Bidesariak jartzeko sozietate publikoa sortu du Nafarroako Gobernuak

Nafarbide enpresak kudeatuko ditu kamioiei herrialdeko bost errepide nagusietan ezarri nahi dizkieten bidesariak. Belateko tuneletako obrek hemezortzi milioi euro gehiagoko kostua izango dute, «ustekabeen ondorioz».

Kamioi bat, Zuastiko bidesarian. IDOIA ZABALETA / FOKU
Kamioi bat, Zuastiko bidesarian. IDOIA ZABALETA / FOKU
joxerra senar
2025eko uztailaren 23a
16:02
Entzun 00:00:0000:00:00

Nafarroako Gobernuak Nafarbide sozietate publikoa eratuko du. Lurraldeko bost errepide nagusietan kamioiei ezarri nahi dizkieten bidesariak bildu eta kudeatuko ditu enpresa horrek. Oscar Txibite Lurralde Kohesioko kontseilariaren arabera, «baliabide publikoak modu eraginkorragoan erabiliko dira, eta finantza publikoak sendotuko». 

Aurreko legealdian, pandemiaren garairik gogorrenean, Nafarroako Gobernuak iragarri zuen asmoa zuela 3,5 tonatik gorako ibilgailuei bidesariak jartzeko errepide sareko bost bide nagusietan:  A-15 Leitzarango autobidean, A-10 Sakanako autobidean, Altsasutik Ziordira arteko A-1 autobidean, Castejon eta Cortes arteko A-68 autobidean, eta Iruñea eta Behobia arteko N-121-A errepidean. Orotara, 167 kilometroko sarea ordainpeko bihurtuko da etorkizunean kamioientzat, eta horren aurka daude garraio enpresak eta sindikatuak.

Azken bost urteetan asmo hori gauzatu ez bada ere, apurka pausoak ematen ari dira. Iaz, irailean, Europako Batzordeak oniritzia eman zion egitasmoari, eta orain Nafarroako Gobernuak Nafarbide sortzeko konpromisoa hartu du. Gainera, beste errepideetako bidesariez arduratu liteke etorkizunean, egungo kontzesio kontratua iraungitzen denean.

Belaten, 18 milioi gehiago

Kamioiei bidesariak ezarri nahi zaizkien errepideetako bat N-121 da, eta bertan obretan dihardute Belateko tunelak zabaltzeko. Lan horien adjudikazioan irregulartasunak egon direla salatu du UPNk, eta Nafarroako Parlamentuan sortu den ikerketa batzordean aztergai izango dute herri lan hori. Gaur, Oscar Txibitek onartu du hemezortzi milioi euro handitu direla kostuak, hasierako aurrekontuarekin alderatuta.

Acciona, Oses Construcciones eta Servinabar enpresek osatutako enpresa elkarteari adjudikatu zioten obra hori, 76 milioi euroren truke. Enpresa horietariko bi Cerdan auzian ikertzen ari direnez, susmoak piztu ditu adjudikazio horrek, azken hamarkadako Nafarroako herri lanik garestiena baita. Orain, baina, are garestiago izango da. Oscar Txibiteren arabera, hemezortzi milioi euro gehiago beharko dituzte. «Nafarroan orain den obrarik konplexuena da. Ustekabeen ondorioz, segurtasuna handitu nahi dugu, egitura bera segurtatu nahi dugu, eta modua egin Ultzamaren eta Bidasoaren ibai arroetan ingurumen kalterik ez egiteko», arrazoitu du.

UPNko Cristina Ibarrolak gogor kritikatu du azken hilabeteetan ezkutatu izana kostuak handitu direla, horren inguruko txosten bat egon zelako duela zazpi hilabete. «Zergatik estali dute hori? Ez dira gai galdera horri erantzuteko, agerikoa baita gardentasun falta». Harrigarria iruditzen zaio gobernuak normaltzat hartzea hainbesteko kostu igoera, eta lotsagarritzat jo du irregulartasunak ukatzea. Haren ustez, ardura politikoak argitu beharko lirateke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.