Beroak harrotu egin du Coca-Colaren aparra

Galdakaoko planta inoizko ekoizpenik handienarekin ari da ospatzen 70. urteurrena: 240 milioi litro freskagarri botilatu ditu, iaz baino ia %10 gehiago.

Coca-Colak Galdakaon duen botilatze planta. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Coca-Colak Galdakaon duen botilatze planta. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
Galdakao
2026ko azaroaren 3a
17:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Eguzkia da gure saltzailerik onena: beroa egiten duenean, gure ekoizpenak gora egiten du», esaldi argigarria Jaime Cardenalena da, Coca-Cola Europacific Partnersek Galdakaon (Bizkaia) duen plantako zuzendariarena. Freskagarrien botilatze lantegiak 70 urte beteko ditu ostiralean, hilak 6, eta inoizko ekoizpen markarik onenarekin ospatu du efemeridea. Aurten 240 milioi litro freskagarri botilatu dituzte, iaz baino ia %10 gehiago.

Urteurrenaren aitzakian, plantak bisita gidatu bat antolatu du gaurko. Bertan izan dira, besteak beste, Iñigo Hernando Galdakaoko alkatea eta Guillermo Buces Bizkaiko enpresari elkarteko (Cebek) presidentea. Cardenalena eskarmentuaren ahotsa da; hogei urte daramatza karguan, eta onartu du aurtengo uzta ona izan dela: «Buruz ari naiz, baina iaz 220 milioi litro inguru botilatu genituen, eta aurten, 240 milioi. Gorakada handia da, baina hazkundea urteroko joera da».

«Azukrerik gabeko freskagarrien kontsumoa izugarri handitu da. Geure burua gehiago zaindu nahi dugu, umeei azukrerik ez eman... Joera bat da dagoeneko»

JAIME CARDENAL Coca-Colaren Galdakaoko plantako zuzendaria

Eta zergatik? «Beroaren efektua hor dago; produktu berriena eta, esaterako, Munduko Futbol Kopa bezalako ekitaldiena ere nabaritzen dira, baina aurten beroa nabarmenduko nuke». Azaldu duenez, Aste Santu aldera hasten da planta ekoizpen erritmoa handitzen, eta aurten nabaritu dute kontsumo handiko epea lehenago hasi dela: «Maiatzeko egun bero haietan hasi zen, eta gero uda osoan eutsi dio».

70 urtean asko hazi da Galdakaoko lantegia. 5.000 metro koadroko planta zena 79.500 metrokoa da egun, eta langile kopurua 57tik 350 ingurura igaro da. Zuzeneko langileak eta, enpresaren arabera, zeharka sortzen dituenak 3.900 inguru dira: banatzaileak, saltzaileak... «Gure beharra asko aldatzen da sasoiaren arabera. Pentsa, udako ekoizpena negukoa halako bi eta erdi da», azaldu du. Martxa betean 32 botila eta 25 lata botilatzen ditu segundoko. 

%40, azukre gabekoa

2019az geroztik 46 milioi euroren inbertsioak egiten dituzte Galdakaon, eta zuzendaritzaren kalkuluen arabera 255 milioi euroko eragina du euskal ekonomian. Eragin hori, gainera, handiagoa da azken urteetan. Izan ere, Bizkaiko lantegiak Coca-Colaren oinarri den produktu kontzentratu edo jarabea kudeatzen du, eta Espainiako beste botilatze zentroetara bidali. Bada, 2025ean Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi zuen Coca-Colak Bizkaian ordaindu behar zuela kontzentratu horri zegokion BEZa.

Coca Colak Galdakaon duen planta
Coca-Colak Galdakaon duen botilatze plantako bi langile. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Cardenalek hazkundeari buruzko bere azalpenean nabarmendu duen beste gakoa produktu berriena da: gasik gabekoak, kirolarientzakoak, alkoholik gabeko aperitifak... Baina batez ere joera aldaketa bat sumatu dute azken urteetan: «Azukrerik gabeko freskagarrien kontsumoa izugarri handitu da. Geure burua gehiago zaindu nahi dugu, umeei azukrerik ez eman... Nabaritzen da».

Nabaritu bai, baina zenbat? «Galdakaon botilatzen den Coca-Colaren %40 da azukrerik gabea; eta beste %60, arrunta. Kafeina gabekoaren kontsumoa ere goraka ari da. Joera berriak dira, eta guk erantzun egiten diegu», nabarmendu du.

Munduan, %5,1 gehiago

Fakturazio daturik ez du eman nahi izan Cardenalek, baina Coca-Cola Europacific Partnersek gaur plazaratu ditu urteko hirugarren hiruhilekoko emaitzak. Burtsan kotizatzen du, horretara behartuta baitago. Bada, Iberiar penintsulako negozioari dagokionez, irailera arte 2.766 milioi euro fakturatu ditu, iaz epe berean baino %5,6 gehiago. Eta %40 pasatxo —1.127 milioi— azken hiruhilekoan fakturatu du, udan; iaz epe berean saldurikoa baino %5,8 gehiago da.

Enpresaren arabera, eta Cardenalek azaldutakoaren ildotik, datu horien atzean Zero Coca-Colaren, Aquariusen eta Poweraderen gorakada dago. Mundu mailako negozioa ere ez doakio gaizki freskagarri enpresari: aurten %5,1 handitu du fakturazioa, eta mozkinak %7 handitzea espero du. Europari dagokionez, Coca-Colak %5,8 handitu ditu salmentak, 12.347 milioi euroraino.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA