Zalantzarik baldin bazegoen Alemaniaren jarreraz, aste honetan argitu dira guztiak. Berlinek orain ontzat jotzen du Europako Batasunak tresnak izatea Txinari dagokionez jarrera protekzionistagoa hartzeko, eta aldaketa handia da hori, oraintsu arte ez baitu nahi izan EBk neurri nabarmenik hartzea Txinaren kontra.
Adibidez, Txinako auto elektrikoei muga zergak jartzearen kontra agertu zen 2024ko urrian, Alemania esportatzaileak Txinako merkatuan zuen sarbidea babestu nahi zuelako.
Baina gauzak aldatu egin dira Txinan; Alemaniako konpainien pisua txikitu egin da hango merkatuan. Horri gehitu behar zaio automobilgintza, Alemaniarentzat horren garrantzitsua den sektorea, kolokan dagoela Txinatik Europara gero eta auto gehiago datozen honetan. Eta ez da Txinaren esportazio handiekin sufritzen ari den industria estrategiko bakarra.Â
Hortaz, Alemaniaren jarrera aldatu egin da. Hori erakutsi du Friedrich Merz Alemaniako kantzilerrak Emmanuel Macron Frantziako presidentearekin batera Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteari astelehenean idatzitako gutunean.
Bultzada Sefcovicentzat
Macronen eta Merzen gutunak biltzen duen berritasunik handiena, Alemaniaren jarrera aldaketa berretsi izanaz gain, tresna juridiko berezi bat aipatu izana da; tresna hori Bruselaren armategira gehituko litzateke, dibertsifikazio tresna berriarekin batera.
Bi agintariek beharrezko ikusten dute EBk kontraerantzunerako tresna bat izatea, «tresna sinesgarri bat Batzordearentzat, erreakzio sistemiko erabakigarri bati bide emango diona [...] neurri indartsuak ezarrita, beharrezkoa izanez gero barne merkatua berehala mozterainokoak».
Tresna horri indarrean jarriz gero, Bruselak automatikoki ezarri ahalko lituzke zigor neurriak gai eta sektore jakinetan, eta EBko herrialdeen gehiengo kualifikatu batek kontra bozkatzea litzateke hori eragozteko modu bakarra.
Gutuna bultzada handia da Bruselarentzat eta Maros Sefcovicentzat. Merkataritza komisarioa bihar joatekoa da Pekinera, eta neurri batean, orain badu mahai gainean erakusteko kartarik baldin eta Wang Wentao Txinako Merkataritza ministroak lur arraroen esportazioez hitz eginez erantzuten badie EBren eskariei.
Erantzuteko gaitasuna
Izan ere, EBk merkataritza gatazkaren bigarren itzulirako pentsatu ditu neurri horiek; nolabait, ez dadin izan Trumpen administrazioak bere muga zergekin egindako hanka sartzearen parekorik. Muga zerga haiei erantzunez, Txinak oso bizkor lortu zuen AEBetako presidentea otzantzea, industriarako eta armagintzarako ezinbestekoak diren lur arraroen esportazioen txorrota itxita.
Horren ostean, Trumpek, izan baliabiderik ez duelako edo izan borondaterik ez duelako, ez du beste jauzirik egin nahi izan Txinarekin duen gatazka komertziala areagotzeko. AEBen eta Txinaren arteko harremanak egonkortu egin dira su eten modukoen bidez, baina Txinaren posizioa hobea da oraindik ere, lur arraroetan duen monopolioari esker.
450Europako Batasuneko merkatuak zenbat kontsumitzaile dituen, milioitan. EBren indar handienetako bat haren merkatuaren neurria da. 450 milioi kontsumitzaileko merkatu oparoa du, eta hartarako sarbidea mugatzeko edo ukatzeko aukerak zer pentsatua eman diezaioke Txinari, gehiegizko ekoizpen ahalmena eta deflazioa tartean diren honetan esportazioak baitira herrialdearen hazkunde iturri nagusia.
Eta ez da berdin gertatzen Europako Batasunarekin? Europa gai izan al daiteke lur arraroen jokaldiari erantzuteko?
Betiko galderak dira, Europari buruzkoak. Gai ote dira 27 herrialdeak jarrera bateratua hartzeko? Frantziak eta Alemaniak erakutsi dute beren nahia, eta aurkeztu da modua. Baina zer aldetan jarriko dira Espainia, Italia eta Hungaria?
Orain arte, hiru herrialde horiek jarrera leunagoa agertu dute Txinari eta haren esportazioei dagokienez. Eta horretan zerikusia du Asiako erraldoiak inbertsio garrantzitsuak egin izanak hiru herrialde horietan, besteak beste, Espainiako eta Hungariako automobilgintza sektorean.
Eta behar bezain jarrera bateratu lortzekotan, jakinda zer abiaduratan ibili ohi diren Bruselan eta Estrasburgon, zenbat denbora beharko luke EBk prest egoteko, tresna eraginkor eta sinesgarriak edukitzeko?
Ikusi beharko da Sefcovic zerekin itzultzen den Pekindik, eta ikusi beharko da urriaren 15eko eta 16ko Europar Kontseilutik zer ateratzen den ere. Hurbiltzen ari da Txinari buruz erabakitzeko ordua.