Iaz halako bi esku hartze egin ditu Jaurlaritzak laneko iruzurraren postontziari esker

Iaz 58 jarduketa egin zituen Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak, eta aurten 117 egin ditu. Aukera horren berri emateko kanpaina bat jarri du martxan.

Elena Perez Barredo eta Iciar Gonzalez, gaur, Gasteizen. IREKIA
Perez Barredo eta Iciar Gonzalez, gaur, Gasteizen. IREKIA
Paulo Ostolaza.
2025eko abenduaren 3a
14:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urtez urte gora egiten ari da Eusko Jaurlaritzak laneko iruzurraren postontziaren bidez jasotzen dituen salaketen kopurua, gehienak lan kontratu okerrekin eta ordutegien erregistro faltarekin lotutakoak. Tresna horren helburua da langile zaurgarriei bide bat eskaintzea laneko irregulartasunen edo arriskuen prebentzio faltaren berri emateko, modu anonimoan.

Postontziak zazpi urte daramatza funtzionatzen, baino Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak uste du beharrezkoa dela tarteka haren berri ematea, eta horregatik aurkeztu du gaur Lan egiteko eskubidea duzu. Eskubideekin lan egitekoa. Defenda itzazu kanpaina. Azaldu dutenez, xede dute «salaketa jartzeko beldurra murriztea eta ahalduntze mezu bat eskaintzea, edozein langilek erakundeen babesa izango duela bermatzeko».

Postontzi horri esker, 2023an 42 jarduketa egin zituen Jaurlaritzak, iaz 58, eta aurten, 117. Horietako 30 errekerimendu bihurtu dira, eta 11, arau hauste. Elena Perez Barredo sailburuak azaldu duenez, salaketa gehienek lotura dute lan kontratuak Gizarte Segurantzan altan ez ematearekin edo ordutegi erregistroen faltarekin, aparteko orduak eta lan egunak kontuan ez hartzearekin.

Agerraldian, Perez Barredok gogorarazi du postontzia ez dela langileek eta sindikatuek irregulartasunak eta iruzurrak salatzeko duten bide bakarra. Denuntzia modu anonimoan jartzeko balio du postontziak, «baina ez du banakako erantzunik bermatzen, ezta ikerketa bat zuzenean irekitzea ere». Salaketa identifikatuta jarri nahi izanez gero aurrez aurre, telematikoki edo postaz jartzea gomendatu du.

Iruzurrezko kontratuak

Kanpainaz gain, Jaurlaritzak jakinarazi du Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Ikuskaritzak lan kontratazioko bigarren txoke plana jarri duela abian, eta haren emaitzen berri eman du: irregulartasun posibleak atzeman dituzte 2.558 lan kontratutan, eta 1.281 jakinarazpen bidali Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresetara. Perez Barredok kontatu du irregulartasun horiek «iruzurraren aurka borrokatzeko tresnari esker» topatu dituztela, hau da, Espainiako eta EAEko lan ikuskaritzen elkarlanari esker. 

Irregulartasun gehien aldi baterako kontratazioetan aurkitu dituzte, gisa horretako kontratuak «sistematikoki eta behin eta berriz» erabili direlako langile berberekin. Arau hauste horrekin lotuta bidali dituzte jakinarazpenak 867 enpresatara.

1.281

 

Lan Ikuskaritzak jakinarazpenak bidali dizkien EAEko enpresak. EAEko Lan Ikuskaritzak irregulartasunak topatu ditu 2.558 lan kontratutan, eta, ondorioz, jakinarazpenak bidali dizkie 1.281 enpresari.

Aldizkako kontratu finkoetan ere irregulartasun ugari topatu ditu lan ikuskaritzak: 258 enpresari bidali die jakinarazpena, 569 kontratu oker erabiltzen ari direla ebatzita. Jaurlaritzak azaldu duenez, halako kontratuak izan arren etengabe edo ia etengabe dabiltza beharrean langile horiek, eta horrek ez du bat egiten «aldizkako kontratu finkoaren izaerarekin».

Azkenik, aldizkako kontratuetan legezko epeak gainditzeagatik beste 156 enpresari eman die abisua lan ikuskaritzak.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.