Berrikuntza

Berrikuntzaren arloko inbertsioa %10,5 handitu zen 2021ean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Innobasquek 2021eko datuak jasotzen dituen txostena aurkeztu du. Argitalpen kopuruak gora egin zuen, baita patente eskaerenak ere. Enpresen %40,5 berritzaileak dira.

Zientzia eta teknologia zentro bateko ingeniari bat. BERRIA
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko urriaren 30a
14:22
Entzun

«Datu historikoa da», ohartarazi du gaur goizean Manuel Salaberria Innobasqueko presidenteak, Berrikuntzaren Innobasque Txostena 2023 ikerketaren aurkezpenean. Datu honi egin dio erreferentzia: 2021ean, 1.647 milioi euro inbertitu ziren berrikuntzan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, aurreko urtean baino %10,5 gehiago. Inbertsio horren erdia baino gehiago enpresa pribatuek egin zuten: %57; eta %33 erakunde publikoek.

Bi urtean behin lantzen du txostena Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak. Hain zuzen, laugarren azterketa aurkeztu dute gaur, 2021eko datuekin osatua. Salaberriaren arabera, EAEko «berrikuntzaren egoera, bilakaera eta aurrerapena» islatu ditu ikerketak: «Agerian utzi du berrikuntzak dinamismo handia duela orain Euskadin». Izan ere, adierazi du 2021eko inbertsio hori barne produktu gordinaren %2,32 izan zela Espainiako Estatistika Institutuaren arabera; eta Eustaten arabera, berriz, BPGaren %2,11. Are, inbertsioak gora egingo duela aurreikusi dute: espero dute 2022an 1.768 milioikoa izatea inbertsioa, eta 2023an 1.895 milioikoa.

Leire Bilbao Innobasqueko zuzendari nagusiak berretsi du datuek «goranzko joera» erakusten dutela 2016az geroztik. Eta gehitu du EAEk errendimendua hobetu duela, Europako Batasunaren batezbestekoarekin alderatuta. «239 eskualde daude Eskualdeen Berrikuntza Adierazleen Europako Koadroan; Euskadi 93. posiziotik 72.era igo da», azaldu du.

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapeneko sailburuak ontzat hartu ditu datuok, eta bide horretan jarraitzeko beharra nabarmendu: «Berrikuntza indartzen badugu, lehiakortasuna ere indartuko dugu. Berrikuntza eta lehiakortasuna gure bizi kalitateari lotuta daude: zenbat eta jasangarriagoak eta lehiakorragoak izan, gure bizi kalitatea orduan eta hobea izango da». Era berean, Iñigo Ucin Innobasqueko presidenteordeak eta Mondragon Korporazioko presidenteak esan du datuek erakutsi dutela COVID-19aren osteko erreakzioa «indartsua eta positiboa» izan dela: «Aurrerantzean ere lehiakorrak izateko eta Euskadin nahi dugun ongizateari eusteko irtenbide bakarra berrikuntza da».

Beste datu batzuk ere aipatu ditu Bilbaok. Enpresei dagokienez, esan du EAEko enpresen %40,5 berritzaileak direla gaur egun. «Enpresa handien %76,6 berritzaileak dira, enpresa ertainen %60,4 eta enpresa txikien %35,9», zehaztu du. Eta Tapiak nabarmendu du, hain zuzen, «enpresa txiki, ertain eta handiei esker» lortu dutela Europako Batasunean posizio ona izatea.

Argitalpen zientifikoek ere gora egin zuten 2021ean: 7.822 egin zituzten, aurreko urtean baino 169 gehiago. «Azken lau urteekin alderatuta, %17 egin dute gora argitalpenek», azaldu du Nuria Gisbert Innobasqueko presidenteordeak eta CIC Energiguneko zuzendari nagusiak. Nazioarteko lankidetzan egindako argitalpenak kontuan hartuz gero, EAEn milioi biztanleko 1.953 egin ziren, EBn baino %60,5 gehiago.

Era berean, patenteen arloan EAEk murriztu egin du EBren batezbestekoarekin zuen aldea. «2021ean, Patenteen Europako Bulegoari 224 patente eskatu zitzaizkion; kopuru hori ere areagotuz doa, baina oraindik badaukagu hobetzeko marjina». Gisberten arabera, datuek «gaitasun zientifiko eta teknologikoa» eta «ezagutza sortzeko gaitasuna» erakusten dute: «Garrantzitsua da gure berrikuntza, zerbitzuak eta produktuak babesteko gai izatea, balioa eman ahal izateko».

Salaberriak gogoratu du EAEko berrikuntza teknologian oinarrituta dagoela. Haren ustez, ona da hori, «lehiakortasun diferentziak» sustatzen dituelako. Hala ere, datuek erakutsi dute oraindik lana dagoela egiteko eta, horretarako, Salaberriak erronka batzuk jarri ditu: «Enpresa berritzaile gehiago izateko lanean jarraitu behar dugu, talentua atxiki eta egungo langileen prestakuntza areagotu».

Profesionalak erakartzeko beharra

Profesionalen kopuruak ere gora egin zuen 2021ean: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 20.800 behargin zeuden berrikuntzaren arloan; hau da, lanean ari ziren biztanleen %2 –2020an, %1,88 ziren–. Horietatik, %36,2 ziren emakumeak. «Andreen zenbatekoa pixka bat jaitsi zen», onartu du Bilbaok. Are, STEM (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika) graduetan izena eman zuten ikasle kopurua ere areagotu zen: %28,8tik %29,7ra.

Nahiz eta langile kopuruak gora egin, txostenaren aurkezpenean parte hartu duten kide guztiek azpimarratu dute ezinbestekoa dela profesionalak erakartzea. «Talentu eskasiari aurre egin behar diogu», esan du Salaberriak. Eta Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako komisarioak bat egin du harekin. Talentu zientifiko eta teknologikoa sustatzea jarri du helburutzat, eta horretarako, beharrekotzat jo du «talentua garatzea, erakartzea eta atxikitzea erraztuko duten faktore guztiak» indartzea.

Tapiak esan du zientzian eta teknologian ez ezik enpresen arloan ere profesional gehiago behar direla. Eta esku artean duten «esperientzia pilotu» baten berri eman du: «Alderantzizko Global Training bat egin nahi dugu, profesionalki garatzera hona etorri nahi dutenak erakarri nahi ditugu; horretarako, enpresa batean kontratu bat eskaini nahi diegu, eta haien egonaldia erraztu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.