Hidrogeno berdearen hedapenean rol garrantzitsua jokatu dezake Bilboko portuak. Hala ebatzi du Orkestra Deustuko Unibertsitatearen lehiakortasun institutuak. Gaur argitaratu duen txosten batean ondorioztatu duenez, Bilbok badu gaitasuna hidrogenoaren «hub logistiko» bilakatzeko, hau da, hornikuntza katearen nodo nagusi bilakatzeko. Portuak, azken urteetan, zenbait pauso eman ditu bide horretan.
Orkestraren arabera, Bilbo lotune egokia izan daiteke hidrogeno berdea eskaintzen dutenen eta eskatzen dutenen artean, konexio onak dituelako lurrez zein itsasoz, eta azpiegitura egokiak ere bai ontziratu gabeko solidoen, likidoen eta GNLaren logistikarako.
Txostenean diote hidrogenoa kontsumitu dezaketen jarduera ekonomiko ugari daudela portuaren inguruan, energia eskari handia dutenak eta nekez deskarboniza daitezkeenak
Horretaz gain, txostenak dio portuak abagune bikaina duela hidrogeno berdearen living lab bat bihurtzeko, eta hausnarketa prozesu bat jarri beharko lukeela martxan helburu horri begira. Beste modu batera esanda, Orkestrak proposatu du Bilboko portua hidrogenoari buruzko proiektuen erakusleiho bilakatzea, aurrez ere esperientzia handia duelako antzeko proiektuekin. Besteak beste, hauek aipatu ditu: erregai sintetikoentzako dituen azpiegiturak, inguruan garatzen ari diren elektrolizatzaileen proiektuak —Petronorren asmoa da aurten 100 megawatteko bat eraikitzen hastea— eta hidrogeno berdearen korridoreak osatzeko nazioartean sinatutako akordioak.
Portuaren inguruan hidrogenoa kontsumitu dezaketen jarduera ekonomiko ugari daude, hala nola erregaien fintzea, industria kimikoa, amoniakoaren eta metanolaren ekoizpena, siderurgia, galdaketa eta zementua. «Jarduera horiek energia eskari handia dute, eta nekez deskarboniza daitezke. Hidrogenoak aukera emango die berotegi gasen emisioak murrizteko», dio txostenak.
Lehenik bertakoak
Eramaile jakin batzuk hornitzeko azpiegiturak badaudela dio Orkestrak, eta lehen fasean haien eskariari erantzuteko erabili beharko litzatekeela hidrogenoa. Soberakinak izanez gero, ordea, Bilbok Europara esportatzeko konektibitate ona duela ere adierazi du.
Azkenik, txostenean jaso dute Bilboko portuan jada badaudela hidrogenoa banatzeko abiapuntu gisa erabil daitezkeen azpiegiturak, eta horiek lagungarri izan daitezkeela hidrogenoaren hedapenaren onespen soziala lortzeko.