Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza akordio batera iritsi dira gaur arratsaldean, eta aurrerantzean Bilboko Portuko Agintaritza arduratuko da merkantzien terminalaz (Santurtzi, Bizkaia). Eskumen aldaketa egiteko, administrazio jarduerak sustatuko dituzte datozen hilabeteetan, eta azaldu dute terminal hori agintaritzaren esku geratuko dela. Angel Victor Torres Espainiako Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko ministroak eta Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak itxi dute akordioa, Espainiako Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Aldebiko Lankidetza Batzordean.
Hala, Bilboko Portu Agintaritza terminal horren titularra izango da, eta kudeaketa ere bere gain hartuko du. Bestalde, jabetza publikoko lursailetako edukiontziak mugitzeko lanen esparrua ere agintaritzarena izango da aurrerantzean.
Aldaketak migrazioan
Migrazioaren arloan ere berritasun bat iragarri dute bi mandatariek: Migrazioa Koordinatzeko Aldebiko Azpibatzordea sortzea erabaki dute. Bi administrazioak egongo dira bertan, eta migrazioaren bueltako proposamenak egin eta aztertuko dituzte.
Afera hauek izango dituzte aztergai, besteak beste: atzerritartasun arloko baimenen kudeaketa, jatorriko kontratazioa eta migrazio arloko lan politika, atzerritarrentzako zentro itxien kudeaketa eta abar.