Bihurgunez beteriko errepidea erretirora iristeko

Irailean ekingo diete berriro garraiolarien erretiro adina aurreratzeko negoziazioei, Madrilen. Euskal garraiolariak kexu dira, prozesua asko luzatzen ari baita.

Kamioiak AP15 autobidean, Zuastiko ordainlekuan. IDOIA ZABALETA / FOKU
Kamioiak AP15 autobidean, Zuastiko ordainlekuan. IDOIA ZABALETA / FOKU
gotzon hermosilla
2026ko irailaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Okerrik ezean, irailean ekingo diete berriro garraiolarien erretiroa aurreratzeko Madrilgo negoziazioei. Espainiako Gobernuak, garraio enpresa nagusiek eta UGT eta CCOO sindikatuek hainbat txosten izango dituzte hizpide; Espainiako Gizarte Segurantzarena eta Lan Ikuskaritzarena izan da azkena, uztailaren amaieran argitaratutakoa. Txosten guztietako emaitza antzekoa da: adituek aitortzen dute kamioilarien lana «arriskutsua eta nekeza» dela, eta erretiro adina aurreratzea gomendatzen dute. Baina txostenak ez dira lotesleak, eta negoziazio mahaian ebatziko da auzia.

Prozesuak luze jo du. Gutxienez 2024ko otsailetik dago martxan; orduan, Espainiako Gobernuak estreinako aldiz adierazi zuen prest zegoela gaia aztertzeko. Ikusita aferak ez zuela aurrera egiten, CCOOk eta UGTk greba deialdia egin zuten 2024ko amaieran: sei greba egun urritik abendura, eta greba mugagabea abenduaren 23tik aurrera. Gobernuaren adierazpen baten harira, deialdia bertan behera utzi zuten, baina, geroztik, bilerak, txostenak eta agiriak bata bestearen atzetik iritsita ere, arazoak bere horretan dirau.

Urtebete igaro zen sindikatuek eta patronalak eskaera aurkeztu zuten arte. Gobernuak sei hilabeteko epea eman zion bere buruari eskaera horri erantzuteko, baina, epe hura bukatu, eta ez zen fruiturik izan. Udaren aurretik, UGTk greba deialdia egin zuen aurtengo ekainaren 8rako; deialdiak Leon XIV.a aita santuaren bisitarekin bat egin behar zuela eta, ekainaren 22ra atzeratu zuten. Geroago, bertan behera utzi zuten, Espainiako Gobernuaren idatzizko konpromiso bat tarteko. Auziak irailean izango du hurrengo atala.

«Garraiolariak falta direla esaten dute, eta, aurretik erretiratzeko eskubidea aitortzen bazaie, arazo hori areagotu egingo da»

JON ALTUNA Hiru sindikatua

Euskal Herritik, garraiolariek etsipenez eta haserre puntu batez ikusten dute prozesua. Erretiro adina aurreratzea euskal kamioilarien aspaldiko eskakizuna da, Hiru sindikatuko Jon Altunak gogorarazi duenez: «Ez dago zalantzarik: garraiolarien lanbidea arriskutsua da, eta beste lanbide batzuetan aitortzen den eskubide hori izan beharko lukete. Baina bi urte igaro dira gai honetaz hitz egiten hasi zirenetik, eta ez da aurrerapausorik egon».

Presarik ez

Sindikatuak uste du eragile nagusiek ez dutela presa handirik auzia konpontzeko, horrek sakoneko arazoa azaleratuko bailuke: sektoreko errelebo falta, lan baldintza kaskarrek eragindakoa: «Sindikatuan zortziehun bazkide inguru daude, gehien-gehienak erretiratzeko adinetik oso gertu. 50 urtetik beherakoak banaka batzuk baino ez dira. Sektorean zer lan baldintza dauden ikusita, inor ez da hasten garraioan. Garraiolariak falta direla esaten dute, eta, aurretik erretiratzeko eskubidea aitortzen bazaie, arazo hori areagotu egingo da. Beraz, gobernuak ez du presarik».

Altunaren iritziz, sektoreko lan baldintza eskasak dira erreleborik ez izatearen arrazoi nagusia: «Euskal Herrian garraiolari asko izan ditugu, baina gaur egun garraiolariek eurek ez dute nahi seme-alabak lanbide horretan hastea, eta etxetik kanpo egun mordo bat ematea huskeria bat irabazteko. Eta erregaien igoerak ere ez du laguntzen. Garraiolariak bere poltsikotik aurreratu behar du igoera hori, eta, teorian, gero aldea bezeroari kobratu behar dio, baina hori ez da beti hain erraza, batez ere bezero askorentzat eta enpresa handientzat lan egiten dutenen kasuan».

Horregatik, Hiruk uste du azken urteotako prozesua «zentzugabekeria galanta» izan dela: «Denek eskuratu nahi dute domina, baina ez dago arazoa konpontzeko benetako borondaterik. Auzi honek seriotasun handiagoa eskatzen du».

Gobernuen laguntzak

Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak diru laguntza batzuk ematen dituzte jarduera utzi nahi duten garraiolarientzat, baina, Altunak azaldu duenez, «oso eskasak» dira: «Espainiako Gobernuak 30.000 euro inguruko laguntza ematen du, eta ez dago txarto, baina zaharrenetatik hasten da laguntza horiek banatzen, eta 65 urtetik beherakoentzat ez da dirurik gelditzen. Jaurlaritzaren laguntza, berriz, askoz txikiagoa da, eta hura ere ez da nahikoa kotizatzeko eta duin bizi ahal izateko».

Horren emaitza izaten da praktikan kamioilariak 65 urteak «ongi beteta» erretiratzen direla, horrek dakarren guztiarekin: «Argi dago adin batetik aurrera istripuak izateko arriskua handitu egiten dela, bai langileentzat eta bai errepidean dauden gainerakoentzat».

garraiolariak
Garraiolariak erretiro aurreratua eskatzen, martxoan, Madrilen. MARCOS VILLAOSLADA / EFE

Espainiako Gobernuak ofizialki onartuko balu garraiolarien lana «arriskutsua eta nekeza» dela, hurrengo atalari heldu beharko liokete negoziazio mahaian: ezarri beharreko koefiziente murriztaileak zehaztea. Kotizatutako urte kopuruari aplikatzen zaion zuzentzaile bat da koefiziente hori, erretiro adina aurreratzeko aukera ematen duena, eta dagoeneko indarrean daude arriskutsutzat jotako beste zenbait lanbidetan. Baliteke eztabaida horrek are gehiago luzatzea prozesua.

Horregatik, garraiolariek uzkur begiratzen diote Madrilgo negoziazioari: «Nik uste dut garraiolariek ez dutela itxaropen handirik, eta erretiratzeko adina ondo beteta daukatenean iritsiko zaiela gehienei erretiro aurreratua. Etortzen bada, pozgarria izango da, baina berandu etorriko da. Eta, atzera-aurrera, adarretatik heldu beharko diote benetako arazoari, hau da, sektoreko egoera prekarioari».

22

Euskal Herrian zenbat garraiolari hil diren istripuz 2025ean. Aurten, 11 garraiolari hil dira orain arte. Ez dute guztien adina jakinarazi, baina adina ezaguna den bederatzietatik bost 56 eta 61 urte bitartekoak ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA