Bi hilabete pasatxo baino ez dira Imanol Rego Innobasqueko presidente izendatu zutela, eta dagoeneko asmo handiko erronka bat jarri dio bere buruari: berrikuntzarako agentziak egiten duen lana «gizartean dauden erronkei erantzuteko» baliatu nahi du; tartean, bizi maila eta enpleguaren kalitatea hobetzeko. Talentua bilatzean, gazteak, adineko langileak, pertsona migratuak edota bazterketa egoeran dauden lagunak aintzat hartuko ditu.
Rego Innobasqueko presidente izendatu zuten martxoaren 19an, eta gaur lehendabiziko aldiz zuzendu du Berrikuntzaren Euskal Agentziaren batzar orokorra. Aurreko plan estrategikoak zehaztutako 2021etik 2024ra arteko epea ona izan dela azpimarratu du: besteak beste, iaz bi mila milioitik gorakoa izan zen I+G egitasmoetan egindako inbertsioa, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hala ere, «bertan gozo ez gelditzeko» eskatu du Regok. Aitzitik, hurrengo urteak etorkizuneko norabidea zein izango den zehazteko balio behar dute, «sortuko zaizkigun zalantzei eta ziurgabetasun egoerei aurre egiteko».
Arlo sozialean, instituzionalean eta komunitarioan berrikuntzarako bide berriak zabaltzearen alde egin du Regok: «Ez da nahikoa produkzioari edo lehiakortasunari dagokionean duen inpaktua neurtzea. Berrikuntzaren egiazko balioa eraldatzen duen horretan datza: zein lagungarri den bizi maila eta enpleguaren kalitatea hobetzeko, nolako gaitasuna duen gizartean dauden sareak sendotzeko eta haren erronka konplexuei erantzuteko».
«Berrikuntzaren egiazko balioa eraldatzen duen horretan datza: nolako gaitasuna duen gizartean dauden erronka konplexuei erantzuteko»
IMANOL REGOInnobasqueko presidentea
Besteak beste, «talentua bilatzea» litzateke hori lortzeko bide nagusietako bat, Innobasqueko presidentearen ustez, «ez soilik gutxi dagoelako, baizik eta funtsezko faktorea delako inklusiorako eta erakundeen eraldaketarako». Eta egiaz inklusiboa izango bada, «gazteak, adineko langileak, pertsona migratuak edota bazterketa egoeran daudenak barne hartu beharko lituzke berrikuntza arloak»; lan merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten pertsonak, alegia.
Lankidetza
Innobasquek 908 bazkide ditu. Horien artean daude administrazioak, enpresak eta hezkuntza, teknologia eta gizarte arloetako eragileak, eta guztiek ere helburu berbera dute: «Euskadin berrikuntza bultzatzea esparru denetatik». Bide horretan, agentziak apirilean abiatu zuen gogoeta prozesua, «identifikatzeko zer oztopo eta aukera dauden», eta oztopo eta aukera horiek ardatz harturik hurrengo urteetako estrategia zehazteko.
Horrenbestez, «berrikuntzaren euskal ekosistema» osatzen duten ehun bat eragilek parte hartu dute eratutako bost analisi mahaietan: enpresa handiak, ETEak, zentro zientifiko-teknologikoak, hezkuntza eragileak eta gizarte erakundeak egon dira, besteak beste. Datozen hilabeteetan ere Innobasque beste interes talde batzuekin jarriko da harremanetan, «guztiak ordezkatuko dituen estrategia inklusibo bat» eratzeko helburuz. Horretaz gain, hemendik gutxira, «berrikuntzaren euskal ekosistema sendotzeko» hainbat tresna eta baliabide indarrean jarriko ditu Innobasquek; hala nola zientzia eta teknologia arloko politika berriak eta industria garapenerako etorkizuneko plana.
«Innobasquek jakin izan du erakundeen eta enpresa pribatuen arteko lana uztartzen eta lan hori berrikuntzaren zerbitzura jartzen. Bide horretan jarraitu behar dugu»
IMANOL PRADALESEusko Jaurlaritzako lehendakaria
Gaurko batzar orokorra Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak itxi du, hura baita Innobasqueko presidentea. Pradalesek arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza azpimarratu du: «Berrikuntzaren Euskal Agentziak jakin izan du erakundeen eta enpresa pribatuen arteko lana uztartzen eta lan hori berrikuntzaren zerbitzura jartzen. Eredu egokia da, eta bide horretan jarraitu behar dugu, parean ditugun erronkei aurre egiteko».
Innobasque interes publikoko eta irabazi asmorik gabeko elkarte pribatu bat da, 2007an sortua. Besteak beste, enpresa txiki eta ertainei laguntzen die berrikuntza arloan, erakundeko bazkideen esperimentazioaren bitartez sortutako ekintzen bidez. Agentziaren beste helburuetako bat zera da, ekintzak bultzatzea gazteen artean —eta bereziki nesken artean— zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa sustatzeko.