langarrak ez du miraririk egin, Gernika-Lumoko (Bizkaia) merkatuan postua duen baserritarren iritziz. Astelehenero legez, saskiek eta erosketa gurditxoek harantz jo dute, eta erosleek arduratuta aurkitu dituzte Agorria eta beste nekazariak, aurtengo uzta eskasa izaten ari delako.

Erosleek batez ere barazkietara jotzen duten arren, frutak ere baditu Miren Aslak. Foruan (Bizkaia) du baserria, eta denetarik saltzen du merkatu plazan. Azken egunotako eguraldiak inpaktua izan du bere baratzean. Beroak madarietan ez du nabarmen eragin, bai, ordea, limoietan: «Lorea erre egin da; erori eta batzen ditugun horiek ez dute ordezkorik». Sagarrak ere txiki hazi zaizkio.
«Limoiondoaren lorea erre egin da; erori eta batzen ditugun horiek ez dute ordezkorik»
MIREN ASLA Gernikako plazan postua duen baserritarra
Onintza Enbeita muxikarrak ere postua du azokan, eta arazo bera izan du sagarrekin. Dioenez, «inoiz» ez ditu ikusi zuhaitzetik hain goiz erortzen.
Txikiak dira ere Agorriaren patatak eta kipulak, «miniak», berak esan duen eran. «Patatak erein genituenetik hona ez du euririk egin, eta ezin izan dira hazi», kexatu da Agorria.
Neguko euria bildu
Euskal nekazari asko gaizki ohituta daudela gaineratu du Enbeitak, eta aurten «ordainduko» dutela: «Beti goitik behera etorri zaigu, eta bestela ureztatzeko mahuka atera izan dugu». Horren partez neguan euri ura biltzen hastea komeni zaiela iradoki du. Izan ere, ur litro asko botatzea ez du «bideragarri» ikusten.

Euskalmeten neurketek berretsi egin dute Enbeitaren ustea. Muxikako estazio meteorologikoko datuen arabera, uztail honetako hogei egunetan 28 gradutik gorako tenperaturak izan dira, eta lehen 24 egunetan 4,6 litro ur bota zituen bakarrik metro koadroko, larunbatean baino gutxiago (5,8 litro).
«Dagoeneko bada produktu exotikoekin —olibondoak, ahuakateak...— arriskatu den jendea, klima aldaketari apur bat aurrea hartuta»
ONINTZA ENBEITAGernikako plazan postua daukan baserritarra
Udan beti egiten du beroa, baina ados daude nekazariak aurtengoa ezohikoa dela esatean: «Lehorteak egon dira lehenago, baina lehorte laburragoak ziren» zehaztu du Aslak. Inoiz baino goizago heldu dela azaldu Enbeitak: «Maiatzean beroaldia izan zen, eta ekainean beste bat». Lekak erre egin zaizkio gainera: «Mami gabe geratzen dira, kartoia bezala, eta 20 kilo pikutara». Aslari, aldiz, limoiak kiskali zaizkio.
Uztail amaierako euria oso garrantzitsua izaten da Gernika inguruan. Izan ere, indabak garaua egiten egoten dira, eta hura da plazako produktu izarretako bat. «Ez badu euririk egiten, udazkenean ikusi beharko da», esan du Enbeitak. Orain lorean daude, eta Agorriak aipatu du «oso onak» daudela, baina Enbeitaren iritzi berbera du.
Kanpoan ala barruan
Berotegian daukaten generoa, aldiz, ondo dago, ureztatzea nekazariaren esku dagoelako. Bestea, ordea, «astiro» dator: indabak Aslaren kasuan, piperrak Enbeitarenean. Tomatea, piperrak eta loreak ditu Aslak barruan; Agorriak, tomateak, besteak beste.
«Patatak erein genituenetik hona ez du euririk egin, eta ezin izan dira hazi»
MIRARI AGORRIA Gernikako plazan postua duen baserritara
Dena ez da txarra baina; bero handiak ere baditu bere abantaila txikiak. Tomateak kanpoan dituztenek zortea dute: gorrin gutxiago daukate, onddo mota hori hezetasunarekin hazten delako, muxikarrak azaldu duenez. Dena den, Aslaren iritziko, tomatea arinegi heltzen ari da: «Ez da txarra, baina kontuan hartu behar da batzeko orduan».

Gehienek produktu klasikoak landatu ohi dituzte, baina badira eguraldiaren eraginez bestelakoak jartzen hasi diren nekazari batzuk, eta beroaldietan horiei ondo doakiela aipatu du Enbeitak. «Bada gauza exotikoekin —olibondoak, ahuakatea— arriskatu den jendea, klima aldaketari apur bat aurrea hartuta».
Laster eurak ere «fruitu tropikalak» ipintzen hasi beharko direla esan du Agorriak erdi txantxetan. Ohiturak mantentzearen aldekoa da Enbeita, klima aldaketari agian eragingo diolakoan.